Amaiur: «Gure bidea egitea da aukera bakarra»

Koalizioak dio euskal eragileek adostu behar dutela esparru berria eta jaso behar duela erabakitzeko eskubidea

Larreina, Mendizabal eta Enbeita, Donostian, atzo . JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2013ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Amaiur koalizioaren iritziz, «Euskal Herriko instituzioen burujabetza» handitu nahi bada, ez dago beste biderik. «Gure herriari aukera bakarra gelditzen zaio: gure bidea egitea». Euskal Herriak Espainiako Estatuarekiko «harremanetarako esparru berriak» eraikitzea «gero eta beharrezkoagoa» dela uste badu ere, Espainiako Gobernuaren jarrera zein den ikusirik «alferrikako» deritzo harekin negoziatzeari Hego Euskal Herriko estatus politiko-juridikoaren aldaketa. Alde bakarreko bidea proposatu du, beraz, horretarako; bidea Euskal Herriko eragileen artean adostu behar dela dio, eta azpimarratu du erabakitzeko eskubidea izan behar duela oinarrian. Kataluniakoa aipatu gabe, baina hangoaren oso antzeko bide bat proposatu du Espainiako Gorteetan lan egiten duen koalizio subiranistak.

Donostian eginiko agerraldi batean, PPren gobernuaren bi urtekoa aztertu dute Rafa Larreina eta Onintza Enbeita diputatuek eta Amalur Mendizabal senatariak. «Hiru hitzekin» laburbildu dute Mariano Rajoyren gobernuaren jarduna: «Iraganerako itzulera, ukazioa eta inposizioa». Egoera horretan, koalizioak itxitzat eman du EAEko Estatutuarekin hasitako bidea, eta «porrota» izan dela azpimarratu du, Eusko Jaurlaritzari mezua igorriz. «Gobernua ez dago estatutua betetzeko bidean jarria, euskal instituzioen burujabetza gero eta gehiago murrizteko asmotan baino». Hori irudikatzeko, azken bi urteotan hartutako hainbat neurri azpimarratu ditu: besteak beste, Zigor Kodearen erreforma, Herritarren Segurtasunerako Legea eta Abortuaren Legea. «Espainiako Estatua eskubideak eta askatasunak txikitzen ari da, printzipio ekonomiko neoliberalen eta frankismo beltzenetik herentzian hartutako moral faltsuaren alde». Hala, egoera ikusirik, euskal gizarteak «aukera bakarra» duela berretsi du, eta Madrilgo gorteetan lanean jarraituko duela herritarren erabakitzeko eskubidea gauzatu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.