Espainiako bandera jartzeko lekua balkoia dela esan dio Gorenak diputazioari

Gipuzkoako Diputazioaren helegitea atzera bota du Gorenak, eta bandera «ohorezko tokian» jartzeko agindu

Markel Olano, Gipuzkoako Diputazioan bandera jartzea salatzeko plaka jarri zuenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2014ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako bandera «ohorezko lekuan» jartzeko agindu dio Espainiako Auzitegi Gorenak Gipuzkoako foru gobernuari. Eta bandera diputazioaren eraikineko balkoian jartzeko zuzenean agindu ez arren, «ohorezko leku» hori balkoia dela zehaztu du Gorenak, atzo kaleratutako autoan. EAEko Auzitegi Nagusiak bandera eraikinaren «kanpoan» eta «ohorezko lekuan» jartzeko emandako agindua berretsi du Gorenak, horrela Gipuzkoako Diputazioak jarritako helegitea atzera botata.

Gainera, Luis Maria Diez-Picazo magistratuak idatzitako epaiaren arabera, gehienez 4.000 euro ordaindu beharko ditu Martin Garitano buru duen gobernuak, auziaren kostuak ordaintzeko.

Guztia 2005etik dator. EAEko Auzitegi Nagusiak orduko azaroan atera zuen Gipuzkoako Diputazioari Espainiako bandera jartzeko agindua ematen zion epaia. Gipuzkoako Foru Gobernuak—EAJren esku zegoen orduan— bandera jarri zuen, eta baita desadostasuna azaltzen zuen plaka bat ere. Espainiako Estatuaren abokatuak, baina, protesta jarri zuen EAEko Auzitegi Nagusian, Gipuzkoako Diputazioak epaia ez zuela behar bezala bete esanez,bandera «toki ezkutuan» jarri zutelako, eta ez «ohorezko eta erreferentziazko tokian».

Auzitegiak arrazoia eman zion Estatuaren abokatuari. 2012an kaleratu zuen sententzian dio Banderen Legeak dioen bezala eskegi behar direla banderak. «Oztoporik gabe eta interferentziarik gabe». Diputazioa ez zegon konforme erabakiarekin, eta kasazio helegitea jarri zion erabakiari, Gorenean —EH Bilduren esku zegoen Diputazioa ordurako—. Azken helegite hori ez du onartu, baina Gorenak, eta beraz, EAEko Auzitegiaren epaia bete beharko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Alegia, Espainiako bandera Diputazioaren eraikinaren «kanpoan» eta «ohorezko tokian» jarri beharko du.

Plaka kentzeko ere agindu zuen aurretik Gorenak. Espainiako bandera EAJk jarri zuen Diputazioan, bera baitzegoen orduan gobernuan. Markel Olano zen ahaldun nagusia, eta banderarekin batera, hura jartzearen kontra zegoela argi uzten zuen plaka bat jarri zuen diputazioaren eraikinean. Espainiako bandera «ikur inposatu bat» dela adierazten zuen plakak. «Gerta liteke ikurra herriaren ametsaren sinbolo ez izatea. Indarraren legez eta legearen indarrez ezarria izatea. Orduan ere baliagarri izan liteke, inposaketaren sinbolo bihurtzen baita, bizilegezko gabeziaren gogoratzaile».

Espainiako Estatuaren Abokatuak plaka hura kentzeko agintzeko eskatu zion EAEko Auzitegi Nagusiari. Hark ez zion eskaera onartu eta orduan Gorenera jo zuen Estatuaren abokatuak. Hark bai, Gorenak plaka kentzeko agindu zion Diputazioari 2011ko azaroan. Honela jaso zuen epaiak: «Espainiako banderari balioa kentzea da plakaren helburua. Horregatik, kendu egin behar da».

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak segituan abisu eman dio Foru Gobernuari, eta agindua bete ezean «desobedientzia» eta «prebarikazio» delituak egingo dituela ohartarazi dio, eta horrek inhabilitazioa ekar diezaiokeela azpimarratu. Pozik agertu da Gorenaren epaiarekin. Bere esanetan, bera eta Estatuaren Abokatua egiten ari diren «legalitatean kontrolarekin» legeak betearaztea lortzen ari dira, «konstituzioaren kontrakoen trufak» galaraziz.

Orozkon ere bai

Orozkoko (Bizkaia) udaletxean ere Espainiako bandera jarri dute. Alkatetza duen Adie plataformak atzo jakinarazi zuen bandera hori «besteren sinboloa» dela, eta, bertako herritarrak ez dituela ordezkatzen uste duten arren, bandera jarri egingo dutela eraikinaren kanpoko aldean eta barruan. «Herritarren nahiaren kontra» izanagatik bandera jartzera behartuta dagoela jakinarazi du Josu San Pedroren udal taldeak.

Bilboko Administrazioarekiko Auzitegiak duela hamabost egun agindu zion Orozkoko Udalari Espainiako bandera jartzeko. Etaohartarazi, hala egin ezean, bandera jartzeko agindua segurtasun indarrei emango ziela, isunak jarriko zituela, eta alkateari ardura penalak eskatuko zizkiola.

Udalak atzo kaleratutako oharrean dio Orozkon inoiz ez dela arazoa izan Espainiako banderarik ez egotea, eta herrian bizi diren 2.500 biztanle inguruk ez dutela inoiz eskatu bandera hori jartzea. «Gure herritarren sentimenduen kontra egitera behatzen gaituzte, gaur egun tristea da», diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.