D ereduari buruzko saioa Bilduren aurka egiteko baliatu du Iribasek

Guardia Zibilak egin txostenaren inguruan ez du deus erran nahi izan, «isilpeko informazioa» delako

Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria (eskuinean), parlamentuan, abenduko agerraldi batean . JAGOBA MANTEROLA / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak D ereduari buruz egindako txostenaren inguruan azalpenak ematera deitu zuten atzo Nafarroako Parlamentura, baina Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek ez zuen auzi horri buruz hitzik ere erran nahi izan. Bilduk eta Aralar-NaBaik eskatu zuten Iribasen agerraldia, eta atzoko saioa, hain zuzen ere, bi talde horien aurka egiteko baliatu zuen kontseilariak.

Bilduren kontra egin zuen, batez ere, Iribasek. Guardia Zibilaren lana defendatu, eta ETAri buruz hitz egiten amaitu zuen solasaldia. «Gu, demokratok, ETA desegin dadila bertzerik ez dugu nahi». Iribasek «manipulazioa» egotzi zien Bilduko parlamentariei. Kontseilariak agerraldia amaitu baino lehen alde egin zuten talde horretako ordezkariek aretotik.

Atzo arratsaldeko parlamentuko saioa hasi baino lehen, argi utzi zuen Jose Iribasek Guardia Zibilaren txostenaz ez zuela deus erranen. «Nafarroako Parlamentuko zerbitzu juridikoek argi utzi dute ezin dudala deus erran, txosten hori isilpeko informazioa delako», erran zuen, goizean.

Parlamentuan, mezu horri eutsi zion kontseilariak. «Arduragabekeria da agerraldi hau eskatu izana, badakitelako ezin dudala hitz egin; herritarren dirua xahutzea da», erran zuen. Gogoratu zuen zerbitzu juridikoen txostena Bilduk berak eskatu zuela. Maiorga Ramirez parlamentariak eskatu zuen txosten hori, hain zuzen, kontseilariak D ereduari buruzkoa jasotzeko eskaerari ezezkoa eman eta gero.

Bilduko Bakartxo Ruizek ez zuen bat egin atzo Hezkuntza kontseilariaren hitzekin: «Zerbitzu juridikoek esan dute ez duzula parlamentarien informazio eskubidea urratzen txostena ukatuz», erran zuen Ruizek, baina Iribasek parlamentuan azalpenak «eman behar» zituela berretsi zuen. «Tranpa egin duzu», erran zion Hezkuntza kontseilariari.

Bilduko parlamentariak, ordea, ez zuen Iribasen inolako azalpenik lortu D ereduari buruzko txostenaz. Auzi horren inguruan ez zuen hitzik ere erran, eta agerraldia baliatu zuen, bereziki, Guardia Zibilaren lanaren alde eta Bilduren aurka egiteko. «D ereduak izan dezakeen bozeramailerik txarrena da Bildu», erran zuen kontseilariak. «D eredua eta hizkuntza helburu maltzurrekin erabiltzen dituena da haien izena zikintzen duena. Nafarroako hezkuntza sistemaren xedea ez da Euskal Herria eraikitzea», erran zuen Jose Iribasek, eta «ezker abertzaleak hezkuntza sistema publiko, euskalduna eta laikoa inposatu» nahi duela erantsi zuen.

«Lotsagarria eta mingarria»

Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak gogor kritikatu zuten atzo Jose Iribasen jarrera, bai eta Nafarroako Gobernuak D ereduari buruzko txostenaren auzian egindako urratsak ere. Hezkuntza kontseilariak atzo azalpenik eman nahi ez izateak haserretu egin zituen talde horietako parlamentariak, eta Iribasi eta gobernu osoari egotzi zieten Guardia Zibilaren txostenaren erabilera «politiko» eta «zitala» egin izana. Horixe nabarmendu zuen Bilduko Bakartxo Ruizek, adibidez: «Txostenaren erabilera politikoa egin duzu zuk zeuk», erran zion Iribasi.

Aralar-NaBaiko Nekane Perezek ere haserrea erakutsi zuen Jose Iribasen hitzak entzun eta gero. Esan zuen «lotsagarria» eta «mingarria» izan zela Hezkuntza kontseilariaren agerraldia, eta D ereduko ikastetxeen inguruko txostena «ezjakintasunaren eta aurreiritzien ondorio» zela esan zuen. «Irakasleak kriminalizatu nahi izan dituzue», salatu zuen Perezek.

Ezkerrako Marisa de Simonek «manipulazioa» egotzi zion Nafarroako Gobernuari. «Modu zitalean erabili duzue auzia», erran zuen. Guardia Zibilaren txostenaren berri nork eman zuen galdetu zion De Simonek, gainera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariari.

PSNko Pedro Rasconek, informazioa ez, baina auziaren inguruan egindako «balorazioa» eskertu zion Jose Iribasi. UPNko Carmen Gonzalezek bat egin zuen kontseilariarekin, eta gobernuak eman beharreko azalpenak eman dituela erantsi zuen parlamentariak.

PPNko Amaia Zarranzek, berriz, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren lana goraipatzeko baliatu zuen atzoko lan saioa. «Terrorismoaren aurkako borrokan Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren alde eginen dugu beti», erran zuen PPNko parlamentariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.