Ikastolentzako konponbide bat lantzen ari da suprefeta

Seaskaren ustez, suprefetaren zirkularra ez da aitzinamendu bat, «legea oroitaraztea baita zirkular baten funtsa»

Frantziako Gobernuaren joera salatzeko antolatu Manifesta. NAHIA GARAT.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2014ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Iaz hainbat ikastolaren sortzea blokeatu ondoren, «aterabide orokor bat» lantzen ari direla jakinarazi du Patrick Dallennes Baionako suprefetak. Konkretuki, zirkular bat adosten dabiltza, eta hemendik hilabete eta erdira aurkeztu behar lukete testua. Herenegun eman zion horren berriAFP informazio agentziari. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak dio «hitz ederrak» badiren arren soluziorik ez dela egonen: «Zirkular batek egiten duen gauza bakarra da legea oroitaraztea; Falloux legea hor deino ez da aterabiderik». Falloux legeak debekatzen du diru publikoa ematea hezkuntza pribatuko egoitzak diruztatzeko. Lege hori eskutan harturik dituzte Hendaiako, Beskoitzeko, Arberoako eta Lekorneko ikastola proiektuak blokeatu suprefeta eta prefetak. Urtarrilean, auzitara eramanen dute Beskoitzeko lur publikoaren erabakia. Gorostiagak oroitarazi duenez, «errealitatean bide hori dute harturik prefetak eta suprefetak».

Hezkuntza Kodea gaurkotuz

Zirkularraren nondik norakoen berri eman dio Dallennesek AFP-ri: «Hezkuntza Kodearen irakurketa gaurkotu bat landu dugu». Hori marrazteko orduan, jurisprudentzia ikertzeaz gain, kontuan hartu dituzte legaltasunaren kontrolaz arduratzen den eskualde arteko polotik jaso iritziak. Frantziako Gobernua ere galdekatu dutela zehaztu du.

Ikastola berriak sortzean diru publikoa edota lur publikoak jaso ahal izateko, bi bide aztertzen dabiltza: batetik, herriko lur pribatu baten alokairua posible egitea, eta, bestetik, errenta baten truke, lur publiko bat utzi ahal izatea.

Proposamen horiek tokiko elkargoen zuzendaritza orokorraren eskutan dira gaurko egunean. Zirkular horrekin aterabide bat lortzeko «esperantza ona» duela dio Dallennesek. Horrelakorik ez du sinesten Paxkal Indo Seaskako presidenteak: «Zirkular horrek ez du ezer konpontzen, galdetzen dugunari ez du erantzuten; lege geriza bat da benetako aterabidea».

Pierre-Andre Durand departamenduko prefeta, Dallennes bera eta gai horretan espezializatutako funtzionario batzuk dira testuaren oinarrian. Suprefetak zehaztu duenez, murgiltze ereduan dabiltzan eskola guztientzat balio behar luke zirkularrak. Aterabide orokor bat izaki, «dosierrak ez lirateke gehiago banan-banan ikertuak».

Seaskak Baionan antolatu IkasTalo ManiFesta mobilizaziotik bi egunetara etorri da suprefetaren berria. Ikastolentzako eta orokorki murgiltze ereduan dabiltzan eskola guztientzat lege geriza galdegin zuen Seaskak, beste behin ere, IkasTalo ManiFestan. Parlamentari batzuekin harremanetan da Seaska, eta astelehenean elkartuko dira berriz ere, lege proposamen bat lantzeko helburuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.