Godot euskaldun baten modura

'Urak ttiki dire' tragikomedia absurdoa estreinatuko du bihar Gilkitxaro antzerki taldeak Bilbon

Ane Zabala eta Galder Perez Gilkitxaro antzerki taldeko kideak, Ilargi eta Willi pertsonaien rolean. GILKITXARO.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Basoan egiten dute topo bi pertsonaia nagusiek. Baina topaketa bat baino gehiago, aurrez aurreko bat kontatzen du Urak ttiki dire antzezlanak. Bake bila joan da Ilargi, eta ekintza suntsitzaile bat egiteko asmoz Willi. Hortxe piezaren oinarria. Eta egoera surrealista hori da guztiaren abiapuntua. «Godot euskaldun baten moduko zerbait da», zehaztu du Galder Perez Gilkitxaro antzerki taldeko kideak. «Tragikomedia absurdo bat». Idazkera poetikoaren eta antzerki absurdoaren bidegurutzean. Gogorra da kontatzen duena, baina xamurra da kontatzen duen modua. Gaizka Sarasola idazle eta musikari lesakarrak idatzi du testua, eta Ane Zabala eta Perezek jokatuko dute oholtzan. Ilargi izango da bata, eta Willi bestea. Basoan biak. Bihar eta etzi eskainiko dituzte lehen emanaldiak Bilboko Pabiloi 6 aretoan, 20:00etan hasita.

Ez dute gertatzen direnei buruz askorik aurreratu nahi izan: bi pertsonaiaren arteko aurrez aurrekoa izango dela. Hori baino ez. Giza harremanak direla guztiaren muina, alegia. Baina esan ez arren, iradoki dute gehiago ere. «Bada herri honetako eguneroko bizitzan ondorio asko izan dituen bestelako gai nagusi bat: borroka, pertsonen arteko borroka, pertsonen aurkako borroka, borroka armatua, borroka poetikoa...». Baina zehaztapena ere egin dute gero. «Samurtasunez eta poesiaz» landuko dutela. «Zailtasun asko zituen testuak, eta asko kostatu zaigu hari adarretatik heltzea», onartzen du Perezek.

Orain 20 urte sortu zen Gilkitxaro taldea, eta etengabe izan dira lanean geroztik. Euskarazko antzezlanak egitea izan dute beti helburu, eta horretan dabiltza oraindik ere. Hasiera-hasieratik izan dira konpainiako kideak Perez eta Zabala, eta, egun, haiek dira taldeko sortzaile egonkorrak ere. Denborarekin estilo moduko bat ere garatu dutela dio Perezek, gainera. «Beti saiatzen gara publikoarekin jolasten». Hala aritu ziren Honolulu, leku bat izeneko antzezlanarekin, antzera 8 begi izenekoarekin, eta berdin Edorta Jimenez idazlearekin batera sortutako Mirande kabareta ikuskizunarekin. Orain beste ildo bat hartu dutela dio, halere. Zabaldu egin dutela beren errepertorioa. Noiz, eta taldearen 20. urteurrenean. Perezek azaldu du taldearen lan filosofia: «Hasieratik egin dugu beti gogoak eskatzen diguna, eta hau egin nahi izan dugu orain, inori azalpenik eman beharrik gabe». Eta orain ere antzera.

Aro berri bat

Perezek ez du esan aurrerantzean orain arte landutako bideari uko egingo diotela. Kasu honetan beste bide bat landu nahi zutela, horixe dio. Testuak bultzatu dituela horretara, eta pozik daudela emaitzarekin. «Sarasolak gogoa zuen gu drama egiten ikusteko, eta guk ere gogoa genuen horretan saiatzeko». Muturreko egoeretara eraman dituzte pertsonaiak horretarako, eta horrek ematen dio ukitu tragikoa; Perezek azaldutakoaren arabera, ordea, izango da ukitu komikorik ere. Horregatik azaldu du pieza tragikomedia absurdo bat izango dela.

Lehenago ere ezagutzen zuten elkar aktoreek eta idazleak. Eta Perezek azaldu du nola sortu den lankidetza: «8 Begi pieza jokatzera joan ginen Lesakara, eta han egin genuen topo Sarasolarekin. Laguna genuen, eta gurekin zerbait egin behar lukeela esan genion, asko gustatzen zaizkigulako bere testuak, eta Urak ttiki dire idatzi du. Guretzat idatzi du».

Kontrajartze bat aipatzen du hor ere aktoreak. «Lesakakoa da Sarasola, oso landa ingurukoa, eta gu Bilbokoak, oso hiri gunekoak gara. Hizkuntza dramatiko antzekoa dugu hark eta guk, baina gure inguruak oso desberdinak dira. Eta, orain, antzezlanak behartu gaitu guretzat hain ohikoa ez den leku horretara joaten». Eta oreka lortu nahi izan dute landaren eta hiriaren artean.

Izan ere, presentzia handia dute orbelak, ibaiak eta zuhaitzek, adibidez. Basoak, alegia. Oholtzara elementu horiek eraman beharrean, ordea, abstrakzio ariketa bat egitea erabaki dute Perezek eta Zabalak. Zuhaitzik gabeko baso bat osatu dute. «Testuan aipatu egiten da baso bat dagoela, eta hitzez iradoki egiten dira zuhaitzak, ibaiak eta orbela. Ikusleak ez du baso fisikorik ikusiko oholtzan, baina bai bere buruan. Sentitu egingo dute baso hori, eta zapaldu».

Elkarrizketak ardatz

Berezia izan da lan egiteko modua, aktoreak dioenez. Gehienetan, haiek idatzitako testuekin egin dute lan Gilkitxaro taldeko kideek, baina, oraingoan, bestela jokatzea erabaki dute, eta horregatik eskatu diote testua Sarasolari. «Lasaiago egiten da lan ardurak partekatuta», aitortu du Gilkitxaro taldeko kideak. Ez du horrek esan nahi, ordea, zaila izan ez denik. Izan ere, bi pertsonaia dira antzezlan osoaren oinarria, eta piezak irauten duen ordu betean ia etengabe daude bi aktoreak publikoaren aurrean. Elkarrizketan. Aurrez aurre. Baina Perezek dioenez, bada gehiago. «Euskara batuan idatzi du testua, baina Lesakako ukitua gorde nahi izan du Gaizkak [Sarasolak], eta gu saiatu gara horri eusten».

Estreinaldirako hautatutako lekua ere berezia da, Perezek dioenez. «Artistek sortu eta artistek kudeatzen dute Pabiloi 6, eta ez hori bakarrik. Gure taldea ere Deustu auzoko ibaiertzean sortu zen, gaztetxe batean, eta hantxe izan ginen Poliziak hustu zuen arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.