Hiru ikuskizunetik bat estreinaldia izango da Leioako Umore Azokan

Euskal Herriko nahiz atzerriko konpainiek 55 obra emango dituzte, maiatzaren 16tik 19ra egingo den jaialdian

Erredakzioa
Bilbo
2013ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Berrikuntzak izango dira nagusi maiatzaren 16tik 19ra Leioan (Bizkaia) egingo den Umore Azokan, eta, hain zuzen ere, egitarauan izango diren ikuskizunen heren bat erabateko estreinaldiak izango dira. Antolatzaileek 300 proposamenetik gora jaso dituzte aurten, eta, horien artean,55 aukeratu eta taularatuko dituzte Leioan.

Euskal Herria, Herrialde Katalanak eta Frantzia izango dira aurtengo Umore Azokako ardatz. Hain zuzen ere, konpainia gehienak hiru herrialde horietakoak izango dira. Euskal Herriko hamabi antzerki talde izango dira Leioan, eta horietatik zortzik erabateko estreinaldiak emango dituzte. Honako hauek izango dira konpainia horiek: Al Di La, Bapatean Zirko, Cachaba Teatro, Deabru Beltzak, Ertza, Gaupasa/Nacho Vilar Producciones, Ipso Facto eta Trapu Zaharra.

Kataluniatik hamasei konpainia etorriko dira Leioako Umore Azokara. Horietako hiruk ikuskizun berriak estreinatuko dituzte, beste hiruk antzokitarako prestatutako obren kalerako bertsioak aurkeztuko dituzte eta working progress bat ere egongo da.

Frantziako La Mini Compagniek obra berri bat estreinatuko du Leioan, eta beste hiru obra ere aurreneko aldiz ikusi ahal izango dira Euskal Herrian. Espainiatik datozen beste hiru konpainiarenak izango dira gainerako estreinaldiak.

Leioako Umore Azoka munduan kaleko antzerkiaren barruan egiten den erakusleihoetako bat da, eta, aurten ere, hainbat tokitatik iritsitako lanak antzeztuko dituztea: Herbehereak, Polonia, Italia, Israel, Erresuma Batua, Errusia, Errumania, Turkia... Egitarauan antzerkia, zirkua, dantza, clown, txotxongiloak, musika eta performancea tartekatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.