Draghiren erantzunari begira

Nazioarteko Diru Funtsak inflazio txikiari aurre egiteko neurriak exijitu dizkio Europako Banku Zentralari

Ivan Santamaria - Iker Aranburu
2014ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Europako Batasunean dagoen inflazio txikiaren arazoari lowflation izena jarri dio NDF Nazioarteko Diru Funtsak. «Inflazio txikiko bolada luze eta iraunkor bat» deskribatzeko asmatu berri dute hitza funtseko ekonomialariek, eta egoera horrek ekonomiaren susperraldirako dakartzan arriskuei buruzko kezka islatzen du. Pilota, gaur berriro, EBZ Europako Banku Zentralaren eskuetan dago: inflazioa puzteko neurririk hartuko duen edo ez argitu beharko du.

Esku hartzeko eskaerak pilatzen ari dira Mario Draghi EBZko presidentearen mahaian. Bezperan, mugitzeko eskatu zion Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak. Atzo, Christine Lagarde NDFko buruaren txanda izan zen. Inflazioa ezarritako helburuetara itzul dadin «ezohiko neurrien» tenorea dela uste du Lagardek: «EBZk duen eginbeharren barruan dago».

Epe ertainera inflazioa «%2ren azpitik baina hortik hurbil» egotea da EBZk legez duen ia betebehar bakarra. Gaur egun, inflazioa %0,5 da. Agindua betetzen duela argudiatzeko, EBZk azpimarratu du inflazioak apurka gora egingo duela, aurreikuspenen arabera.

Inflaziorik ezaren arriskuak

Atzeraldia amaitu den arren, hazkundearen erritmoa oso motela da, eta ez da nahikoa euroguneko langabezia tasa handia (%11,9 otsailean) txikitzeko edo azken urteotan zabaldu den pobrezia gutxitzeko. Are gehiago, deflazioaren mamua gainean du euroaren eremuak: prezioak %0,5 baizik ez dira igo azken urtean eurogunean, eta tasa negatiboetan daude herrialde hauskorrenak. Berri ona izan daiteke hori soldata jaitsierei edo izozteei aurre egin behar dieten milaka euskal herritarrentzat, baina arrisku bat badakar: deflazioa, alegia. Hau da, prezioak etengabe jaisteko gurpil zoro batean sartzea; deflazioak kontsumoa eta inbertsioa atzeratzen ditu —prezio hobeen zain geratzen dira herritarrak eta enpresak—, horiek gabe ekonomia uzkurtzen da, eta horrek prezioak gehiago jaistea dakar, eta, horrela, haustea oso zaila den kate bat sortzen da.

Azken bi bileretan, Mario Draghik eta EBZko kontseiluko beste kideek eutsi diote zerbait egiteko presioari, ekonomia hoberantz doan aztarnak aurkitzen zituztelako. Baina iristen diren datuak ez dira oso positiboak, eta uzkurren artean uzkurrenak ere—Alemaniako Bundesbank banku zentrala— hasi dira doinua aldatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.