Jimenez: «UPNren gobernuari etorkizun txarra ikusten diot»

Ezker abertzaleak uste du hauteskundeak aurreratzea dela Nafarroaren aukerarik «demokratikoena»

Edurne Begiristain.
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
PSNk argi dauka: UPNk Nafarroako Gobernutik kanporatzeko «alde bakarreko» erabakia hartu badu, ez da izan sozialistak leial jokatu ez dutelako, «egia» esan dutelako baizik. Sozialisten babesa galduta eta gutxiengoan egonda, «etorkizun txarra» iragarri dio Roberto Jimenez PSNren idazkari nagusiak UPNren gobernuari. Foru gobernuan sortutako krisia dela eta, alderdi sozialistak egin duen lurralde batzordearen premiazko bileran mintzatu da Jimenez. Txalo artean hartu dituzte haren hitzak PSNko kideek. UPNren eta PSNren arteko gobernu akordioa hautsi izanaren ardura osoa Barcinari leporatu dio Jimenezek, beste behin ere: «[Haustura] Ez da izan PSNren jarreragatik, erregionalisten jarreragatik baizik».

«Oposizio zorrotza, eraikitzailea eta baliagarria» egingo du hemendik aurrera PSNk. Hala erabaki du, aho batez, alderdiaren lurralde batzarrak, zuzendaritzak hartutako erabakiari oniritzia emateko adostutako ebazpen politikoan. Alderdi sozialistak gaitzetsi egin ditu Barcinak Jimenezen aurka esandako «gezurrak eta irainak», eta gobernuko presidenteari «arduragabekeriaz» jokatzea leporatu dio.

Nafarroan dagoen «alternatiba progresista» bakarra bera dela dio PSNk, eta lurraldeak behar duen «aldaketa soziala, politikoa eta instituzionala lortzeko» talde parlamentario guztiekin hitz egiteko prest agertu da. Hala, oposizioaren ildo estrategikoak zehazten hasi nahi du alderdiak, eta, horretarako, lurralde batzarra egingo du irailaren 15ean.

Behin gobernutik «kanporatuta», PSNk ez du «inolako loturarik» UPNrekin, eta ez dio, ezta kanpotik ere, inolako babesik emango, Jimenezek argitu duenez. Haren esanetan, Barcinaren erabakiak agerian utzi du PSN ez dela inoiz UPNren eta PPren interesen «mende» egon, eta gobernutik egotzi badituzte izan dela kontu publikoen inguruan «egia osoa» ezagutu nahi izan dutelako. «Sozialistok ez gara gobernuan egon besaulkiak berotzeko, gizarte nafarrari ongizatea emateko baizik».

Dagoeneko etorkizunari begira jarri dira PSNkoak: «Ez dira garai samurrak, baina okerragoak ezagutu izan ditugu». Lanean jarraituko dutela hitz eman du Jimenezek, eta, besteak beste, Parlamentuan kontuen gaineko ikerketa batzordea eskatuko dutela berretsi du.

«Benetako demokratizazioa»

Nafarroako gobernu krisiari buruzko hausnarketa egin du, halaber, ezker abertzaleak. Txelui Morenok azpimarratu duenez, UPNren eta PSNren arteko gobernu akordioa hautsi ondoren, Nafarroaren aukerarik «demokratikoena» hauteskundeak aurreratzea da, «herritarrek erabaki dezaten zein ordezkaritza politiko nahi duten».

Pernando Barrena ezker abertzaleko kidearekin batera agertu da Moreno komunikabideen aurrean. Biek nabarmendu dute UPN «bakarrik» geratu dela, eta gogorarazi dute ez duela gehiengorik «aurrekontuak eta murrizketak aurrera atera ahal izateko». Barcinak bozak aurreratu beste alternatibarik ez duela adierazi dute, eta zentsura mozioa aurkezteko aukera dagoeneko gaindituta dagoela iritzi diote.

«Benetako demokratizazioa» egiteko garaia iritsi dela uste du Morenok, Nafarroan gizarteak azken hilabeteetan argi utzi duelako zer pentsatzen duen UPNk eta PSNk planteatu duten ereduaren inguruan. «Orain guri dagokigu zein eredu nahi dugun erabakitzea. Bi alderdi horiek planteatu duten horren aldean oso ezberdina izango da». Haren arabera, Nafarroan UPNren eta PSNren hausturak eta EAEn PPren eta PSE-EEren artean izandakoak erakusten dute ez dagoela soilik krisi ekonomiko eta politiko bat, baita «lurraldeko krisi bat ere».

UPNko gazteen iritzia

Juventudes Navarras UPNren gazte erakundeak, berriz, babes osoa agertu dio Barcinak Jimenez kargutik kentzeko hartutako erabakiari. Jimenezi «arduragabekeriaz eta leialtasunik ezaz» jokatzea leporatu dio Fermin Alonso presidenteak, eta gogoratu dio ez dela bateragarria oposizioa egitea eta kontseilari gisa soldata jasotzea. Gazte erakundearen buruarentzat, Nafarroak gobernu «egonkorra» behar du, eta hori ezinezkoa da «protagonismoa» eta «ikuskizuna» lortzen saiatzen diren gobernuko kideekin.

Alonsoren ustetan, «onartezina» da PSNko idazkari nagusiak zalantzan jarri izana Nafarroako kontu publikoak, eta salaketa horiekin UPNri «eraso» egin nahi izan diola salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.