Suhiltzaileek kontrolpean dute Soraurenen piztutako sutea

Iragan astean Sorauren herrian bertan piztu zen suarekin ez du loturarik, Nafarroako Larrialdi Agentziak dioenez

Arromendi mendia, sutearen ondorioz kiskalia, eta helikoptero bat ura botatzen. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Sorauren
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Suak hartu du Sorauren (Ezkabarte, Nafarroa), bigarren aldiz astebetean. Izan ere, iragan astean sute batek hamalau hektarea erre eta gero, beste sute bat izan da Soraurengo Arromendi mendian. Dena den, bien artean zerikusirik ez dagoela adierazi du Nafarroako Larrialdi Agentziako zuzendari Eradio Ezpeletak.

Sutea 15:15 aldera piztu zen, atzo. Hasieran, hiruko eskalan bigarren mailako gisa klasifikatu zuten, eta, ondorioz, ezohiko bitartekoak erabili zituzten itzaltzeko. 20:00etan, baina, arriskua jaitsi, eta lehenengo mailakoa zela adierazi zuten. Pinudian hasi zen sutea, eta garrak Iruñea-Behobia (N-121-A) errepidera hurbildu ziren. Herritarrek ikusi zuten mendia kiskaltzen hasia zela, eta hots egin zieten larrialdi zerbitzuei. 15:30ean, foruzainen eta suhiltzaileen kamioiak eta ibilgailuak heldu ziren, eta itzaltze lanetan hasi. Helikopteroen laguntza ere izan zuten gero.

Itzaltzeaz gain, babes neurriak ere hartu zituzten poliziek eta suhiltzaileek. Arromendin zegoen sua, herritik urrun, baina, nolanahi ere, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak Iruñea-Behobia (NA-121-A) errepidea itxi zuten bi norabideetan, eta autoak Nafarroako Autobidetik (A-15) pasatzera behartu zituzten. Bost orduz itxita egon ostean, N-121-A errepidea berriz irekitzea erabaki zuten 20:00etan, sutea itzaltzen ari zela ikusita.

Itzaltzeko, lankidetza

Lantaldeen arteko lankidetza beharrezkoa izan zen sutea kontrolpean hartzeko. Nafarroako Gobernuak bi helikoptero eta hegazkin arin bat jarri zituen, eta Tafalla, Zangotza, Cordovilla eta Iruñeko suhiltzaileak ere joan ziren Ezkabartera. Halaber, adituek Nafarroako Gobernuko Suteetarako Larrialdi Plana martxan jarri zuten, bigarren eskalako sutetzat jo ostean; Huescatik eta Errioxatik (Espainia) beste bi helikoptero eta hegazkin bat ere eraman zituzten. Orotara, 52 pertsona eta hamabost ibilgailu erabili zituzten. Gainera, larrialdi zerbitzuetako kideei Gurutze Gorrikoek lagundu zieten; boluntarioak, ibilgailuak eta anbulantzia bat eraman zituzten Soraurenera. Itzaltze lanak egiten ari zirela, suhiltzaileetako bat zauritu egin zen, eta Gurutze Gorrikoek Nafarroako ospitalera eraman zuten, kolpea aztertzeko.

Sutearen azterketa asko aldatu zen ordu batetik bestera. Hasieran, kontrolpean zegoela ematen zuen; 18:00etan, Pedro Maria Lezaun Ezkabarteko eskualdeko alkateak adierazi zuen sutea itzalita zegoela, eta Nafarroako Gobernuak berretsi egin zituen alkatearen hitzak, kontrolpean zeukatela esanda.

Haizetearen beldurrez

Haizeteak 19:00etan jo zuen berriz, eta soraurendarrak arduratuta azaldu ziren, haizeak sua berpiztuko ote zuen beldur. Haizearen indarraz jabetu ostean, meteorologoek ere eguraldiak okerrera egingo zuela esan zuten. Hori dela eta, badaezpada ere, suhiltzaileek Soraurenen gaua pasatzea erabaki zuten, sutea ez berpizteko.

Iritzi kontrajarriak sortu dira suteari buruz. Zenbait lekukoren aburuz, iragan asteko sutea gertatutako toki berean piztu da. Beste zenbaiten iritziz, ordea, Arromendiko beste eremu batean sortu da. Atzoko sutea zer dela-eta piztu zen ez dute argitu larrialdi zerbitzuetako kideek, baina ikerketa abiatu dute foruzainek, eta ohartarazi dute udako suteekin tentuz ibili behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.