PSC egoera nahasian utzi du erreferendumaren arbuioak

Ezezkoa zuzentzeko eskatu diote kritikoek Pere Navarrori, baina zuzendaritzako kide bat zigortzea erabaki dute

Xabin Makazaga.
2013ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
2014ko azaroaren 9an Katalunian independentziari buruzko erreferenduma egiteko hitzarmenak jarrerak argitzera behartu ditu alderdi politikoak, eta beste astindu bat eman dio PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiari. Erabakitzeko eskubidearen alde direnen taldetik bereiztea erabaki ondoren —Espainiako Gobernuarekin adostasuna lortzea lehenetsita—, ildo horri berretsi zuen igandean Pere Navarrok alderdiaren kontseilu nazionalean. Barne gatazka piztu da berriro Kataluniako sozialisten artean, eta atzo Fabian Mohedano zuzendaritza batzordeko eta Avancem adarreko kidearen kontrako zigor neurriak aztertu zituen PSCren berme batzordeak, ERCren ekitaldi batean parte hartzeagatik barne araudia urratu zuela iritzita. Alderditik kanporatzea ere aztergai zuten.

Mohedanoren kontrako zigor eskaerarekin, PSCko zuzendaritzak argiki erakutsi du ez duela inork alderdiaren mezu ofiziala zalantzan jar dezan ametituko. Baina Navarrok su gehiago dauzka itzaltzeko PSC barnean, Agrupament Socialistak ere erronka jo baitie erabakitzeko eskubidearen inguruan alderdiaren ildo ofiziala ezarri dutenei.

Sezesioa eta beste aukerak

Angel Ros Lleidako alkatea eta Marina Geli sailburu eta diputatu ohia kide dituen mugimenduak Pere Navarrori eskatu dio «sozialismo katalanaren alde anitzekin» elkarrizketak hasteko, ekintza batasuna berreskuratu ahal izateko. Agrupamenten helburua da CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPek erreferendumaren galdera eta egunari buruz eginiko hitzarmenari PSCk eman dion «ezezkoa zuzentzea.

Erreferenduma sustatu dutenek, izan ere, «jarrera ona» erakutsi dute «independentista ez direnekiko», Agrupamenten ustez: «Aterabidea sezesioa soilik izan beharrean, estatu federal edo asoziatu baterako aukera ere aintzat hartu dute». PSC barneko mugimenduak manifestu batean azaldu du hitzarmen hori estrategia ona dela Espainiako Gobernua presionatzeko, galdeketari buruz negozia dezan: «PSC ezin da nahasi besteren taktika alderdikoekin, baina are gutxiago eskuinaren eta nazionalismo espainiar atzerakoi eta geldoenaren estrategiekin».

Hurrengo egunetan Madrili galdeketak egiteko eskumena eskatzea bozkatuko dute Kataluniako Parlamentuan, eta litekeena da PSCko diputatuen artean batzuek boto diziplina urratzea.

Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiak, berriz, galdeketa «konstituzioaren aurkakoa» delakoan, «desafioaren larritasunaren neurriko erantzun bat» eskatu dio Mariano Rajoyren gobernuari: «Jokoan ez dago proiektu alderdikoi bat, baizik eta nazioaren osotasuna eta jarraitutasun historiko eta demokratikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.