Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Urkulluk «guztiz irekita» ikusten du estatu ereduari buruzko eztabaida

«Adore handiagoa» eskatu dio EH Bilduk EAJri; PPk eta PSEk 'Ibarretxe plana' piztea leporatu diote Urkulluri

Erredakzioa
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Burujabetzari buruzko eztabaida hauteskunde kanpainaurrearen erdigunean jarri da berriro. Larunbatean, Iñigo Urkullu EAJko EBBren presidente eta lehendakarigaia autogobernuan sakondu eta euskal estatua sortzeko aukeraz mintzatu zen, eta, atzo, konzertu ekonomikoa aztertu beharra aipatu zuen. EH Bildurentzat, baina, «subiranotasun kuota lotsatiegiegiak» eskatzen dituzte jeltzaleek, eta PPk eta PSEk Ibarretxe plana berpiztu nahi izateaegotzi diete jeltzaleei.

Urkulluk uste du «guztiz irekita» daudela estatu ereduari eta Europako gobernuaren eraikuntzari buruzko eztabaidak, eta, beraz, garaia izan daitekeela EAEko kontzertu ekonomikoa berrikusteko. Azaldu duenez, burujabetza eta autogobernu maila handiagoak lortu nahi ditu bere alderdiak,eta, horretarako, besteak beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerga sistema aldatzea iradoki du. «1979. urtean hasi genuen instituzionalizazio prozesua, eta Espainiako zein Europako Batasuneko esparru sozial, politiko eta instituzional berrira egokitzen jarraitu behar dugu».

TVE Espainiako telebista publikoan emandako elkarrizketan, Urkulluk azpimarratu du Europako Batasunak ontzat jotzen duela EAEko zerga sistema, baina hura garatzen jarraitu beharra dagoela, zergak bildu eta kudeatzeko ahalmena handitzeko eta «ekonomia sortzeko tresna bilakatzeko». Hala,uste du oraingoa garairik egokiena izan daitekeela kontzertua aztertzeko, batez ere Europako gobernua eraikitzeko prozesuan harmonizazio fiskala eta diruaren eta aurrekontuen batasunamartxan jarriko badira.

Horrez gain, Urkulluk iragarri du EAJk akordio zabala lortu nahi duela sentsibilitate politiko eta ideologikoen artean, datozen lau urteetarako autogobernu mailazehazteko. Jeltzaleei Ibarretxe plana berreskuratu nahiizatea leporatu dietenei, berriz, erantzundie «errespetu falta» dela legebiltzarrak gehiengoz onartutako estatutu politiko berri bat baztertzea. Estatu ereduei buruz beldurrik gabe hitz egitearen alde agertu da EAJko lehendakarigaia, eta berretsi du «Euskadi Europako nazioa» izan dadin lan egingo dutela jeltzaleek.

EH Bilduri, ordea, «epelegiak» iruditu zaizkio EAJk burujabetza alorrean egiten dituen eskakizunak, eta «adore handiagoa» galdegin dio Urkulluri. Laura Mintegi lehendakarigaiak esan du independentzia ez dela krisiari aurre egiteko era bakarra, baina «anbizio handiagoarekin» jokatzeko aukera ematen duela, «kontzertutxoarekin» geratu beharrean. Uste du kontzertu ekonomikoak eman duela eman behar zuena, eta hasieran zituen helburuei ere ez diela erantzun.

Ez du zentzurik, beraz, formula berari eusteak, EH Bildukoaren ustetan. «Egoera berriak formulaausartak eskatzen ditu, eta amaituta eta zaharkituta dagoen tresna batek ez gaitu krisialditik aterako», azpimarratu du.

Mintegik independentzian ikusten du soluziorako bidea, «anbizio handiagoarekin» egin ahal zaiolako aurre krisialdiari,eta tresnaeta aukera berriak zabalduko dituelako. Eta iritzi dio egungoa abagune ona dela independentzia lortzeko: «Duela bi urte baino hobeto gaude, eta ziur naiz hiru urte barru orain baino hobeto egongo garela».

«Moderazio itxurak»

Antonio Basagoiti PPren lehendakarigaiak «antzekotasunak» antzeman ditu Kataluniako presidente Artur Masek eta EAJko lehendakarigaiak dituzten jarreren eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak estatutu proposamenarekin izandako jokabidearen artean: «Artur Masi Ibarretxeren aurpegia jartzen ari zaio, eta Urkulluri, Masena», adierazi du Basagoitik.

PPkoak uste du EAJ «moderazio itxurak» egiten ari dela independentziaren inguruan, «eraginkorra» izan delako EAJ oposizioan egotea. Hala ere, Basagoitik iritzi dio EAJk 2015ean estatus politiko berri bat lortzeko egindako proposamenaren atzean euskal estatuasortzeko planteamendua dagoela. «Nazionalistek Espainia konstituzionala desegitea nahi dute. Espainiako gaiez edo Gernikako Estatutuaz Urkullurekin hitz egiten duzunean, jarrera gogorra sumatzen zaio».

Euskal alderdiak Kataluniari begiratzen egotea «arriskutsua» iruditzen zaio Basagoitiri. Izan ere, independentzia «arrisku sari berri bat»izango litzatekeela dio, ekonomiari kalte egiteaz gain «desegonkortasuna eta liskarra» eragingo lituzkeelako.

PSE-EEren ustez, berriz, «Ibarretxe plan berria» martxan jartzea da EAJren asmoa. Euskal estatua sortzeko aukera mahai gainean jarrita, beraz, arlo sozial eta ekonomikoan jeltzaleek dituzten «gabeziak» estali nahi ditu Urkulluk, Jose Antonio Pastor PSEko eledunaren aburuz.

Haren esanetan, independentziari buruz Katalunian ireki den eztabaidak ez du PSE-EE kezkatzen, bere lehentasun nagusia langabezia amaitzea delako. Ordea, Pastor ziur da ezker abertzalea «eroso» dagoela eztabaida horrekin, eta EAJ «hankatxoa erakusten» saiatzen ari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.