Erreskatea Espainiarentzat

Kutxabank isilik, kontu ikuskarien azterketek zer dioten ikusi arte

Azken erreformako betebeharrak nola beteko dituzten esan diote erakundeek Espainiako Bankuari

Donostia
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Erreskatearen inguruan sortu den zurrunbilotik aparte egon nahi du Kutxabankek, zurrumurru eta espekulazioetatik urruti. Ez du iritzirik emango Espainiak bankuentzat jasoko duen laguntzaren inguruan eta ez du esango diru hori erabiltzeko asmorik duen, behintzat kontu ikuskari independenteen azterketen emaitzak esku artean izan arte. «Uztailaren bukaera aldera kaleratuko dituzte emaitza horiek eta orduan jakingo dugu erakunde bakoitzak zenbat diru behar duen. Ez du zentzurik aurrez hitz egiteak», adierazi diote BERRIAri Kutxabankeko iturriek.

Badira, ordea, hitz egiteko horrenbeste erreparo ez dutenak. Angel Ron Banco Popularreko presidenteak, esaterako, dagoeneko ziurtatu du berak gidatzen duen erakundeak ez duela laguntza horretatik ezer jaso beharrik izango. Banco Pastorrekin bat egiteko operazioa bide onetik doala adierazi du, aurreikusitako epeak betetzen ari direla, eta diru publikoaren beharrik ez dutela. Fusioa erabat gauzatzen dutenererako —2013a bukatzerako— erreserbetan etxegintzako maileguen %43 estaltzeko adina diru izango dutela aurreratu du, gainera. «EBAk [Europako Banku Agintaritzak] eta Espainiak ezarritako kapital betebehar guztiak zuzen betetzeko moduan izango gara».

Ibercaja, Liberbank eta Caja3 erakundeen bat egitetik sortuko den taldeak, aldiz, bai, Europaren laguntza beharko. Halaxe baieztatu du Jesus Medina Caja Extremadura fundazioko presidenteak. Hori bai, zehaztu du laguntza eskatuko duten erakundeen artean diru gutxien beharko dutenetarikoa izango dela.

Gainontzeko erakundeek adierazpenak egitea saihestu egin dute oraingoz, erreskatearen inguruan xehetasun gutxiegi argitu direla iritzita. NDF Nazioarteko Diru Funtsak asteburuan kaleratutako txostenak, ordea, garbi zioen, Espainiako finantza sistemako erakunderik gehienek jaso beharko dutela Europaren laguntza. Hiru handienak, alegia, Santander, BBVA eta La Caixa besterik ez zituen baztertu zerrenda horretatik. Baina Banca Civica irensteko La Caixak ere laguntza beharko duela diote sektoreko adituek.

Dirurik gehien beharko dutenak —6.000 eta 21.000 milioi euro artean— dagoeneko esatuaren laguntza jaso behar izan duten erakundeak dira, Bankia kasu. Gutxien beharko dutenak —200 eta 1.100 milioi euro artean—, berriz, oraindik diru publikorik jaso ez dutenak, tartean, Kutxabank.

Atzora arteko epea

Auditore independenteen azterketaren emaitzen zain dauden bitartean, badute beste zereginik Espainiako finantza erakundeek. Atzorako maiatzaren 11ko finantza erreformaren baitan Espainiako Gobernuak jarri zizkien baldintzak betetzeko zer egingo duten jakinarazi behar zioten Espainiako Bankuari.Beste 30.000 euro gordetzeko eskatu zien orduan, ordura arte arrisku gabekotzat jotzen ziren eraikuntzako maileguetan estaldura handitzeko. Hilabeteko epea eman zien diru hori nondik aterako duten zehaztean, atzora arteko epea hain zuzen.

Baldintza berriak betetzeko 855 milioi euro baztertu beharra zeukala jakinarazi zuen orduan Kutxabankek. Horretarako baliabideak bazituela ziurtatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.