Patxadaz ere egin behar direlako

Hiru urtetik gora prestatzen aritu ondoren kaleratu du Beñat Igerabidek 'Orbainak' lehen diskoa

Beñat Igerabide taldekideekin, Orbainak diskoa aurkeztu baino lehenago ateratako argazkian. A. C / ARP.
Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Berehala eta gehiegi pentsatu gabe gauzak egin baino, egokiagoa da egin nahi diren gauzen inguruan pentsatzeko denbora tarte bat hartzea. Hala uste du Beñat Igerabidek, kaleratu duen lehenengo diskoa lantzen orain hiru urte hasi baitzen: «Patxadaz hartu dut langintza guztia, iruditzen zaidalako erabaki onak presaz baino presarik gabe hobeto hartzen direla». Bizipenen gaineko gogoeten emaitza da Orbainak (Elkar). Pop-rock estiloko 11 abestiz dago osatua.

Balore handiko musikaria da Igerabide, Anjel Valdes Elkarreko arduradunaren ustez. Haren maketa entzun orduko «aurpegia» jarri nahi izan ziola gogoratu du: «Igerabideren musikagintzan ikusten dut gure elkartearen proiekzio berri bat». Gaur egun, gertatzen ari den belaunaldi aldaketako partaide ere badela iruditzen zaio Valdesi. «Kantagintzaren tradizioko katebegiko partaide».

Disko bat kaleratzeko ideia betidanik izan duela azaldu du Igerabidek. Horregatik egin zituen soinu teknikari izateko ikasketak: «Etorkizunean nire disko bat neronek grabatzeko gai izateagatik egin nituen ikasketa horiek». Bere kaxara egin nahi zuen, bere erritmoan. Desio hura orain hiru urte hasi zen betetzen, orduan ekin baitzion abestiak idazteari. «Oso lasai», zehaztu du: «Inspirazioa zetorrenean hasten nintzen idazten, inoiz neure burua behartu gabe». Eta ekin zion taldea osatzeari, hamar-hamaika abesti idatzi zituenean. Honako hauek osatzen dute taldea: Maria Soriazu baxu jotzaileak, Gustavo Gonzalez Baragaña bateria jotzaileak eta Gorka Urra gitarristak. Gitarra eta ahotsa jartzen ditu Igerabidek.

Eta ikasketak aukeratzeko garaian izan zuen definizio berberarekin egin ditu grabaketen ondoko lanak. Ekoizpenean Urraren laguntza izan du; nahasketak, berriz, Igerabidek berak egin ditu. Estanis Elortzaren esku gelditu zen masterizazioa.

Bere gain hartutako lan kargak inoiz egin zion gainezka. Kasu horietan atsedenaldiak hartzen zituen. «Ez nuen bukatu nahi bukatzeagatik, nire ahalmenaren esku zeuden gauzak ahalik eta ondoena egiten saiatu naiz». Prozesua luzatzea ekarri zuen horrek, baina ez du asko kezkatu, emaitzarekin gustura ari zelako gelditzen eta orain ere hala dagoelako. Izan ere, gauzak denbora nahikoarekin egiteko aukera gutxitan izaten dela iruditzen zaio: «Grabatutakoari nahi beste buelta ematearen alde onenetako bat da, bitarte horretan gauzei beste ikuspuntu bat aurkitzen zaiela».

Une oro aritzen da pentsatzen Igerabide. Bai gertatu zaion zerbaiten inguruan, bai gauzen inguruan. Pentsamendu horietatik ateratakoak dira kantuetako hitzak ere. Eta behin idatzitakoari, beste hainbat itzuli ematen dizkio, atzera. «Txukun uzten ahalegintzen naiz, baliabide literarioak erabiliz eta». Bere nahietako bat ere aitortu du Igerabidek: «Benetako ilusioa egingo lidake entzuleak abestiak entzun ondotik pentsaera sakonago bat eskainiko balio».

Melodia landuak

Urra izan zen taldean sartu zen lehenengo musikaria, eta aitortu du lehenengo momentutik bertatik txundituta gelditu zela. «Harrituta utzi ninduten kantuek. Hitzen sakontasuna eta musikaren melodia benetan bereziak dira». Diskoaren atzean datorren istorioa ere nabarmendu du gitarristak: «Gazte batek esatea 'nahi dut soinu teknikaria izan eta ahotsa landu honetarako, eta proiektua ez diot inori aurkeztuko, neroni ez banago prest'. Ikuspuntu hori benetan erakargarria gertatu zitzaidan». Urteetako lana oholtza gainean aurkezteko prest eta gogoz daude orain taldekideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.