Espetxean, bisitaren irrikaz

Presoek beren bizitzara itzultzeko egiten duten borroka da urtarrileko manifestaziorako egin duten 'spot'-aren muina

Atzo, Donostian aurkeztu zuten Denbora film laburraren irudi bat. BERRIA.
Donostia
2012ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Presoa espetxean dago bisitaren zain; bikotekidea sartu da gelan, eta elkar besarkatu dute biek. Argazki bat du bikotekideak ezkutatuta, eta lagunen irudia erakutsi dio presoari; irri egin du. Hurrengo bisitan, bikotekidea haurdun dago, eta sabela laztandu dio maitasunez espetxeratuak. Hirugarren bisitan, jaioberria du besoetan neskak, eta presoak arduratuta galdetu dio traumarik sortuko dion haurrari aita espetxean ezagutzeak. Umeak bost urte inguru izango ditu azken irudietan; elkarrekin jolastu ostean, aitak manifestaziora joango ote diren galdetu die bi senideei. Haurrari begira esan du «kaleak bete» behar direla «kartzelak husteko», eta lainoa edonora doala baina beraiek herrira joango direla. Amaitu da bisita.

Parot doktrina ezarri dioten edozein preso izan liteke irudietako protagonista, bisitaren zain irrikaz dagoena. «Gaiaren zailtasuna» kontuan izanda, presoek kartzelan duten egoera, eta bisitek sortzen dieten zirrara «era poetikoan» islatu nahi izan dute egileek. «Presoa kartzelan dagoenean bere mundutik kanpo dago. Bisita iristen den unean ematen zaio bere lehengo bizitzara itzultzeko aukera, bere bizitza berreskuratzekoa; beraz, gauza guztiak ahalik eta modu apasionatuenean bizitzen saiatuko da», azaldu du film laburraren zuzendari Lander Garrok. Filmean zirrara hori islatu nahi izan dute, eta baita bizitzako bi mugarri garrantzitsu iruditzen zaizkien maitasuna eta aitatasuna ere. Espetxeratuak bere lehengo bizitzara itzultzeko «borrokatzen» duela azaldu du Garrok.

Denbora izena jarri diote film laburrari. Denbora pertsona ororen bizitzan da garrantzitsua, eta hori da preso bati epaileak «kentzen diona», Garroren esanetan. «Denbora ez da presoaren esku egongo, ezta bizitza ere, beraz. Kartzelan bizitza dago, kartzelan pertsonak daude», nabarmendu du. Denbora hori aurrera doala ikus daiteke irudietako ekintzetan eta Gotzon Sanchez aktoreak antzezten duen presoaren bizarrean. «Bizarrak sinbolizatzen du presoak kartzelan igaro duen denbora», adierazi du Eider Rodriguezek, filmaren gidoilariak.

«Oso ohikoa da bisitara joan edo aurrez aurrekoetara joan eta ezer gertatu ez balitz bezala sentitzea. Bai bisitaria eta bai presoa oso ongi daude, goxoa da. Baina, egia da azkenean urteak pasatzen direla eta urte horietan gauza asko gertatu direla ikusten dela», azaldu du Rodriguezek. Gotzon Sanchez aktoreak, protagonistak, adierazi du «presoak bisitaren unea» duela soilik bizitzeko, «pasioarekin» egiteko. «Ziurrenik, presoak ez du pentsatuko non dagoen, baizik eta norekin eta zertan ari den». Sanchezek uste du denborarekin jokatzea euskal presoen alde Herrira-k antolatutako urtarrilaren 12ko manifestazioan egingo den eskaera batekin zeharo lotuta dagoela: Parot doktrina kentzearen eskaerarekin. «Jarraitzen dute jende askoren denbora administratzen, berez legeak hori ez dioenean».

urtarrilak12.com webgunean ikus daiteke bideoa, nahi duen orok sare sozialen bitartez zabaltzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.