Altsasuko Ospa Eguna, guardia zibilen begiradapean

Bertso bazkaria izan ezik, ekitaldi guztiak debekatu ditu Espainiako Gobernuko ordezkaritzak

Altsasuko kaleak guardia zibilez beteta egon ziren atzo. RAUL BOGAJO / ARP.
urtzi urkizu
2013ko irailaren 1a
00:00
Entzun
«Segurtasun indar okupatzaileek alde egiteko» eskatzeko, Ospa Eguna egin zuten atzo Altsasun (Nafarroa), ehun guardia zibil baino gehiago herriko kaleetan ziren bitartean. Carmen Alba Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariaren aginduz, goizetik bete zen herria guardia zibilez. Egun osoan, gainera, kontrolak jarri zituzten herriaren irteeran eta sarreran. Hala ere, herritarrek umorez ospatu zuten jaia.

Ekitaldirik gehienak bertan behera utzi zituzten antolatzaileek, ordezkaritzatik jasotako debekua dela eta. Garazi Urrestarazu alkateak ostegunean jaso zuen debekua, eta udalak adierazi zuen ez zegoela inolako arrazoirik ospakizuna debekatzeko. Udal gobernuak nabarmendu izan du festa giroa oinarri duen ekitaldia dela Ospa Eguna, eta, horren adierazgarri, Altsasuko jaien egitarauan ageri da. Hirugarren urtez, Ospa Eguneko ekitaldiak udalbatzarrean onartu ziren, eta orduan inork ez zuela oztoporik jarri azaldu du egunotan alkateak. «Ezta PPko zinegotziak ere», esan zuen Urrestarazuk.

Bertso bazkaria zen debekurik ez zuen ekitaldi bakarra, eta 200 herritar inguru mahaiaren bueltan jai giroan izan ziren hainbat orduz. 30 guardia zibil zituzten begira, baina herritarrek jai giroan jarraitu zuten. «Munduko bazkaririk luzeenetakoa izan da, eta inoizko militarizatuena», esan du Ruben Imaz udal gobernuko zinegotziak.

Arratsaldean egitekoak ziren mani-falla protesta eta falla nagusiaren erretzea bertan behera utzi zituzten, eta, horren ordez, elkarretaratzea egin zuten elizaren aurrean. Herritar ugari bildu ziren, Errepresiorik ez! Alde hemendik. Utzi pakean Altsasu pankartaren atzean. Ondoren, jai giroak jarraitu zuen erdialdean. Plazan herri dantzak izan ziren, tartean polka eta zortzikoa. Adin guztietako ehunka herritar festaz gozatzen aritu ziren iluntze partean. Bitartean, guardia zibil gehiago iritsi ziren Altsasura.

«Guardia zibil mordoa bidali dituzte Altsasura, tartean kamionetak eta helikopteroak. Eguerdian asko baziren, iluntzean oraindik gehiago iritsi dira», azaldu du Imazek. Goizean guardia zibilek identifikatu egin zuten Imaz.

Bestalde, denbora luzez kamerekin grabaketak egiten aritu ziren guardia zibilak. Hainbat gurasok aurre egin zieten, jolasean ari ziren haurrak grabatu zituztelako. Tentsio une batzuk izan ziren tarte horretan, baina ez zenliskarrik izan.

Madrilgo egunkari batek atzo bere edizio digitalean argitaratu zuenez, Espainiako Barne Ministerioak probak bilduko ditu Bilduren aurka.

2011n Espainiako Juan Carlos I.a erregearen parodia egin zuten Ospa Egunean. Eta iaz kartoizko kuartel bat egin zuten, guardia zibilen kanporatzea irudikatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.