Sentsazioak doinu goxoetan

Felipe Juaristi taldekidearen poemez gain, Xabier Lete eta Lope de Vegarenak musikatu ditu Aldetak

Aldeta taldeko lau kideak: Juanra Unamuno, Monika Refojos, Felipe Juaristi eta Txitxo Lopez. ALDETA.
Donostia
2013ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Hamabi kantuz osaturiko Txorien Aberria diskoa plazaratu du Aldeta taldeak, bere ibilbideko lehendabizikoa. Euskaraz eta gaztelaniaz, poema ezagunak —Imanolek abesten zuen Ausencia, Lope de Vegaren XVI. mendeko soneto bat eta Xabier Leteren Ihesa zilegi balitz— eta Felipe Juaristiidazle eta Euskadi Irratiko zuzendariaren olerkiak bildu dituzte. Gitarra eta ahotsa dira erabili dituzten musika tresnak, eta kantu batean harmonika ere bai. Doinu goxoz beteriko abesti sorta da, eta maitasun kontuei buruzkoak eta sehaska kanta bat daude, besteak beste.

Sorterri eta ibilbide desberdinak badituzte ere, Donostiako Intxaurrondo auzoko bizilagunak, lagunak eta musikazaleak izateak elkartu ditu Felipe Juaristi, Monika Refojos, Juanra Unamuno eta Txitxo Lopez. Felipe Juaristi (Azkoitia, 1957) izan da hitzez arduratu dena. Diskoan ez du abesten, baina hainbat poema musikaturi jarri die ahotsa, horiek idazteaz gain. «Normala da, baten batek egin behar ditu hitzak», esan du Juaristik. «Besteek gehiago landu dute musika, eta Monikak ahotsa ere jartzen du. Ni ez naiz gauza partitura bat idazteko, ez naiz oso trebea kantatzen... Nik nire abilidadeak dauzkat. Talde bat gara».

Egun bakarrean grabatu zuten diskoa, Astigarragako La Txabola estudioan. «Gure baliabideak ez dira oso handiak. Esan ziguten ea egun bakarrean egiteko gai izango ote ginen; eta guk baietz esan genuen. Diskoan entzuten den bezala jo genuen, ez dago beste trukurik». Mordoa entseatu izana da diskoaren meritua, Juaristiren ustez, eta ondo atera zelakoan dago: «Oso motibatuta joan ginen».

Kaletarrak baserri izenarekin

Taldearen izena Unamunoren familiaren baserria zenetik hartu dute. Bergaran zegoen. «Autobideak irentsi zuen baserri horietako bat. Gustatzen zaigu Aldeta, sonoroa da eta bere esanahia dauka. Lotzen gaitu iraganeko zera batekin... gu kalekoak gara, oso kalekoak, gainera, baina badaukagu erreferentzia hori ere».

Imanolek kantatzen zuen Lope de Vegaren Ausencia sonetoari gaurkotasun handikoa dela deritzo Juaristik. «Hitzak aztertzen badituzu, maitasun poema bat da, nahi eta ezina». Hori dela eta, oso erakargarria egiten zaiela aitortu du. Leteren Ihesa zilegi balitz ere esanguratsua iruditzen zaie gaur egun ere. Amodiozkoak eta desamodiozkoak ere badira, Amantes eta Para no hacerte daño kasu, Uxue sehaska kanta, Poesia izenekoa, kontzeptuari berari buruzkoa, eta diskoari izenburua ematen dion Txorien aberria. Testu landu eta lirikoak nabarmentzen dira, «asko errepasaturikoak». Taldekideen unean uneko sentsazioak biltzen dituztela dio Juaristik: «Hasieratik aukeratu eta landu ditugu kanta horiek. Gure momentuko ekarpena da, ez dugu pentsatu kantarik kentzea edo besterik sartzea. Hau daukagu eta honekin aurrera joko dugu».

Orain diskoarekin «gozatu» egin nahi dute. Musika eta hitzak berriak ere badituzte. «Uste dut beste errepertorio bat ere izango dugula, askoz rockeroagoa, baina hau zen lotzen gintuena... Ez daukagu bestelako asmorik. Gure arteko harremana gauzatzea, oso ondo pasatzen dugulako horrelako gauzak egiten. Ikusiko dugu nora joaten garen». Zuzenean jotzeko gogoa daukate, eta hitzartuta ezer ez badaukate ere, badauzkate proposamenak eskuen artean. «Zer edo zer aterako da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.