Ander Lipus: «Krisia badago, baina antzerkia egiten ari da»

Obra «berritzailea, ausarta eta lotsagabea» dela iritzita, 'Errautsak' antzezlanari eman diote Donostia Antzerki Saria
Artedramak, Le Petit Theatre de Painek eta Dejabu panpin laborategiak sortu dute <em>Errautsak</em>.
Artedramak, Le Petit Theatre de Painek eta Dejabu panpin laborategiak sortu dute Errautsak. NICOLAS MOLLO

Ainhoa Sarasola -

2011ko martxoak 11
Donostian euskarazko sei antzezlan eskaini ziren iaz, eta horien artetik Errautsak aukeratu dute XI. Donostia Antzerki Saria emateko. Artedramak, Le Petit Theatre de Painek eta Dejabu panpin laborategiak elkarlanean sortutako obraren kalitatea eta balioa nabarmendu ditu epaimahaiak, «berritzailea, lotsagabea, ausarta eta komunikatzeko gaitasun handikoa» dela iritzita. Hilaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo da sari banaketa ekitaldia, Viktoria Eugenia antzokian, eta saritutako lana taularatuko dute ekitaldiaren ostean.

Hileta batean berriro elkartzen den aspaldiko lagun talde bat aurkezten du obrak, belaunaldi jakin baten erretratua egiteko. Ipar eta Hego Euskal Herriko aktoreak elkarlanean aritu izana «aberasgarritzat» jo du Belen Cruzek, Itziar Bilbaok, Arantxa Gurmendik, Agus Perezek eta Norka Chiapusok osatutako epaimahaiak. Euskalki eta hizkera molde ezberdinak «maisutasunez» uztartu dituztela, eta euskal kantutegiko jatorri, estilo eta garai ezberdinetako kantak «ausardiaz» baliatu dituztela uste dute epaimahaikideek. Halaber, Ximun Fuchsen zuzendaritza lana nabarmentzekoa dela iritzi diote. Iazko azaroan estreinatu zuten obra, eta publikoaren aldetik jasotako harrera aipatu du epaimahaiak, «normalean antzokietara joaten ez den ikuslea erakartzea lortu baitu».

Saria «ohore bat» izan da Artedramako Ander Lipusentzat. Krisi garaiotan «alarmak pizten» direla-eta, BERRIA-k euskarazko antzerkiaren egoerari buruz iragan hilean publikatutako artikulu bat ekarri du gogora. Iaz, Sarea osatzen duten antzokietan, euskarazko 135 emanaldi baino ez zirela izan jasotzen zuen albisteak, hots, antzoki publikoetan %60 jaitsi zirela saioak. Datuoi ikuspegi baikorra ematearren, Artedramak iaz 61 emanaldi eskaini zituela azaldu du aktoreak. «Horrek esan nahi du euskal antzerkia ez dela bakarrik Sarea, beste tresna batzuk dituela eta baliatzen dituela. Krisia badago, baina euskal antzerkia egiten ari da». Datuen gainetik, «euskal antzerkiak beste bide batzuk ere jorratzen dituela eta jorratu behar dituela» uste du.

Obra sortzeko Ipar zein Hego Euskal Herriko konpainiak elkarlanean aritu izana nabarmendu du Lipusek, eta pozik agertu da egindako apustuarekin. «Donostia guretzat plaza polita da, zorionez antzokiak nahiko betetzen ditugu, eta uste dut hor ere badagoela gako bat: guk geuk, artistok, publiko bat erakartzea lortu behar dugu. Uste dut euskal antzerkiaren inguruan hausnarketa dezente dagoela oraindik egiteko, eta denok egin behar dugula horren aldeko apustua».

Sariagatik esker oneko agertu da Urko Redondo Dejabuko kidea ere, eta Errautsak lanarekin «beste sari potolo bat» jaso dutela uste du: «Publiko bat izan dugu hor, emanaldi guztietan. Horrek poz handia ematen du, eta indarra aurrera jarraitzeko». Lanaren berri jendartean ahoz aho zabaldu dela nabarmendu du aktoreak, «kulturarekin gertatu beharko lukeen, baina orokorrean gertatzen ez den zerbait» baita, haren ustez.

Harri Xurin egonaldia

Ainize Txopitearen margolan bat jasoko dute Errautsak-en egileek sari gisa. Horrekin batera, 10.000 euro jasoko dituzte, eta 2013a baino lehen beste antzezlanik prestatzen badute, Donostian taularatzeko aukera izango dute. Modu horretan, sorkuntza berriak egitea erraztu nahi dutela azaldu du Denis Itxaso Kultura zinegotziak, eta, bide berean, aurten berritasun bat gehitu diote sariari. Izan ere, sarituek Luhusoko (Lapurdi) Harri Xuri sorkuntza gunean bi asteko egonaldia egiteko aukera izango dute ikuskizun berri hori prestatzeko. Hiru konpainiak elkarrekin beste lanen bat sortzeko gogoz daudela azaldu du Lipusek.

Iaz, euskarazko sei antzezlanen hamazazpi emanaldietan 3.490 ikusle bildu zirela azaldu du Ainhoa Beola Euskara zinegotziak. Haren hitzetan, Donostian euskarazko antzerki programazioari eutsi egin zaio, eta aurten ere eutsiko zaiola ziurtatu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: