Jaurlaritzak dio New Yorken desadostasunak izan zituela

Euskal Etxearen mendeurreneko ospakizunean debekatu egin zuen Izagirreren zorion agurra erakustea

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Egun handia zuen igandean New Yorkeko Euskal Etxeak: mendeurren ospakizuna. Baina, ezustean, garraztu egin zen festa. Iñigo Urkullu lehendakaria gonbidatu berezi gisa aritzekoa zen. Ilusioz itxaroten zuten AEBetako euskal komunitateko kideek. Euskal instituzioetako beste hainbat kide ere gonbidatuta zituen Euskal Etxeak, eta horietako batek, bertara joan ezin zela eta, bideoz grabatuta bidali zuen zorion agurra New Yorkera: Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak. Urkulluren taldeak agur hori ez erakusteko eskatu zien antolatzaileei. Euskal Etxekoek erantzun zuten guztiak helarazi nahi zituztela, eta lehendakariaren ordezkarien hordagoa jaso zuten: Izagirreren zorion mezua plazaratzen bazen, Urkulluk ez zuen parte hartuko ekitaldian. Azkenean, alkatearen mezua ez erakustea onartu zuen Euskal Etxeak; gogoz kontra, eta tentsioz gainezka. Liskarraren ondorioz, ordubete berandu iritsi zen Urkullu ospakizun gunera, ekitaldia ordubete berandu hasi zen, eta Aitzol Azurtza Euskal Etxeko presidenteak ez zion harrerarik egin.

«Mendeurreneko galaren gidoian desadostasunak» izan zirela esan du Jaurlaritzak EITBri egindako adierazpenetan, baina, gero, elkar ulertu zutela: «Azkenean, nahikoa adostasun lortu zen Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu duen egitasmo horrek izan behar duen instituzio errespetuarekin eta lehendakariak Euskadiko ordezkari goren gisa parte hartzen duen ekinaldi bat egiteko».

Urkullu izan zen euskal instituzioen izenean ospakizunean izan zen ordezkari bakarra. Baina, lehendakariaz gain, Yolanda Barcina Nafarroako gobernuburua ere gonbidatu zuen Euskal Etxeak; baita Patxi Lopez eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak ere; eta Bilbo, Gasteiz eta Donostiako alkateak ere bai. Gonbidapen horri erantzunda bidali zuen mezua Izagirrek. Bertan, Euskal Etxea mendeurrenagatik zoriondu, eta euskal etxeek «euskara zein euskal kultura zabaltzeko» egiten duten «lan izugarria» eskertzen du Izagirrek, Donostiako alkate dela azalduta. Besterik ez.

«Norbaitek ez zuen ondo ulertu», adierazi du Euskal Etxeko presidenteak lehendakariarekin izandako liskarrari buruz: «Ez zen lehendakaria omentzeko ekitaldia, mendeurrenerako gure festa baizik». Diasporak «Euskal Herriaren erakusle» izan behar duela uste du eta, beraz, Euskal Etxearen ospakizuna ere ahalik eta pluralena izatea nahi zutela.

EH Bilduren hitzetan, «EAJk duen obsesioak eta paranoiak soilik azaltzen dute Urkulluren jokaera». Legebiltzarrean azalpenak eman ditzala eskatu dio lehendakariari, «larria delako Eusko Etxeari mehatxu egitea eta bere festa boikoteatzea, eta agerian utzi duelako ez duela onartzeneuskal errealitate politikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.