Sofi Oksanen 'Garbiketa' nobela finlandieratik itzuli dute

Stephane Hessel, Kai Meyer eta Daniel Glattauer idazleen lanak ere argitaratu dituzte
Inaxio Mujika, Josu Zabaleta, Joseba Ossa, Maia Ossa, Mia Rissanen eta Iñaki Aldekoa.
Inaxio Mujika, Josu Zabaleta, Joseba Ossa, Maia Ossa, Mia Rissanen eta Iñaki Aldekoa. GARI GARAIALDE / ARP

Ane Urrutikoetxea -

2011ko urriak 22
Une historikoen atzean, beti aurki daiteke ezkutuan bizitako beldur eta sufrimenduen testigantza. Sofi Oksanen idazle finlandiarrak Estoniako independentziaren garaian elkartutako bi emakumeren istorioak kontatzen ditu Garbiketa nobelan. Joseba Ossa eta Mia Rissanen senar-emazteek itzuli dute lana.

Alberdania eta Erein argitaletxeek osatutako Batera sailak aurkeztu du Oksaren nobela, beste hiru libururekin batera: Stephane Hesselen Konprometitu zaitezte!, Kai Meyerren Arkadia iratzarria eta Daniel Glattauerren Ipar haizearen kontra. Inaxio Mujika argitaratzailearen esanetan, irakurle multzo zabalarentzako liburuak dira: «Jende askori iristeko sortuak dira, eta literatura maila altua zein gaurkotasun handia dute».

Oksanen lana jatorriz antzerkirako idatzi dela azaldu du Rissanenek: «Europan arrakasta handia izan du antzezlanak; Oksanenek maisuki irudikatzen du gerraren gordintasuna bi emakumeren solasaldiaren bitartez». Ossak Euskal Herria alderatu du 1992an Estoniak independentziarekin bizitakoarekin: «Mia eta biok Estonian izan ginen garai hartan, eta azken egunotan Euskal Herrian sentitu den zirrara bera sentitu genuen orduan. Oksanen nobelak bete-betean islatu du sentimendu hori». Rissanenek adierazi du erronka polita izan dela jaioterriko adierak euskaratzea: «Lan ederra izan da hain ondo ezagutzen ditudan elementu eta esanahiak euskarara itzultzea zentzua galdu gabe».

Arrakastara deitutako lanak

Mujikaren hitzetan, irakurleak erakartzeko gai diren liburuak aukeratu ditu sailak: «Arrakasta izateko jaioak diren lanak dira denak. Dena den, Oksanen nobela oraindik ez dago gaztelaniara itzulia, eta halakorik argitaratzen dugun lehen aldia da».

Josu Zabaletak itzuli du Hesselen lana. Haren hitzetan, gaurkotasun handiko testua da: «Gai askoren inguruko elkarrizketek osatutako ondorioak biltzen ditu Hesselek. Eskarmentu handiarekin dago idatzia». Glattauerren lana Irati Elorrietak itzuli du. Ziberespazioan ezagututako bi maitaleren tirabirak kontatzen ditu; alde batetik, sareak eskaintzen duen babesa ezkutaleku paregabea da, baina errealitateari aurre egiteko beldurrak erlazioa hozten du. Mujikaren esanetan, argitasun handiz dago idatzia: «Irakurri, eta burura datorkizun lehen ideia hau da: idazle honek non arraio ikusi nau ni?».

Kai Meyerren nobelak, berriz, Siziliako familien borroken artean sortutako maitasun istorio bat kontatzen du. Azken hori Pello Zabaletak itzuli du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna