Ugarteburu: «Euskal Herriak aurrera egin du blokeoaz gaindi»

2012an konponbidearen eta burujabetzaren bidean aurrerapausoak izan direla nabarmendu du ezker abertzaleak

Maribi Ugarteburu eta Pernando Barrena, atzo, Donostian. A. CANELLADA / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2012ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
«Blokeoa, sabotajea eta inposizioa». Hitz horiekin egin du ezker abertzaleak Espainiako Estatuak amaitzear den urtean izan duen jarreraren inguruko balorazioa, bai gatazkaren konponbidean, baita krisialdi «orokorraren» alorrean ere. Hala ere, jarrera horien gainetik, aurrera egiten jakin du Euskal Herriak, Maribi Ugarteburu bozeramailearen arabera. Besteak beste, Aieteko Adierazpena, euskal presoen auzia eta krisialdi ekonomikoa izan zituzten hizpide hark eta Pernando Barrenak 2012. urtearen balorazioa egiteko agerraldian.

«Konponbide aukera zapuztea» izan da PPren gobernuak egin duen politikaren helburu bakarra, Ugartebururen esanetan: «Espetxe politika kriminalean sakonduz, epaiketa politikoekin tematuz eta Poliziaren jazarpenarekin jarraituz aurre egin dio euskal herritarren bake eta konponbide nahiari». Gainera, ezker abertzaleko bozeramaileak adierazi zuenez, nazioarteko ekimenekin ere «erasokor» agertu da Espainiako presidente Mariano Raxoiren gobernua. «Bakearen etsai nagusi gisa kokatu da PP», ohartarazi zuen.

Guztiarekin, aurrerapausoak ere izan direla uste du ezker abertzaleak. Batetik, Aieteko Adierazpena garatzeko urratsak egin direla gogoratu zuen Ugarteburuk: joan den azaroaren 20an, jarraipen batzorde bat osatzeko konpromisoa hartu zuen Jonathan Powellek —adierazpen haren sinatzaileetako bat da—, eta Baionako Foroan elkarrizketa politikorako prestasuna agertu zuten Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko eragileek. «Argi esanguratsua da hori», nabarmendu zuen Ugarteburuk, eta oroitarazi zuen gatazkaren ondorioez hitz egiteko borondatea «begi bistan» utzi duela ETAk ere. Bestetik, euskal presoen eskubideen aldeko gehiengoa «ikusi» egin ahal izan da aurten, Ugartebururen hitzetan: urtarrileko manifestazio «erraldoia» eta herenegun Gasteizko Udalak gaixo larri diren bi preso askatzearen aldeko mozioa onartu izana aipatu zituen adibideen artean. Azkenik,urrats garrantzitsutzat jo zuen Sortu legeztatu izana ere: «Euskal Herriaren garaipena izan da».

«Krisialdi orokorra»

Krisialdi orokorrean murgildua dago Espainiako Estatua, Ugartebururen iritziz: lurralde krisia, ekonomikoa, instituzionala eta politikoa. Egoera horretan, PPren ildo bakarra «porrot egin duen ereduan sakontzea» dela ohartarazi zuen. «Hori da PPren eskaintza bakarra, herrien eta herritarren zapalkuntza», gaineratu zuen, murrizketak, «inposizioak» eta PPren birzentralizaziorako joera aipatuz.

Dena den, horren aurrean ere Euskal Herriak «ez etsitzen» jakin duela uste du Ugarteburuk. Aurtengoa mobilizazio ugariko urtea izan dela gogoratu zuen, eta gaineratu zuen EH Bilduren proposamen sozioekonomikoa erakundeetan ere hasia dela garatzen: zerga sistema progresibo eta «justuagoa», EH Bilduk abian jarritako etxe kaleratzeen aurkako protokoloa... Bide horretan, «burujabetza ariketa praktikoak» ere izan dira, ezker abertzalearen arabera —Gipuzkoako Foru Aldundiak 14. lansaria ordaindu izana adibide—.

Aurrera begira, ezker abertzaleak «bestelako jokaleku bat eraikitzeko ahaleginak indartuz» jarraituko duela adierazi zuen Ugarteburuk: «2013a gatazkaren konponbiderako elkarrizketen urtea eta eraldaketa sozialean sakontzeko urtea izan dadin jardungo dugu», bukatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.