Musika, ikasturtea borobiltzeko

EOSek eta Orfeoi Txikiak bost kontzertu egingo dituzte ekainean Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin

Porrotx, Marimotots, Xabier Zabala konpositorea eta EOSeko kideak, atzo, aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Ikasturteari amaiera eman eta udari ongietorria egiteko, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bost kontzertuko bira eskainiko du Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Haurrak izango dira denboraldi amaierako protagonistak, EOS Donostiako Orfeoi Txikiarekin eta Gaztearekin izango baita Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Sentitu, pentsatu, ekin! disko sinfonikoaren abestiak interpretatzen. Gasteizko eta Iruñeko ekainaren 13ko eta 18ko kontzertuetako sarrerak jada amaituta daude, baina bada oraindik emanaldiak ikusteko aukera Bilbon eta Donostian. Bilboko kontzertua ekainaren 14an izango da, 18:00etan, eta Donostian saio bikoitza egingo dute ekainaren 20an, bata 16:30ean eta bestea 19:00etan. Horrekin batera, orkestrak hainbat tailer antolatu ditu FEVAS Adimen edo Garapen Ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Euskal Federazioarekin, eta ekainaren 12an entsegu orokorrean izango dira elkarteko 150 haur.

Duela bi urte elkartu ziren EOS, orfeoiko gazteak eta pailazoak, eta orduan egin zuten elkarrekin lehen lana. Oraingoan, zuzenekoan estreinatuko dira, musika eta dantza nahastuko dituen emanaldia eskaintzeko. Xabier Zabala konpositoreak moldatu ditu diskoko abestiak, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen abestiak musika sinfonikora egokitu. Emaitzaren arrakasta ikusirik, musika agertokietan aurkezteko gogoz gelditu ziren. «Duela bi urte grabatutako abestiak zuzenean ikustea pribilegioa da niretzat, orkestrak indar eta musikaltasun handia duelako».

Taula gainean 8 eta 16 urte bitarteko ehundik gora haur eta gazte izango dira, eta zuzeneko emanaldian parte hartzeko «irrikaz» daude, Donostiako Orfeoi Txiki eta Gazteko zuzendari Esteban Urzelairen esanetan. «Kasualitatea izan zen abesbatzen eta pailazoen arteko lankidetza. Duela bi urte laguntza eskatu genien Unicefen alde urtero egiten dugun kontzerturako, eta trukean, diskoaren grabaketan parte hartu genuen. Lanaren emaitzarekin oso pozik gelditu ginen, eta zuzeneko kontzertua emateko gogoz; beraz, esan daiteke hau amets bat egia bihurtzea dela guretzat». 150 abeslari izango dira Donostiako agertokian, eta ehun beste kontzertuetan, eta koreografia txikiak egingo dituzte kantuekin batera. «Tropa ederra bilduko gara; haurrak kontzertuak egiteko zoratzen daude, hazi diren abestien egileekin parte hartuko dutelako».

Iñigo Alberdi EOSeko zuzendariaren arabera, bost kontzertuetan 8.300 ikusle bilduko dira. Hasiera batean Donostiako Kursaal aretoaren erdia ireki behar zuten soilik, baina sarrera eskaera ikusita, areto guztia betetzea espero dute. Sarrera guztiak saltzea espero dutela adierazi du Kursaaleko auditoriumeko kide Andoni Alonsok: «Guretzat ohorea da halako emanaldiak eskaintzea, eta sarrerak oso ondo saltzen ari direnez, areto osoa irekitzea erabaki dugu, nahi dutenek ikuskizunarekin gozatzeko aukera izan dezaten».

Elkarlanaren fruitua

Bilboko kontzertuaren egunak bat egiten du Haurren Lanaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin, eta eskainiko dituzten abestien artean gai hori landuko dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Kontzertuak artista eta erakunde askoren arteko elkarlanaren fruitua dira Jose Mari Agirretxe Porrotx-en esanetan, haiekin izango baitira Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio bertsolariak eta Aitor Gorosabel Su Ta Gar taldeko kidea, beste hainbat kolaboratzaileekin batera. «Lasarte-Oriako ikastoletan egun baterako saioa izateko jaio zena 27 urteko abentura bihurtu da, eta bidaia horretan oso garrantzitsuak izan dira guretzat elkarteekin egin ditugun elkarlanak. Orfeoiko gazteak 25 urte bete genituenean ezagutu genituen, eta orain, EOSekin batera, hiru munduak biltzea ederra da».

Estilo askotako musika biltzen du pailazoen diskoak, eta ohiko abestiak eskainiko dituzte kontzertuan, hala nola Maite zaitut!, Abordatzera!, Minutu bat goizero, Munduko koloreak eta Abuela Maria Luisa, besteak beste. Horrez gain, azken abestiarekin flamenkoa eta euskal dantza nahastuko dituzte ikuskizunean. Zabalarekin azken urteetan egindako lana borobiltzen dute kontzertuek Porrotxentzat. «Musikak, azken finean, munduari kolorea emateko balio du, eta Zabalak ezin hobeto bete du lan hori gurekin. Beraz, kontzertu hauek elkarrekin egin dugun ibilbidea borobiltzeko modu onena dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.