Euskal Herriaren eta Biarnoren kantonamendua nahi du gobernuak

Iholdi-Oztibarre eta Amikuze, Nabarrengose eta Salbaterra Bearnori loturik dira prefetak landu berrantolaketan

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriaren muga historikoa ez du errespetatzen prefetak marrazturiko kantonamenduen mapa berriak. Hain zuzen, Nafarroa Behereko Amikuze eta Iholdi-Oztibarre, Biarnoko Nabarrengose eta Salbaterra Bearnori loturik kausitzen dira. Biarnoko eta Euskal Herriko kantonamenduen artean eremu komun bat sortzea Frantziako Barne Ministerioaren «xedea» dela zehaztu zuen Georges Labazee Kontseilu Nagusiko presidenteak (PS) atzo France Bleu Pays Basque irratiari egindako adierazpenetan.

Berrantolaketa hori aurtengomaiatzaren 17ko legearen ondorioa da. Kantonamendu kopurua bitaz zatituko dute, Pirinio Atlantikoetako departamenduari doakionez, 52tik 27ra pasaz. Une berean, kontseilari nagusiak desagertu eta departamenduko kontseilariak sortuko dituzte. Bi izanen dira kantonamenduak.

Azaroaren 12an eztabaidatuko dute egitasmoaz Kontseilu Nagusian. Eztabaida beroa izanen dela aurreikus daiteke. Hain zuzen, hautetsi anitzen haserrea eragin du Euskal Herriko eta Biarnoko kantonamenduen bateratze xedeak.

Haserrea alde guztietarik

«Nahiz eta Alderdi Sozialistakoa izan, egitasmo horren aurka naiz. Lurraldearen ahotsa entzunarazi behar du diputatuak, eta hori eginen dut: Parisen entzunaraziko dut Euskal Herriak ez duela horrelakorik nahi». Horra zer dion Sylviane Alaux diputatuak. «Nahitara» Euskal Herriaren «muga naturalak» apurtzeko xedearekin ez du bat egiten. Hautetsi sozialista horren gisara, abertzaleek, zentristek zen eskuinekoek, guztiek dute haien desadostasuna plazaraturik.

«Lurraldetasunaren ukatze hori ezin onartua eta eskandalagarria da», Jean Jacques Lasserre senatari zentristaren irudiko. Berdina dio Max Brisson UMPko kontseilariak. Gehitu du bozketak irabazteko kalkuluak ere badaudela asmoaren gibelean. Manuel Valls Barne ministroaren asmoa dela ez du baztertu, baina dioenez, tokiko hautetsi batzuen presioa ere badago erabakiaren gibelean: «Labazeek Parisera igorritako mapa da hori». Iritzi berekoa da Nikolas Blain Batera-ko kidea: «Joko politiko bat sendi da, prefeta eta Barne ministroaren gibelean gordetzen dena, kolpeak ez zuzenki biltzeko».

Noski, hautetsi abertzaleek ere gogorki kritikatu dute Biarnoko eta Nafarroa Behereko kantonamenduen elkartzeko proposamena. «Onargarria denaren muga gainditzen» ari direla dio adibidez Daniel Olzomendi Izurako (Nafarroa Beherea) auzapezak eta Udalbiltzako lehendakariordeak. Euskal lurralde elkargoaren aldarrikapenaren bidea oztopatzeko gogoa agertzen da proiektu horretan Olzomendiren ustez. Berdina pentsatzen du Blainek ere, eta dioenez, arrazoi bat gehiago da azaroaren 30erako Maulen antolatu duten manifestaziora bertaratzeko.

Labazeek, haatik, ez ditu begi onez hartzen ohar horiek. Dioenez, legebiltzarreko hauteskundeetarako badago Biarno eta Euskal Herriaren artean zatituriko boto eremu bat, eta horrek «ez du arazorik sortzen». Haren irudiko, Biarnori lotua izateak ez ditu Euskal Herri mailako lurralde egitasmoak trabatzen.

Auzapezen Biltzarra ere, kexu

«Euskal Herriaren lurraldetasuna errespetatzea galdetzen diegu argiki prefeta jaunari eta Kontseilu Nagusiari». Hori irakur daiteke joan den larunbateanBeskoitzen (Lapurdi) egindako biltzar nagusian Auzapezen Biltzarreko kideek aho batez bozkatu mozioan.

Christine Bessonart Biltzarreko presidenteak hitzordu bat eskatuko die prefeta eta Kontseilu Nagusiko presidenteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.