Euskal curriculuma berandu gabe garatzeko eskatu dute ikastolek

Unea «erabakigarria» dela adierazi du Ikastolen Elkarteko buru Koldo Tellituk, eta elkarlana proposatu du

Koldo Tellitu, atzo, ikasturte hasierako hitzaldia ematen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Andoain
2013ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Euskal curriculuma eta Hezkuntza Legea batera garatzeko beharra dagoela esan dute ikastolekikasturte hasierako ekitaldian. Hala egiteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. «Ikastolen urteetako eskakizunak dira biak. Baina batera ikusten ditugu. Batak bestea behar du», esan du Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Unea «erabakigarria» dela nabarmendu du. «Egitasmo horrek ezin du atzerapenik izan. Zapuzten uzten badugu, ondorioak oso kaltegarriak izango dira». Euskal curriculuma garatzearekin batera, lan hitzarmena adostea eta kooperatiben inbertsio deialdiaren negoziazioa bultzatzea izango da ikastolen helburua hasi berri den ikasturtean. «Adorea, determinazioa, batasuna, elkarlana eta adostasuna behar ditugu horretarako».

Atzo egin zuten ikasturte hasierako ekitaldia, Andoainen, Bastero kulturunean (Gipuzkoa). Espainiako eta Frantziako gobernuek «ikastolei eta hezkuntza sistemari» egindako «erasoak» salatuz hasi zuen hitzaldia Tellituk. Espainiako Gobernuak proposatutako hezkuntza erreforma eta Hendaiako eta Beskoitzeko ikastolekin gertatutakoa jarri zituen horren adibide. «Dela lege berrien bidez, dela duela mende batzuk atzeragoko legeen bidez, oso ataka zailean ipini dituzte ikastolak eta gure hezkuntza sistema. Eraso horiei aurre egiteko, babesa eraiki behar dugu denen artean».

Urriaren 12an Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformaren kontra Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deitu zuen Tellituk. «Espainiako Gobernuari erakutsi behar diogu ez dugula onartzen inposatu nahi digun hezkuntza erreforma atzerakoi eta doktrinatzailea. Hezkuntza sistema propio bat nahi dugu, herri honetan eta herri honentzat eraikita, kanpoko esku hartzeetatik salbu egongo dena».

Horri lotuta, ezinbestekotzat jo zuen Eusko Jaurlaritzak euskalcurriculuma garatzea eta dekretu bidez arautzea; baita beste hezkuntza lege bat egitea ere. Horretan eragitea izango da ikasturte honetan Ikastolen Elkarteak izango dituen erronka nagusien artean lehena. Tellituk gogorarazi zuen iaz aurkeztu zutela curriculuma garatzeko EKI proiektua. «Horretan sakonduko dugu, ikasmaterialak ekoitziz eta irakasleen prestakuntzan eraginez». Sistemak beste babes juridiko bat behar duela berretsi zuen. «Egin dezagun hezkuntza lege berri bat,sare publiko eta itunpekoaren arteko dikotomia antzua alboratuz, bakoitza bere izaeran oinarrituta; berdintasunean, finantzaketa egokiarekin, baliabide berdinekin». Hori guztia lortzeko, elkarlana proposatu zuen. «Jarraipen zehatza egingo diegu epeei eta edukiei, mahai gainean jarritako proposamenak osotasun bat osatzen duelako».

Langileekin eta ordezkari sindikalekin lan hitzarmen bat adostea izango da bigarren erronka. «Hezkuntza proiektua aurrera ateratzeko, beharrezko lan egonkortasuna ziurtatu behar diegu langileei». Unea «korapilatsua» dela aitortu zuen Tellituk. «Eusko Jaurlaritzak, aldebakarrez, gure langileen soldatak murriztea erabaki zuen. Egoera bidegabe hori konpontzen ahalegintzen ari gara, baina bitarte horretan akordio bat lortu beharra daukagu. Krisi garai honetan ahalegin handiago bat egiteko prest gaude, baina horrek ikastolen bideragarritasuna arriskuan jartzen ez badu».

Hirugarren erronka inbertsioei lotuta dago. Kooperatiben inbertsio deialdiaren negoziazioa kolektiboa bultzatuko dute ikastolek. «Azken urteetan ikastolek40 milioi euro jarri ditugu inbertsioetan. Eusko Jaurlaritzari ez diogu eskatzen beste 40 milioi euro jartzeko, baizik eta elkarlana, ikastolek derrigor behar dituzten inbertsioak egin ahal izateko».

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak bertatik bertara entzun ahal izan zituen ikastolen eskariak. Gaur egungo hezkuntza sistemak duen kalitatea «gizarte osoaren lanari esker» lortu dela esan zuen. «Hobetu daiteke, bikaintasunaren bila joan behar baitu. Baina maila altua dauka». Dena den, esan zuen «erronka eta lan asko» dagoela egiteko etorkizunari begira. «Elkarlanean heldu behar diegu horiei». Espainiako Gobernuak proposatutako hezkuntza erreformaren inguruan, uztailean hezkuntza eragileekin egindako bileran esandakoa ekarri zuen gogora. «Ez dugu gure hezkuntza sistemaren interesen kontra doan ezer onartuko. Gure eskubideak eta eskumenak defendatuko ditugu. Erreformak jasotzen dituen helburuak guk aspaldi gainditu genituen; ez digute balio». Dena den, aitortu zuen «haserre hutsarekin» ez dutela ezer lortuko: «Mugitzen hasi beharra dago». Horregatik, duela hamar egun hezkuntza eragileekin bildu zen, hezkuntza lege berri bat egin eta euskal curriculuma garatzeko. «Sistemak curriculum bateratu baten beharra du, betiere adostasunean oinarrituta. Ziur zuen ekarpenak baliagarriak izango direla horretarako. Ikastolen hobekuntza sistemaren hobekuntza izango da; eta, alderantziz».

Omenaldia zortzi ikastolari

Ikastolek urteetan egindako lana nabarmendu eta eskertu zuen Martin Garitanok, Gipuzkoako ahaldun nagusiak. «50 urte hauetan gure hizkuntza, hezkuntza, kultura eta izana bermatu dituzue, eta balio asko erakutsi dizkiguzue: herrigintza, konpromisoa, ahalegina eta elkartasuna. Sasi eta traba guztien gainetik, aurrera egingo duzue».

Hain zuzen ere, 50 urte bete dituzten zortzi ikastola omendu zituzten atzoko ekitaldian: Aita Larramendi ikastola (Andoain); Asti Leku ikastola (Portugalete); Elgoibarko ikastola (Elgoibar); Orereta ikastola (Errenteria); Pasaia-Lezo Lizeoa (Pasaia); Resurreccion Maria Azkue ikastola (Lekeitio); San Benito ikastola (Lazkao) eta Santo Tomas Lizeoa (Donostia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.