Herriko etxeek gehiago egin dezakete euskararen alde

Kontseiluak Ipar Euskal Herriko hemeretzi herriko etxeren hizkuntza politikaren azterketa plazaratu du

Paul Bilbao eta Ione Josie, atzo Baionan egindako agerraldian. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko hemeretzi herritako hizkuntza politika aztertu du Kontseiluak, eta ondorio argia atera: gehiago egin dezaketela euskararen alde. Honako herri hauetan egin du neurketa: Angelu, Atharratze, Azkaine, Baiona, Donapaleu, Donibane Garazi, Donibane Lohizune, Ezpeleta, Hazparne, Hendaia, Itsasu, Kanbo, Maule, Mugerre, Sara, Senpere, Urruña eta Ziburu. 190.287 herritarrengan eragiten duten hizkuntza politikak aztertu dira, Iparraldeko biztanleen %70 abantzu. Hamar punturen araberako emaitzak plazaratu ditu Kontseiluak. Nahiz eta notatzeak ez duen bilakaera zehatza islatzen, herri bakar batek ez du lortzen bost puntura heltzea. Kontseiluaren arabera, zazpitik gora garatzen da euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorra eta egokia.

Euskal Herri osoko ziklo politikoak ez direnez epe berberetan ematen, ordea, aurten Ipar Euskal Herrikoak soilik neurtu dira, martxoan eginen diren hauteskundeen aitzinetik, alegia. Eta Hego Euskal Herrian 2014an eginen da hirugarren neurketa.

Aitzineko inkestaren emaitzekin erkatuz, aldaketa gutxi daudela azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Neurketa maila edo zenbakietan oinarritzen denez, nabarmendu emaitzarik onena Hendaiak lortu duela: 3,08 puntu. Hurbil ageri dira Sara eta Hazparne, 2,9rekin. Notarik apalena, bigarren neurketan bezala, Angeluk du: 0,3 puntu. Ondorioa ere nabarmena da: «Hizkuntza politika egokia egiteko bide luzea dute egiteko neurtutako herriek, baina, orokorrean, aitzineko bi neurketetan jaso emaitzak kontuan hartuz, ia herri guztietan izan dira aitzinamenduak». Ildo horretan sakontzera deitu ditu herriko etxeak.

Zenbait aitzinamendu aipatu ditu Kontseiluak, bertzeak bertze, hizkuntza politikak planifikatzen hasi direlako herriko etxeetan. «Dena den, orokorrean herriko etxeek plangintzaz eta baliabidez egiten dituzte hizkuntza politikak, eta oraindik gutxi dira hartu neurriak babesteko erabakiak hartzen dituzten herriak». Salbuespen gisa aipatzen du 2013. urte bukaeran EEPk Itsasu, Hazparne, Maule eta Hendaiarekin landutako Hobekuntza dispositiboa, egituraketa zentzua duelako eta lehentasunezko zerbitzuak definitzen dituelako.

Urrats baikorrak

Urrats baikorren arloan bertze aitzinamendu batzuk aipatu ditu Kontseiluak, hala nola haurtzaindegien kasuan eta euskara zerbitzuetan. Merkataritza eta lan munduari loturik, Maule eta Atharratze eredutzat hartu ditu Kontseiluak. «Izan ere, euskararen normalizazioa bultzatzeko egitasmoak bidean dituzte, eta erabakiak hartu dituzte. Zuberoako Herri Elkargoak teknikari lanpostu erdia sortu baitu horretarako».

Hizkuntza paisaiari doakionez, aipamen berezia egin diote Ezpeletari, karriken izenak euskara hutsez edo euskara nabarmenduz agertzen direlako. Ordea, errepide seinaleetan abantzu ezdeusa da tokia. Bertze herri batzuek hartu dute hizkuntza paisaia euskaratzeko erabakia, horien artean Donibane Garazi, Maule, Donibane Lohizune, Baiona eta Miarritzeko herriko etxeek.

Puntu ezkorren aldean, kirola eta aisialdia daude. Herri bakar batek ere ez du euskarazko eskaintzarik egiten helduentzat.

Donapaleuk salbu, neurtutako herri guztiek dute euskararentzako aurrekontua, nahiz eta, usu, kulturarekin nahasirik agertu, Ione Josie Kontseiluko Iparraldeko arduradunak nabarmendu gisan. Kontseiluak aurrekontuaren %2 jartzea jotzen du neurri egokitzat. «Bakar batek ere ez du kopuru hori bideratzen euskararentzat, baina Urruñak, Hendaiak eta Ezpeletak gaur egun %1 inguru bideratzen dute euskarara, eta orokorrean aitzineko neurketetan bideratzen zuten kopurua handitu egin dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.