Nafarroaren konkistaren V. mendeurrena

«Nabarrismoa deseroso dago»

Nafarroaren konkistaren inguruan eztabaidatu dute 'Berria.info' webgunean Floren Aoizek eta Mikel Sotok
Floren Aoiz, Iñaki Petxarroman eta Mikel Soto, atzo, BERRIAren Andoaingo erredakzioan.
Floren Aoiz, Iñaki Petxarroman eta Mikel Soto, atzo, BERRIAren Andoaingo erredakzioan. ANDONI CANELLADA / AGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2012ko ekainak 13
Iragan astean Felipe Borboikoak adierazi zuen duela bost mendeko konkistarekin Nafarroak «betiko norabide hispaniarra» berreskuratu ahal izan zuela. Alabaina, esparru ofizialetan ia oharkabean igaroko da mendeurrena, eta, horregatik, Floren Aoiz historialariari bereziki deigarria egin zaio. Ospakizun arranditsuetan dirua xahutzea orain gaizki ikusia badago ere, haren ustez, aditzera ematen du «zein deseroso» bihurtu zaion konkistaren auzia nabarrismoari: «Izugarrizko data garrantzitsua da eurentzat Nafarroak norabide hispainiarra berreskuratu zuelako. Asko lukete ospatzeko, eta nola gainera... Bada, ez dute ezer ospatzeko asmorik».

Iñaki Petxarroman BERRIAko zuzendariordeak gidatutako mahai inguruan, Nafarroako konkistaren inguruan solastu dira Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editorea eta Floren Aoiz. Aoizek bereizi egin nahi izan ditu gertaera historikoen gaineko bi esparru: bata, historiaren ikerketaren eta analisiaren eremua; eta bestea, lehia ideologikoarena. Historiaren ikerketari dagokionez, gaur egungo historiografiak argi uzten du 1512an hasitako prozesua «konkista bat» izan zela: «Gaur egun, oso zaila da defenditzea hura ez zela konkista».

Lehia ideologikoari dagokionez, Nafarroako politikan konkistaren auziak garrantzi berezia du, hein handi batean egungo nabarrismoaren eraikuntza ideologikoaren oinarria delako 1512ko gertaera hura. Aoizen ustez, gaur egun konkista izan zela onartuta ahuldade politikoa erakusten du nabarrismoak. «Miguel Sanzek onartu zuen konkista bat zela, ados, baina konkista hura onuragarria izan zela Nafarroarentzat. Espainia erreskatatzen ari dira. Benetan konkista hain onuragarria izan zen?».

Sotok interesgarritzat jo du interpretazio hori, eta «oso inportantea» deritzo UPNren inguruko sektoreen deserosotasun horri «ahal den baliabide guztiekin» aurre egitea. Dena den, era berean, iragana ezagutzeko historia garrantzitsua dela azpimarratu arren, iritzi dio arriskutsua dela posizio politikoak finkatzeko historia erabiltzea. «Nik nahiago dut oraina erabiltzea, iragana baino», adierazi du. «Kontu handiz erabili behar da, historia motibazio iturri delako eta arrazoi ematen dielako motibazio politiko guztiei. Neurtzen jakin behar da», zehaztu du.

Alde horretatik, «modu zirikitzailean» Txalapartako editoreak konkistaren mendeurrenaren inguruan sortzen ari den mugimenduaren gaineko artikulu kritikoa argitaratu du berriki. Haren ikuspuntutik, ikuspuntu historizista horrek muga erakutsi du Nafarroako eremu batzuetan abertzaletasuna hedatzeko orduan. Era berean, iruditu zaio ez dela onargarria ikuspuntu historizistaren inguruan jarrera kritikoa duten ezkerreko sektore abertzaleen aurka presio talde batzuek erakutsitako jarrera.

Aoizek argi du lehia ideologikoan ez duela energiarik xahutu nahi «etxean» izan daitezkeen eztabaida korapilatsuekin. Dena den, kontzeptualki «matxinatu» egiten da zenbaitek Nafarroa «Euskal Herriaren ondare historikoaren biltegi» bihurtu nahi dutenean. «Nafarroak ez dio Euskal Herriari iragan handi bat ematen. Afera da etorkizunari begirako perspektiba izatea, iragana aintzat hartuta».

Mahai inguruaren bideoa hemen ikusgai

www.berria.info

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna