Caritasek dio gero eta gehiago direla behar oinarrizkoak ase ezin dituztenak

Krisiagatik senideen laguntza «higatzen» ari dela uste du, artatzen duten herritar kopurua urtero igotzen delako

Caritasen aterpe bateko jantokia. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
2013ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Caritas arduratuta dago Hego Euskal Herriko pobrezia datuekin. «Familiako arazo larri bat dago; orain arte aiton-amonek eta haien pentsioek laguntzen zuten, baina orain huts egiten ari da», adierazi du Arabako Caritaseko idazkari nagusi Ramon Ibeasek.

2012ko balorazioa egin zuten herenegun, eta jaso dituzten datuetan ikusi dute urtetik urtera herritar gehiago artatzen dituztela. «Krisia luzatzeagatik gertatu da, batez ere», adierazi dute Caritaseko ordezkariek. Langabeziaren eta familiak zorpetzearen eraginez pobrezia «kronifikatu» egin dela ohartarazi dute, eta horrek arazoa «larriagotu» duela ere bai. Krisiaren luzapenak senitartekoen gogo aldartean eragin duela ziurtatu dute, eta, horren eraginez, herritar gehiago bakarrik daudela eta duten egoera ekonomiko «prekarioari» aurre egiteko babes «gutxi» dutela.

Herritar gehienek oinarrizko beharrei — etxebizitza, elikadura eta arropa— lotutako laguntza eskatu dute, baita lanari eta heziketari lotutakoa ere.

Erakundeen jarrera kritikatu dute. Esan dute egungo egoeran ez direla nahikoa ekonomian, osasunean, hezkuntzan eta zerbitzuetan eskaintzen dituzten laguntzak. Horregatik, egoera hobetzen saiatzeko eskatu diete erakunde publikoei.

Etengabe gora

Artatutako herritarren kopurua azken urteetan etengabe igotzen ari dela jakinarazi dute. 2011. eta 2012. urteak alderatuta ere nabari da aldaketa. Araban, 5.473 herritarri eman zien laguntza; Bizkaian, 13.002ri eta Gipuzkoan, 29.081ri. Gipuzkoan, 2011ren aldean, %20 igo dela esan dute.

Nafarroan ere egunetik egunera egoera okertzen ari da. 2013. urteko lehenengo hiruhilekoan 3.688 lagun artatu dituzte; iaz, denbora tarte berean, 500 lagun gutxiago artatu zituzten. Diru sarrerarik gabeko herritar kopurua ere nabarmen igo da Nafarroan; iaz, 418 ziren, eta aurten, ordea, 1.099. Datu horien harira, Nafarroako Caritaseko ordezkari Angel Iriartek esan du «egoera benetan penagarrian» dauden herritarren kopurua handitzen ari dela.

Pobre emakumeak gehiago direla jakinarazi dute. 2012an Bizkaian artatutakoen %58 emakumeak ziren, eta Arabakoen %61 ere bai. Gipuzkoako daturik ez dute eman, baina krisiaren ezaugarrietako bat senideen «karga» duten bikotekiderik gabeko emakumeen egoera «txarra» da.

Balorazioan gauza positibo bat aurkitu dute: elkartasunaren hazkundea. Gipuzkoan izan du igoera nabarmenena: 2011n, 1.200.000 euro lortu zituzten, eta iaz, bi milioi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.