Presoak askatzen hasteko Gorenaren zain egon nahi du Grande Marlaskak

'Parot doktrinaren' inguruan Gorenak irizpideak jarri zain egotea proposatu die gainerako epaileei

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Egin beharra daukate, baina ahalik eta gehien atzeratu nahi dute. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako epaileei Auzitegi Gorenaren erabakien zain egotea proposatu die Fernando Grande Marlaska Zigor Salako presidenteak. Kaleratze erabakiak hartzen ostiralean hasi beharrean, Gorenak datorren asteartean egiten duen bileraren ondoren hastea. Auzitegiaren zain egotea, «beharrezkoa den batasun jurisdikzionalari eusteko».

Baina, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak berak kaleratutako autoak dio Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Parot doktrinaren kontra ateratako epaia Ines del Riori ez ezik bere egoera «antzekoan» dauden preso guztiei ere aplikatu behar zaiela. Hala idatzi zuten Juan Manuel Piriz kaleratzeko erabakia argudiatzeko ateratako autoan: «Epaiak aplikazio orokorra dakar Del Rioren egoera antzekoan dauden preso guztientzat».

Fernando Grande Marlaskak ere sinatu zuen auto hori, eta autoa kaleratu zuten egun berean erabaki zuten ostiralero bilerak egitea ere, aske uztea eskatu zuten preso guztien auziak banaka aztertu eta erabakien berri emateko. Bilerak astero egitea erabaki zuten, harik eta eskaera guztiei erantzun arte.

Espainiako Auzitegi Gorenean eta Konstituzionalean ere Parot doktrina aplikatuta giltzapean dauzkaten presoen helegite batzuk badaudenez, haiei buruzko erabakiak bi auzitegi horiek hartzea ere erabaki zuten Zigor Salako epaileek, urriaren 28an, Piriz aske uztea erabaki zuten bilera hartan bertan. Bakoitzak bere bidea egitea erabaki zuten, eta orduan ez zuten ezer esan batzuek besteen zain egoteari buruz. Atzo, baina, deliberoak atzeratzea proposatu zien Grande Marlaskak Zigor Salako gainerako epaileei. Ostiralean hasi beharrean Gorenak asteartean egitekoa duen bileraren zain egotea.

Epaileak bilduko dira ostiralean, baina ez dago argi zer egingo duten. Izan ere, orduan erabakiko dute kasuak banaka aztertzen hasiko diren eta presoak aske uzten, edo Gorenaren zain egongo diren.

Del Rioren abokatuek argi daukate doktrina Auzitegi Nazionalak jarri zuenez indarrean berari dagokiola presoak aske uztea ere. Gainera, Estrasburgoko epaia eskuan hartuta, presoak aske uzte hori «berehala» egin beharrekoa dela diote, hala egiten ez den denboran preso horien eskubideak urratzen direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.