Amaiera arrakastatsuko ipuina

Pablo Bergerren 'Blancanieves' filmak hamar Goya sari jaso ditu, film onenarena tartean

Agentziak
Madril
2013ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Film mutua da, baina ari da zeresana ematen Pablo Berger bilbotarraren Blancanieves. Hamar Goya sari eskuratu zituen igande iluntzean Madrilen egindako sari banaketan,Espainiako Zinema Akademiak urtero antolaturiko jaian.

Bai formari eta baita edukiari dagokionez, film berezia da Blancanieves. Grimm anaien Edurnezuri ipuinaren interpretazio pertsonal bat egin du Bergerrek. Espainia gotiko bat irudikatzen du istorioan, zuri-beltzean, eta drama lorcatar bihurtzen, Andaluzia kostunbrista batean kokaturik. Film zuri-beltzekoa eta mutua egin zuen Bergerrek, urtebete lehenago Michel Hazanaviciusek TheArtist-ekin egin zuen bezala. Baina ideia askoz ere lehenagotik bueltaka zuela esan izan du Bergerrek behin baino gehiagotan. Film onenaren Goya saria eskuratu zuen. Horrez gain, emakumezko aktore —Maribel Verdu—, jatorrizko gidoi, emakumezko errebelazio aktore, argazki, jatorrizko musika, makillaje, jatorrizko kantu, jantzien diseinu eta zuzendaritza artistiko onenaren sariak ere eskuratu ditu filmak.

«Gora zinema askea», oihu egin zuen Bergerrek Javier Bardem aktorearen eskutik Goya saria jasotzean: «Filmaren kredituetan 539 pertsona azaltzen dira, eta guztiak dira garrantzitsuak», gaineratu zuen. Bergerrek adierazi zuen ez duela kultuko zinemagile izateko bokaziorik. «Ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi dut».

Emakumezko aktore onenaren saria Maribel Verduk jaso zuen, Bergerren filmean egindako lanagatik. «Etxebizitza, ilusioa eta bizitza ere galdu duten guztiei» eskaini zien saria. «Sistema injustua, hautsia eta zaharkitua dugu».

Bergerren filmak Donostiako Zinemaldian hasi zuen gaur arteko bide arrakastatsua, iazko irailean. Harrera ona izan zuen filmak zinema jaialdian. Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen, eta emakumezko aktore onenarena Macarena Garciak.

Blancanieves-i itzal apur bat egin ziona Juan Antonio Bayonaren Lo imposible ekoizpen erraldoia izan zen. Bost sari eskuratu zituen; zuzendari onenarena Bayonak berak, soinu, ekoizpen zuzendari, muntaketa eta efektu berezi onenen sariak lortu zituen. 42 milioi euroko diru etekina izan du 2004ko tsunami erraldoian oinarrituriko filmak.

Aktore onenaren saria Jose Sacristanentzat izan zen. Orain artean sekula Goya saria eskuratu gabea zen. JabierRebollorenEl muerto y ser feliz filmean egindako lanagatik eskuratu du aurrenekoa. Sari banaketako galtzaile handiena Fernando Truebaren El artista y la modelo izan zen. Hamahiru izendapen zituen, baina sari bakar batere ez zuen lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.