Aniztasuna, kontalariaren ahotik

'Hodei baten bidaia' disko-liburua abiapuntu hartuta, ipuinak kontatuko ditu hainbat ikastetxetan Pello AñorgakAniztasuna landuko du ipuin kontakizunen bidez, eta istorioak garrantzia izatea nahi du

Hodei baten bidaia disko-liburua kontakizun bihurtuko du Pello Añorga idazle eta ipuin kontalariak. HODEI BATEN BIDAIA.
Araitz Muguruza.
2014ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Ikastetxeetara ere bidaiatuko du hodeiak. Horretarako ikuskizun bat prestatzen ari baita egunotan Pello Añorga idazlea eta ipuin kontalaria (Oiartzun, Gipuzkoa, 1956). Gipuzkoako Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasun Zuzendaritzaren ekimenez, iazko udazkenean argitaratu zen Hodei baten bidaia disko-liburua kontakizun bihurtzeko lanean ari da Añorga, eta datorren hilaren amaiera aldera aurkezteko asmoa du. Disko-liburutik entzun eta irakurri duena hartu du abiapuntu. Horri lotua baino gehiago, handik hasitako ikuskizuna osatzen ari dela adierazi du.

Hodei baten bidaia dauka mugarri Añorga prestatzen ari den kontakizunak. Aniztasuna izango du gai nagusi, Euskal Herrian bizi diren hainbat jatorritako jendearekin hartu-emanak dakarren aberastasuna, alegia. Bertsolarien tankeran gaia jarrita ari dela dio, eta horrek, hain zuzen, sortzen dizkio hainbat zalantza: «Kontuz ibili behar da, literatura instrumentalizatzeko arriskua baitago. Gai baten inguruan aparatu handiegiak sortzen ditugu batzuetan, eta bere horretan gelditzen dira gero horiek». Istorioko pertsonaiak gaiaren mende gelditzeak, «karikaturak sortzeak» ematen dio beldurra.

Estetika aldetik, oso intimoak diren ipuinak osatzeko joera duidazleak, eta horien kontakizunetan, isiltasunari garrantzi handia ematen dio. «Espazio txikietan bilduak diren ipuinak egiten ditut, ikusgarritasun handirik gabekoak». Bere berezko ezaugarriak galdu gabe. Aniztasunari dagozkion balioak azaltzeaz gain, lilura eta emozioak ere sortu nahi ditu, klixeetan erori gabe. «Argi du istorioak izan behar duela garrantzia».

Kontakizunak izan dezake alde mikatzik, baina horiinteresgarria ere izan daiteke, hausnarketara eraman baitezake entzulea. «Txikiak handiarengandik badu ikasteko, baina batez ere, handiak txikiarengandik. Zertan oinarritzen dira harreman horiek?», galdetu du idazleak.

Irakasleen «lan izugarria»

Disko-liburua bezala, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko haurrentzako kontakizuna izango da. Añorgak 30 urte inguru daramatza ipuin kontalari —hainbat ipuin liburu ere argitaratu ditu, eta Euskadi literatura saria irabazi zuen 2008an—, eta adierazi du alde handia dagoela hasierako eta oraingo urteen artean. «Nabarmena da aldaketa, pluralagoak dira gelak, eta egia esan, erabat bertakotuta ere badaude, hitanoz ere hitz egiteraino zenbait tokitan». Horregatik, ez du ahanzturan utzi nahi irakasleek egin duten eta egiten ari diren«lan izugarria». Era berean, garrantzi handia ematen dio haurrekin ikuspuntuak lantzeari, elkarbizitzak dituen ehunka aurpegiak ezagutarazteari.

Ipuinen kontakizunaren ondoren, lanketa bat egingo dutelakoan dago, baina egoera horretara derrigortu gabe. «Batzuetan itsutzen gara lanketa egin beharrarekin, eta gero irteten ez bada, artifizial gelditzen da guztia. Guk inor derrigortu gabe jarri nahi ditugu lanean ikasleak». Elkarrizketak sortuko dituzte horretarako, eta ondoren, lanketa bat egiten badute eskolan, hura bidaltzeko eskatuko diete. «Marrazkia bada, marrazkia; ipuina bada, ipuina. Irteten dena, eta irteten bada».

Hodei baten bidaia disko-liburua Durangoko Azokan izan zen salgai, eta zabalpen handiagoa emateko helburuz ipuin kontalariaren istorioa gehitu diote. Otsailaren amaierako estreinaldiaren ondoren, Gipuzkoako ikastetxeetan Añorgaren emanaldiak egiteko asmoa dute. «Aniztasunaren kultura berria sortu behar dugu, elkarren ezagutzan oinarritua eta herri honetan bizi garen pertsona guztiak barnebiltzen dituena», azaldu du Marcos Nanclares foru aldundiko Migrazio eta Aniztasun zuzendariak. Haren hitzetan, aniztasuna «modu erakargarrian» landu nahi dute; hargatik osatu dute egitasmoa.

Hodei baten bidaia istorioa Eider Zenazurrabeitia eta Aitor Gorostiza idazleek idatzi dute. Istorioan tartekatuta dauden haikuak, berriz, Endika Lahainerenak dira, eta ilustrazioak Aritz Garciarenak. Ipuinari laguntzen dion diskoa bederatzi abestiz osatua dago, eta horren grabaketan hainbat musikari ezagunek hartu dute parte. Doctor Deseo taldeko Francis, Asier Gozategi trikitilariak, Siroka taldeko Maria Rivero, Esne Beltza taldeko Xabi Solano eta Zigor DZ eta Oskorriko abeslaria aritu dira, besteak beste. Abestietan eta ipuinaren idazketan, 50 pertsona inguruk parte hartu dute.

Kantuz elikatu behar den hodei baten istorioa kontatzen da ipuinean. Norak, ipuineko protagonistak, horrelako bat du, baina txiki-txikia da. Badaki zenbat eta gehiago kantatu bere hodiari, errazago haziko dela, baina Norak ez dakizki abesti asko. Asko ikasteko mundua zeharkatuko du.Leku bakoitzean abesti bana ikasiko du, baita lagun mordoa egin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.