Egiluzen ikerketa ez uzteko eskatu dute Anberesen senide eta lagunek

150 egun bete dira Galdakaoko gaztea Flandriako Anberes hirian azkeneko aldiz ikusi zutela

Hodei Egiluzen senideek eta lagunek hainbat ekitaldi antolatu zituzten atzo Anberesen. LAIA FRAMIS / EFE.
urtzi urkizu
2014ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
«Ama ahula naiz. Minak suntsitutako ama. Zuen laguntza behar dut semea aurkitzeko». Hitz sentituak Koro Diazenak. Seme bat desagertu eta haren berririk ez izateak sorrarazten duen mina ez baita nolanahikoa. Anberesko (Flandria) kaleetan, amei idatziriko gutun bat banatu zuten atzo Hodei Egiluzen senideek eta lagunek. Amaren hitzekin: «Hodeiren maleta etxeko sarreran daukat. Itxita dago, ez dut indarrik izan irekitzeko. Maleta hori ilusioz beteta atera zen, eta hutsik itzuli da. Hodei ez dagoelako. Lagun nazazue maleta berriro betetzen, nire semea bilatuz».

150 egun joan dira Egiluz Anberesen azkeneko aldiz ikusi zutela. Sakelako telefonoa eta diru zorroa lapurtu zioten. Baina ez dago haren beste arrastorik. Haren bila jarraitzeko eskatu zuten atzo Flandriako hirian senideek, lagunek eta Hodei Bila elkarteko kideek. Haiekin batera izan ziren Ibon Uribe Galdakaoko alkatea eta Marta Marin Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaria Europako Batasunean. Uribe, Marin, Galdakaoko zinegotzi batzuk eta Egiluzen gurasoak Joeri Dillen Anberesko Udaleko kabineteburuarekin bildu ziren atzo. Childfocus elkarteko eta hainbat gizarte mugimendutako kideekin izan ziren ondoren. «Non dago Hodei? Ezin izan da desagertu, inork ezer ikusi edo entzun gabe», ihardetsi du haren amak.

Egiluzen amaren gutuna banatu eta Egiluzen argazkiaren afixak jartzeaz gain, Groenplaats plazan elkarretaratze bat egin zuten. 70 lagun inguru bildu ziren, Egiluzen desagertzea ahanzturan ez gelditzeko eskatzeko. Hiriaren ipar partean, Argiaren Zuhaitza izeneko tokian, berriz, «itxaropen» kandelak piztu zituzten. Senideek nabarmendu dute leku hori «sinbolikoa» dela, handik gertu desagertu zelako Egiluz. Kandela jarri eta isiltasuna gordez egin zuten ekitaldia. Auzo horretan atera zuten azkeneko aldiz dirua gaztearen kreditu txartelarekin, urriaren 19ko gauean.

Gaur goizerako, berriz, martxa bat antolatu dute Egiluzen senideek eta lagunek, Bruselan. Europako Parlamentuaren egoitzaren aurrealdetik irtengo da martxa, 10:30ean. Grand-Placen amaituko dute, 12:00 aldera.

Hiru pertsona espetxean

Belgikako erakunde publikoek uste dute Egiluz delitu kriminal baten biktima izan zela, eta ez zela bere kabuz desagertu. Azaroan, Escalda ibaian hainbat egunez haren bila aritu ziren Poliziaren urpekariak, baina ez zuten gorpurik aurkitu.

Anberesko Fiskaltzako iturriek albiste agentziei jakinarazi dietenez, espetxean jarraitzen dute Egiluzen auziarekin lotutako hiru pertsona. Galdakaoko gaztearen sakelako telefonoa eta diru zorroa zituztelako atxilotu zituzten.

Joan den asteazkenean, bestalde, gazte baten gorpua aurkitu zuten Escalda ibaiko moila batean. Germain Steven Mboyo 24 urteko gaztearena dela uste dute; otsailean desagertu zen Steven, Egiluz azkeneko aldiz ikusi zuten auzo berean. Childfocus erakundearen ustez, ordea, Stevenen desagertzeak ez zuen loturarik izan delitu egintza batekin.

Ez dute galdu itxaropena

Poliziari ikerketarekin jarraitzeko eskatu zuen atzo Koldo Ezkerra Hodei Bila elkarteko kideak. «Antolatu ditugun ekitaldiekin gogorarazi nahi diegu Anberesko herritarrei, erakundeei eta Poliziari Hodei desagertuta dagoela oraindik. Eskatu nahi diegu gaia ez ahazteko».

Era berean mintzatu zen Agustin Salvador ere, Egiluz familiaren laguna: «Helburua da presio egitea ikerketa bertan behera gera ez dadin. Ez dezatela etsi Hodei aurkitu arte». Familiaren egoera gogorra den arren, mezu baikor bat eman nahi izan zuen Salvadorrek: «Animo onez gaude. Itxaropen handiak dauzkagu. Baikorrak gara eta lanean jarraituko dugu». Anberesera egindako bidaiak duen helburuen artean babes gehiago lortzea dela nabarmendu zuen Salvadorrek.

Ezkerrak ere ez du etsitzeko asmorik. «Anberesko herritarrak eta gizarte mugimenduak oso ondo ari dira portatzen, eta babesa azaldu digute. Erakundeak ere lanean ari dira. Baina denborak aurrera egin ahala, Egiluzen desagertzea ahaztu egin daiteke, eta ez dugu nahi hori da gertatzerik». Animoa eta itxaropena ez zaie falta Hodei Bila elkarteko kideei. «Galdetuz gero ea itxaropena dugun Hodei bizirik agertzeko, erantzuna da: Zergatik ez? Ez dakigu zer gertatu zaion, eta, ezer jakiten ez den bitartean, agertzeko itxaropena izango dugu, egunen batean gurekin Galdakaora eramateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.