Lurralde Kontraturako ekarpena, maiatzerako

Garapen Kontseiluak arloetako lan bilkurak eginen ditu, helarazteko emaitza Hautetsien Kontseiluari

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Herri elkargoetarako eta herriko etxeetarako hauteskunde aroak ez du Lurralde Kontratua berritzeko xedea geldituko, eta Garapen Kontseiluak maiatz bukaeran plazaratuko du ekarpena. Horrela jakinarazi zuten atzo Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak, Jean-Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko presidenteak eta Battitta Boloki Garapen Kontseiluko zuzendariak. Hauteskundeek arraberrituko dute Hautetsien Kontseiluaren osaketa, eta logikoagoa da aldaketa horiek barneratuta ekitea ondoko sei urteetarako plangintzari. Lurralde Kontratuak 2014-2020ko epea du helburu, eta aurtengoa trantsizio urtea izanen dela onartu dute alde guztiek. Indarrean dagoen Lurralde Kontratuak 380 milioi euroko aurrekontua zuen. Estatua, Akitania eta Kontseilu Nagusia lotzen ditu. Horren baitan kokatzen da hitzarmen berezia, Ipar Euskal Herriari dagozkion gai jakin batzuk hartzen dituelako kontuan.

Preseski, Hitzarmen Kontratua nork izenpetuko duen izanen da argitu beharreko lehen puntua. Izan ere, Ipar Euskal Herriak ez du ezagutza instituzionalik. Hautetsien Kontseilua bera, Pays izendapenaren ondorioz, elkarte bat da, eta hark izenpetu zuen azken Lurralde Kontratua. Pays egitura indarrean dago oraindik, baina ez dago argi Parisek egitura hori mantenduko duen engoitik. «Elkartea izanik ere, horrek dituen muga guztiekin, Hautetsien Kontseiluak izenpetu beharko du hitzarmen berezi hori», erran du Laserrek.

Hamarretik lau

Lurralde Kontratu berrian hamar ildo atxiki nahi dituzte Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak. Lehen seiak Estatua-Eskualdearen arteko kontratuari dagozkio, eta honako atal hauek dira: goi mailako ikasketak eta ikerketa; biharko ekonomia, mugikortasuna, teknologia berrien hedapena eta Internet jarioa lurralde osoan bermatzea; trantsizio ekologikoa eta energetikoa; enplegua; prestakuntza. Bereziki Ipar Euskal Herri osoan garatu nahi dituzten lau atalak honako hauek dira: euskara, kultura, etxebizitza eta zerbitzuen eskuragarritasuna.

Gogoeta hori era parte hartzailean burutu nahi dutela azpimarratu zuen Etxetok. Izan ere, eragile eta norbanakoek osatzen dute gogoeta esparru hori, eta gaur egun, kontratu berria lantzeko xedean, 300 dira dagoeneko parte hartu dutenak. Heldu den astean plantan ezarri nahi ditu Garapen Kontseiluak lehen lantaldeak. Ekonomia, energia eta ekologia trantsizioa eta goi mailako ikasketak izanen dira abian ezarriko dituzten arloak.

Hitzarmen Bereziaz egindako balorazioa abiapuntutzat hartu nahi dute, Lurralde Kontratua osatzerakoan. Alta, aldaketa nabarmen bat sartu behar dela jakinarazi du Etxetok, hain zuzen ere, etengabeko ebaluazioa. Onartuko diren erronketan helburuak finkatu nahi dituzte, eta horiek lortzen ari diren jakiteko, bitarteko neurgailuak ezarri. «Ezin gara Hitzarmen bukaeraren beha egon jakiteko betetzen diren finkatutako helburuak; zuzentzeko tresnak behar ditugu». Elementu hori ez zen ageri orain artean indarrean egon den hitzarmenean.

Zailtasunak

Bai Laserrek eta bai Etxetok onartu dute zalantza handiak egon direla Lurralde Kontratua arraberritu edo ez erabakitzeko tenorean. Eragile guztiek indar handia egin zuten lurralde elkargoaren aldarria gorpuzteko lanetan. Bi urteko lanaren emaitza Parisek emandako ezezko borobila izan da. «Hori dela eta, bi jokabide genituen: gure deliberoari atxiki eta uko egitea Lurralde Kontratua arraberritzeari, edota arduraz jokatu eta lanean segitzea, ondoko xedea gure beharren araberakoa izan dadin». Horren aldeko parioa egin dute bi kontseiluek. Baina estatuak ez du neholako bermerik eman. Krisialdi ekonomikoa dela medio, ez dakite funtsa emendatuko den edo apaldu, desoreka handiagoa sortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.