Oinarrizko euskara maila aitortuko du Eusko Jaurlaritzak, bi egiaztagirirekin

Orain indarrean dauden mailak baino bi apalago zehaztu dituzte: A1 eta A2; 9.200 ikasle ari dira horiek lortzeko asmoz

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Euskara maila aitortzeko beste bi egiaztagiri eratuko ditu Eusko Jaurlaritzak, oinarrizko maila dutenei aitorpena egiteko. Gutxieneko maila lortzeko asmoarekin, 9.200 ikasle ari dira gaur egun euskaltegietan; hiru estudiantetik bat, beraz. Kontua da orain arte egiaztagiri gutxienekoa oinarrizko mailatik goragokoa zela; batzuentzat ezinezkoa da hori lortzea, Jaurlaritzaren ustez. Maila apala izanda ere aitorpena egitea aurrerapausoa dela esan du Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. «Era guztietako erabiltzaileak behar ditugu. Oinarrizko maila dutenek ere ekarpen handia egin diezaiokete hizkuntz bizikidetzari».

Hizkuntzei buruzko Europako sailkapenak sei maila zehazten ditu. Apalenetik garatuenera: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2. Kontua da orain arte euskarazko egiaztagiri apalena B1 mailakoa zela —HABEko lehen mailaren parekoa—. «Maila apalenak ere definitzea» izan dute helburu orain, Joseba Erkizia HABEko zuzendariaren esanetan. «Maila hori ematen da jada euskaltegietan. Erreferentziazko materiala sortu da orain».

Maila aitortuko dutela jakinaraztearekin batera, material bat aurkeztu du Jaurlaritzak, Primeran! izenekoa. Elhuyarrek taxutu du, eta A1 eta A2 mailak lortzeko asmotan diren estudianteentzat.

Euskara erabiltzeko gutxieneko gaitasuna lortzea da helburua maila horretan. Erkizia: «Helburua ez da gramatika, komunikatzea baizik. Erabiliz ikasten da». Datu bat eman du Baztarrikak: 35 urte baino gehiagoko herritarrak hartuta, hamarretik sei erdaldun elebakarrak dira. «Askorentzat ezinezkoa da B2 edo C1 mailak lortzea». Horregatik, «aukera bat» eman nahi diete pertsona horiei.

Gizartearentzat ona izango da hori, Baztarrikaren ustez. «Gauza bagara elebidun oso direnen kopuruari gehitzeko hainbat hiztun oinarrizko, gizartearen parte handi bat elebidun izateko, egiazkoagoak izango dira hizkuntz aukeren berdintasuna eta gizabanakoen hautua». Nahiz eta abian jarri dituzten bi maila apalago, Baztarrikak iragarri du horrek ez duela ekarriko alor publikoko langileen hizkuntz eskakizunak apaltzea.

Mozketak direla eta

Murrizketek alarma eragin dute euskalgintzan. Daturik ez zuen eman nahi izan atzo Baztarrikak. Bi ideia nabarmendu zituen. Bat: «Jaurlaritzaren lehentasunak geure egiten ditugu». Bi: «Euskararen erabilera gizarte bizitzan bermatzeko diren jarduerei kalterik ez egitea da helburua, eustea. Koordinazioa findu beharko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.