Ilusioa zabalduko dute kalean

Euskal Herriko eta munduko hainbat konpainiak 47 ikuskizun eskainiko dituzte Leioako Umore Azokan

Gaitzerdi taldeak Hansel eta Gretelen istorioa egokitu du Suz obran. LEIOAKO UMORE AZOKA.
Bilbo
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Kaleak ilusioz betetzeko gogoz dator aurten ere Leioako XIII. Umore Azoka (Bizkaia). Gaurtik igandera bitartean, Euskal Herriko eta munduko hainbat antzerki eta dantza konpainiak beren lanak antzeztuko dituzte herriko karriketan. Guztira, 47 ikuskizun aurkeztuko dituzte; horietako 22, estreinaldiak. 40.000 ikusle inguru espero dituzte.

Arte eszenikoetako profesionalen bilgunea izan nahi du azokak, eta aurreko urteetan etorritako programatzaile eta banatzaile kopurua berdintzea espero dute, 150 inguru. Antolatzaileek azaldu dutenez, beste tokietakoekin batera, Hego Koreako profesionalak izango dira Leioan.

1. Gaitzerdi

Hansel eta Gretelen ipuinaren bertsio berria estreinatuko du Gaitzerdi Teatrok. Grimm anaien ipuinaren berrirakurketa askea egin dute Suz helduentzako ikuskizunean. Duten egoera larriaren ondorioz, gurasoek basoan utzi beharko dituzte umeak. Berton gosea eta atsekabea izango dute nagusi, eta etxerako bidea bilatu beharko dute. 2008an, Umore Azokako lanik onenaren saria irabazi izan zuen Gaitzerdik beste ipuin klasiko baten egokitzapenarekin, Txanogorritxoren ipuinean oinarritutako Otsoa lanarekin.

2. Matrioska

Errepide galdu baten bazterrean kokatutako motelaren istorioa kontatzen du Matrioska motela, Matrioska taldearen azken lanak. Aspaldian ez da ostalaririk gerturatu, eta zorrak pilatzen hasiak dira moteleko jabeak. Egunek eta orduek astiro egiten dute aurrera, eta egun batean ustekabean harrapatuko ditu kobratzaileak. Antzerkiola Imajinarioan ibilitako zenbait artistak sortu zuten taldea 2011n. Lengoaia, estetika eta kontzeptu eszeniko berrietan sakontzeko helburua izan dute ordutik. Azokak ekoizpenerako emandako laguntza jaso du lanak.

3. ATX Teatroa

Iñaki Ziarrusta aktorea buru, ATX Teatroa konpainiak Gnosia lana aurkeztuko du. Distopia edo kakotopia, antiestetika eta Euskal Herriko tradizioa eta antropologia ikertzen ari da taldea. Bere ikuskizunean, boterearen zentzugabekeria eta haren menpe mantso jartzeko joera azaleratuko dute, ezinbestekoa den iraultzaren inguruko kontakizun ziklikoaren bidez. Hala, armairuaren irudia erabiliko dute, gizakiaren metafora legez, eta horren barruan gordetako bortizkeria, sexua, azpijokoak, irainak.... kanporatuko dituzte.

4.Trapu Zaharra

Ametsetan bizi! izenburu du Trapu Zaharraren azken lanak. Langabezian dauden komiko biren istorioa kontatuko dute. Etorkizunari aurre egiteko bidea topatu beharrrean, kalera irten beharko dute beren lana ezagutarazteko. Kalean direla, batez ere, agente artistiko bila arituko dira. Javi Barandiaran eta Mikel Laskurainek antzeztuko dituzte istorioko protagonistak.

5. Simulacro Teatro

Beren aurreko zenbait lanen berrikuspenaren eta uztartzearen bidez, Sustraiak ikuskizuna sortu dute Simulacro Teatroko kideek. Lan horien berrikuspena egitearekin batera, konpainiak Euskal Herriaren historiaren azterketa egiteko asmoa du. Hitzik gabeko ikuskizunean, antzezleak bizirik dauden koadro bateko pertsonaiak balira agertzen dira. Asko neurtutako koreografien bidez, eta zuzeneko musikaz lagunduta, bere sustraien bila abiatuko dira pertsonaiak.

6. Teatro Salitre

Umorez beteko lana dakarte Teatro Salitre eta Teatro Mutantek Amor ciego (Maitasun itsua) testurik gabeko lanean. Bere urtebetetze egunean festa berezia antolatu nahi du protagonistak, eta gonbidapenak banatzen arituko da. Espero gabeko oparia jasoko du: ezagutzen ez duen semea. Hasierako harriduraren ostean, aita-semeak pixkanaka elkar ezagutuko dute, eta beraien arteko maitasuna sortuko da.

7. Pez Limbo

Errealitatetik ametsen mundurako bidaia proposatuko du Pez Limbok Lana bere azken ikuskizunean. Tailerrean lanean ari den jostun baten istorioa kontatuko dute. Hasiera batean, pozik arituko da lanean protagonista, bere profesioa maite baitu, baina denborak aurrera egin ahala, lana pilatzen hasiko zaio, eta tailerrean gero eta denbora luzeagoz aritu beharko du. Ilusioari bide emanez, ametsen mundura ihes egingo du mundu berriak josiz.

8. Malas Compañias

Gorka Gansoren zuzendaritzapean, Malas Compañias taldeak Orsai bere hirugarren lana estreinatuko du Leioan. Antzerkia eta zirku teknikak uztartuko dituzte eguneroko objektu eta ekintzei zentzu berriak gaineratuz. Irudimenezko mundu dibertigarria sortuko dute era horretan.

9. Marco Carolei

Maitasunaren bila arituko da kaleetan zehar Fiat 501 bat gidatzen duen taxi gidari zoroak. Ikusleen artean dagoen emakume batekin txunditurik geratu, eta ezkontzeko eskatuko dio Taxi ikuskizuneko protagonistak, guztien irria eraginez. Marco Carolei aktore eta clown italiarra barre eginarazten saiatuko da oraingoan ere, zuri-beltzeko filmen aktoreak gogora dakarren bere keinuen bidez.

10. Arte-Busca

Musika, antzerkia, dantza eta arte plastikoak bateratuko ditu Arte-Busca konpainiaren Cata 7 lagrimas ikuskizunak. Ardoak sortzen dituen emozio eta ondorioetan ikertzeko helburu du lanak. Ingurune minimalistan kokatutako ikuskizun kontzeptuala, eszenikoa, fisikoa eta intimoa da. Ardoaren dastatze prozesuko faseak jarraituko dituzte aktoreek ikusleen laguntzaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.