Etxaidek esan du «goitik behera» aldatu behar dela zerga politika

Aldundietako zerga politika aldatzeko proposamenak erregistratuko ditu LAB sindikatuak

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
xabier martin
2014ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietan egungo politika fiskalaren bidea aldatzeko proposamenak erregistratuko dituela jakinarazi zuen atzo LAB sindikatuak. Proposamen horiek «ELA eta gehiengo sindikala osatzen duten gainontzeko sindikatuekin» partekatuko duela ere erantsi zuen Ainhoa Etxaide idazkari nagusi duen sindikatuak, «zerga politika aldatzeak ekarriko duen bidean denak batera lan egiteko helburuz».

Botere ekonomikoa eta zerga politikaren arteko harreman estua azaldu zuen LABeko idazkari nagusiak, eta hura «goitik behera» aldatzeko beharra azpimarratu zuen Rafa Izquierdo sindikatuko politika ekonomikoetako idazkariarekin batera. Zerga politika botere horrek inposatzen duela esan zuen, betiere enpresa handien eta aberastasun handien alde, eta «PP eta PSEren laguntzarekin» EAJ egin zuen politika horren «arduradun».

Confebasken bulegoan ez

LABek dioenez, euskal gizarteko «egoera larriari buelta emateko», zerga politika irauli behar da, eta, horretarako, sektore publikoak «motor ekonomiko sendo eta eraginkorra» izan behar duela; aberastasuna banatzea «ezinbestekoa» da, Etxaideren ustez. Finean, LAB sindikatuak dio egungo zerga politikak «urrundu» egingo duela krisiaren irteera. Bizi-baldintzak bermatzeko «behar-beharrezko» jotzen ditu enplegua, zerbitzu publikoak eta laguntzak. «Hori aberastasuna banatuz lortzen da, nahiz eta gaurko zerga sistemaren ereduak kontrakoa egiten duen».

Ekonomia «premia sozialei begira» jartzeko estrategia garatzea exijitu zuen Etxaidek, «politika publikoak eginez». Hiru zutabetan oinarritu behar da aldaketa hori, sindikatuaren aburuz. Batetik, zerga politikan parte hartze eta akordio soziala «derrigorrezkoa izatea» aipatu zuen idazkari nagusiak; «politika hori ez dadila Confebasken bulegoetan erabaki». Bestetik, zerga politikaren eztabaida finkatuko duten irizpideak «premia sozialak eta egoera ekonomikoa» izan daitezela nahi dute. Eta azkenik, eredu eta zerga politika «bere osotasunean hemen erabakitzeko eta kudeatzeko gaitasuna eskuratzea» ere nabarmendu zuen LABek.

Aldaketak erakundeetan erabaki eta erakundeetatik «bideratu» behar dira sindikatu abertzaleak esan zuenez, baina, era berean, aldaketak egongo diren ala ez bakarrik instituzioen esku ezin direla utzi gaineratu zuen Etxaidek. Gizarteak aldaketak behartzeko egiteko gorde behar duela azaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.