Espetxeen ardura eskualdatzeko unea dela diote EAJk eta PSE-EEk

Ortuzarrek salbuespen politika amaitzea nahi du, eta Pastor prest dago kartzelen eskumena Jaurlaritzak eskuratzeko

Herrira mugimenduko kideak, atzo, Bilbon egin zuten agerraldian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak espetxeen eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku utzi beharko luke, Andoni Ortuzar EBBko presidentearen ustez. Garaia iritsi dela iruditzen zaio EAJko buruari, «mundu guztiak onartzen duelako ETA amaitu dela». Espetxe politika aldatzea «borondate politikoari» lotuta dagoela adierazi du, gainera: borondatea badago, egin daitekeela.

«Espetxe politikan sortu zen guztia salbuespenekoa izan zen salbuespen egoera bati erantzuten ziolako, eta, beraz, pausoak eman behar dira orain», adierazi du Ortuzarrek. ETAk jardun armatua betiko utzi duenean, urratsak egin behar direla dio: «Salbuespen egoera hori amaitu bada, legeen salbuespeneko ezarpena ere amaitu behar da», adierazi du. «Lege naturalera itzuli behar dugu, Zigor Kode arruntera, edozein herritarri ezartzen zaion horretara, zeren, bestela, izaera berezia emango genieke presoei». Hortaz, ohartarazi du «garai berezia amaitu bada legedi berezia ere amaitu» behar dela. «Eta ez da legerik aldatu beharrik arazo honen zati handi bat konpontzeko. Borondate politikoa da kontua».

Herrira-k presoen eskubideen aldeko manifestazio erraldoia egin eta hiru egunera esan ditu horiek Ortuzarrek, Iñigo Urkullu lehendakariak espetxe politika aldatu behar dela adierazi eta biharamunean, Raxoiri espetxeen eskumena eskatuko diola iragarri eta hurrengo egunean. Eta ez da EAJ izan kartzelen ardura Jaurlaritzaren esku utzi behar litzakeela adierazi duen bakarra. Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak ere adierazi du «seguruenik» eskumena eskuratzeko unea iritsi dela.

Pastorrek azaldu duenez, EAJk sarritan eskatu du espetxe politikaren eskumena «ETA jardun betean ari zenean, hilketa askorekin, jazarpen indarkeriarekin, eta leku guztietan atentatuak egiten». Horregatik eman izan die ezezkoa eskaerei. «Baina orain ETAk jardun terrorista betiko amaitu duela iragarri ondoren, segur aski iritsi da transferentzia hori egiteko garai politikoa».

Edozein kasutan, ohartarazi du ere eskumen hori ez dela «gozoki bat»: «Garestia da eta kudeatzeko zaila». Hala ere, Eusko Jaurlaritzak «ondo egiten» jakingo duen konfiantza azaldu du.

Manifestazioaren ondorioak

Herrira mugimenduak «denen arteko lana» eskatu du eskubide urraketetan oinarritutako «pareta handi hori botatzeko». Larunbateko manifestazioari buruzko balorazioa egiteko agerraldian adierazi duenez, «luzaroan jarraitu ezin duen blokeo egoerari emandako erantzun herritarrak» hainbat ondorio utzi ditu. Herrira-ren ustez, protestak erakutsi die Espainiako zein Frantziako gobernuburuei iritsi zaiela «besoak gurutzaturik eta giza eskubideak larriki urratzen» egoteari uzteko garaia, eta «bake prozesuaren aldeko hautua egiteko ordua» iritsi zaiela.

Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari «etxeko lanak» utzi dizkiola ere uste du: «Herritar guztien giza eskubideak errespetatuak izan daitezen beharrezko diren neurriak sustatzea», eta «gatazkaren ondorio guztiak gainditzeko politikak bultzatzea». Bide horretan, biktima guztiei dagokien eremua zein preso eta errefuxiatuei dagokiena landu beharko dituztela adierazi du. Horretarako, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari eta Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari bilera bat egiteko eskatu zien atzo.

Euskal gizarteko eragileei «akordio zabalak» lortzeko erronka utzi die manifestazioak, Herrira-ren ustez. «Bakearen eta giza eskubideen aldeko egoera berriak» pluraltasunetik eraikitzea.

Manifestazioak «indarra eta ilusioa herri, hiri eta auzo guztietara eramateko» ardura utzi diola taldeari berari dio Herrira-k: «herritarren konpromiso aktiboari bideak eskaintzen jarraitzekoa». Hortaz, iragarri du «barneko lan mardulari» ekingo diola, iruditzen zaiolako mobilizazioaren harira sortutako «auzolanak» zabaltzen jarraitu behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.