'The Master' da Veneziako Urrezko Lehoia irabazteko faboritoa

Zinema jaialdia gaur bukatuko da, eta Paul Thomas Andersonen lanak jaso ditu laudorio gehien, nabarmen

Agentziak
Venecia
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
The Master da Veneziako zinema jaialdiko film onenaren saria, Urrezko Lehoia, irabazteko faboritoa nagusia. Joan den abuztuaren 29an hasi zen jaialdia, eta gaur bukatuko da. Tarte horretan Paul Thomas Andersonek zuzendutako filmak jaso ditu laudorio gehien, nabarmen gainera, Sail Ofizialean aurkeztu dituzten 18 lanen artean. Ustekabe handirik ezean, Michael Mann buru duen epaimahaiak zinemagile estatubatuarrari emango dio sari nagusia.

Ez dirudi, ez, Brian de Palmari emango diotenik. Sail Ofizialean lehiatuko diren azkeneko bi lanak aurkeztu zituzten atzo, eta horietako bat zen De Palmarena. Halere, Passion-ek ez hotz ez bero utzi zituen kritikariak. Gorabehera bitxiz betetako intrigazko film ero samarra da Carrie-ren eta Scarface-ren egilearena. Betiereko lehian bizi diren bi emakumezko dira protagonistak, eta rol horietarako Rachel McAdams eta Noomi Rapace aktoreak aukeratu ditu De Palmak. «Intrigazko filmek aukera ematen didate nire istorioak oso modu bisualean kontatzeko», esan zuen zuzendariak, atzo, prentsaren aurrean.

Eguneko beste filma Francesca Comencini italiarraren Un giorno speciale izan zen. Komedia dramatiko argia da, eta aktorea izan nahi duen emakumezko bat eta gidari bat lotu ditu Comencinik istorio berean. «Komedia arinetik drama gogorrera egiten du».

Lan horrek ere ez hotz ez bero utzi zituen ikusleak. Hortaz, Andersonena da faboritoa. Bilaketa espiritualari buruzko hausnarketa basatia egin du bere azken lanean. Brillante Mendozaren Thy Womb naturalistak ere sari nagusia irabazteko aukerak dauzka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.