Berdintasun gabeziaren sintoma

'Alardearen seme-alabak' dokumentala estreinatuko dute Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian

Filmeko fotograma bat; kasu honetan, emakumezkoak Hondarribiko alarde tradizionala babesten. ORREAGA FILMAK.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
«Uste dugu berdintasunean bizi garela, baina ez da egia». Eneko Olasagasti zinemagilearen hitzak dira. Alardearen seme-alabak dokumentala ondu du Jone Karresekin batera, eta apirilaren 19a eta 26a bitartean egingo den XI. Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute. Hondarribiko eta Irungo alardeen iragana eta oraina jorratu ditu filmak, «pertsonen sentipenetatik abiatuta». Horiek esandakoak adituta, eta bi herrietako alardeak bertatik bertara bizita, Olasagastik zera ondorioztatu du: «Dokumentaleko elkarrizketatu batek esaten duen bezala, alardea sintoma bat da». Berdintasun gabeziaren sintoma, alegia.

Orreaga Filmak ekoizpen etxeak ekoitzi du ordu eta laurden pasatxoko lana, eta Olasagastik eta Karresek festa egunaren «goizetik gauerako garapena» baliatu dute dokumentala gorpuzteko. Hasieran erakutsi dute festa bera, horrek eragindako sentimenduak, «bai alde bateko zein besteko» pertsonekin. «Izan ere, azken finean, sentimendu komun batetik abiatzen da historia». Gero, «ibilbide historiko bat» egindu filmak 1996 eta 2000 arteko gertakariekin, «batez ere, tarte horretan finkatzen delako gero etorriko dena». Pelikularen «azken herenean», berriz, gaur egungo egoeraren berri ematen du.

Eta orain jarrerak «nahiko gotortuta» ikusten ditu Olasagastik. «Orain hamabi bat urte-edo ezarri ziren jarreretan gotortuta daude. Irunen bi alarde daude, eta Hondarribian bakarra; Konpainiak [Jaizkibel], aldiz, bakarrik desfilatzen du». Zinemagileak pentsatzen du ez dela erraza izango jarrera horiek iraultzea, eta, hain zuzen ere, gotortasun hori egiten zaio «deigarriena». Puntu horretaraino heltzeko bidean, «hainbat arrazoi» daudelakoan dago, baina bat eman du: «Gehien baldintzatzen duena, udalen jarrera da. Dokumentalean esaten dugu hori».

Lau dira protagonista nagusiak. Hondarribikoak, Garoa Lekuona Jaizkibeleko kapitaina zena, eta Ixabel Alkain konpainia horretako lehen kapitaina. Eta Irungoak, berriz, Ainhoa Ruiz de Arbulu alarde mistoko egungo generala, eta Jose Ramon Otaegi alarde tradizionaleko artilleriako kidea, baina bere garaian kapitaina izandakoa. Pertsona gehiago daude, baina nagusiki «haien jarraipena» egin dute. Hori da ikuspegi humanoa, «jendearena», baina «ikuspegi zientifikoa» ere aztertu du lanak.

Olasagastik argi utzi nahi du Alardearen seme-alabakez dela berdintasunaren aldeko alegatu bat. «Nik eduki dezaket jarrera bat, baina pelikulan saiatu gara gertaerak kontatzen, pertsonaia horien sentimenduetatik abiatuta. Jendeak atera beharko ditu ondorioak». Badaki batzuek gaizki hartuko dutela eta besteek ondo, eta alderantziz. «Une batzuetan suabeegia ere badela esan digute. Guk egin dugu film bat, ez norbait asetzeko lan bat».

Ahalegindu dira erakusten zergatik irits gaitezkeen pertsonak jarrera gotortu horiek hartzera. Hona erantzuna: «Jarrera horien sustraia gure baitan dago. Leku batzuetan garatzen da, eta besteetan ez. Arazoa ez da Irungoa eta Hondarribikoa, gizarte osoarena baizik». Uste du Euskal Herriko beste toki batzuetan ere emakumezkoei ez zaiela utzi festan parte hartzen, berdintasun gabeziaren sintoma dela hori.

Paskaljevicek irekiko du

Goran Paskaljevic serbiarrarenWhen Day Breaks filmak irekiko du Giza Eskubideen Jaialdia. Naziek antolatutako holokaustoko bere herrialdeko biktimen memorian arakatu du zinemagileak. Jorge Gil Munarriz legazpiarraren El método Arrieta ere estreinatuko dute. Bi ahizpek begiekin komunikatzeko daukaten sistema erakusten du dokumentalak.Antolakuntzak jakinarazi du ondorengo filmak ere proiektatuko dituztela: Juan Dopicoren Agronautas, Sylvain Estibalen Le Cochon de Gaza, Eugene Jareckiren The House I Live in , Basilio Martin Patinoren Libre te quiero, Kate Shortlanden Lore, eta Srdjan Dragojevicen The Parade.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.