Baztandarren Biltzarrean hogei orga arituko dira desfilatzen

Elizondon elkartuko dira etzi Baztango herritar asko eta asko, urte osoan itxoin duten festa ospatzeko

2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Baztango herrien arteko adiskidetasuna eta elkartasuna bultzatzen duen 47. festa prest dago. Baztandarren Biltzarrak, aurreko urtean bezala, egun bakarra izango du, eta etzi ospatuko da. «Iaz Elizondoko plaza obretan egotea izan zen egun bakarrean egiteko arrazoia, eta dena primeran joan zen; horregatik erabaki dugu aurten ere egun bakarrean egitea», esan du Ana Arretxea Baztandarren Biltzarreko antolatzaileetako batek.

Etzi, Baztango hamabost herrietatik etorritako 10.000 lagunetik gora bilduko dira Elizondon. Ohi bezala, orgen desfileak bilduko du jende gehien karriketan. Gaiak anitzak izaten dira, baina lehenagoko konturen bat edo Baztango historiarekin zerikusia duen pasarteren bat irudikatu ohi dute. «Herri bakoitzeko gazteek egiten dituzte orgak. Urtetik urtera aldatzen dituzte orgen gaiak, ez errepikatzen saiatzen dira; lehenagoko ohiturak eta halakoak aurkezten saiatzen dira gehienbat», esan du Arretxeak. Desfilea irekitzen eta banderak eramaten Baztan ikastolakoak arituko dira, aurten 40. urteurrena ospatzen baitute. Horrez gain, orga sinbolikoa ere haien esku geratu da. «Hasierako banderak eta orga sinbolikoa Baztan ikastetxeko guraso, ikasle eta irakasleek eramango dituzte», aipatu du Arretxeak.

10:00etan hasiko dute festa Arizkuneneko atze aldean egingo duten eskulangileen erakusketarekin. Bueltatxoa eman eta hango produkturen bat edo beste erosi ostean, hainbeste itxarondako orgen desfilearen garaia etorriko da.

Herri bakoitzeko kide batek osatuko du orga irabazlea aukeratuko duen epaimahaia, inolako laguntasunik egon ez dadin, eta desfile osoan adi-adi egongo dira, irabazlea aukeratzeko. Urte osoan egindako lana eta ikusleengan sortutako giroa hartuko dute kontuan. «Guretzat hain egun garrantzitsua izanda, ikaragarrizko poza da orgen txapelketa irabaztea. Urtetik urtera, herrietako gazteak haserretu egiten dira elkarren artean, eta horrek hurrengo urteko orga gogo gehiagorekin egitera bultzatzen ditu. Sariak ekonomikoki ez du balio handirik, sentimenduak gailentzen dira», baieztatu du Arretxeak.

Guztira hogei orga izango dituzte aurten. Herri bakoitzak bat eramango du, Elizondok izan ezik; horrek sei aurkeztuko ditu. Orgak ez ezik, dantzariak, gaiteroak, txistulariak, trikitilariak eta Iturengo joaldunak ere egongo dira desfilean.

14:00etan, mutil dantzak ikusi ahal izango dira Elizondoko herriko plazan, eta ondoren, herri bazkariari ekingo zaio.

Herri bazkaria

14:30ean hasiko da herri bazkaria. Merkatuko zelaian izango da, eta 1.500 lagun inguru bilduko ditu. «Oraingoz, hamasei laguneko 90 mahai dauzkagu erreserbatuta, beraz, 1.500 bat lagun etortzea espero dugu», adierazi du Arretxeak.

Hala ere, eguraldiaren zain daude, euria eginez gero, leku batzuk aldatu egin beharko baitituzte. «Espero dugu eguraldiak gure aurka ez egitea; euriak guretzat sekulako lana suposatuko luke», ohartarazi du Arretxeak.

Bazkaria amaitutakoan, 2011ko Baztandarren Biltzarreko komunikatua irakurriko dute. Ondoren, Baztan ikastolakoei omenadia egingo zaie 40. urteurrenaren aitzakiaz, eta kartel lehiaketako irabazleari saria emango zaio.

Hori bukatutakoan, herri guztietako gazteak dardaran jarriko dituen momentua iritsiko da: orgen txapelketako irabazlearen aitorpena eta sari ematea. Batzuek irribarrea eta besteek amorrua dutelarik, berriro dantzarien garaia iritsiko da. Haiek bukatutakoan, Trikidantz festari emango zaio hasiera, arratsalde osoan festa giroa gal ez dadin.

Baztandarren Biltzarra bukatu eta oraindik indarrak gordetzen dituztenentzat, Laiotz taldearekin dantzaldia egongo da, Laxoko frontoian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.