Atxiloketekin arreta desbideratu nahi izatea leporatu diote UPNri herritarrek

Aske geratu dira herenegun atxilotutako bost gazteak; Endika Garaik salatu du tratu txarrak jaso zituela

K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2013ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Aske geratu dira herenegun atxilotutako bost gazteak: Jon Lizarazu, Artzai Santesteban, Endika, Garai, Ekaitz Esteban eta Eneko Perez. Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan ordezkaritzaren arabera, Iruñeko Udaletxe plazan istilu «larriak» eragiteagatik atzeman zituzten, eta «desordena publiko larria» leporatzen diete. Atxilotutako batek, Endika Garaik, atxilotu eta polizia etxera eraman arte tratu txarrak jaso zituela salatu du; ukabilkadak, kolpeak, mehatxuak eta presio psikologikoa pairatu zituela esan du. Iruñea Askatasunez plataformak atzo emandako prentsaurrekoan salatu zuen UPNk «arreta desbideratzeko» politikoki erabili dituela atxiloketak.

Bertsio ofizialaren arabera, txupinazo orduan plaza barrura sartzerakoan bertan zeudenei eraso egin zieten bost atxilotuek. Iruñea Askatasunez plataformak, ordea, bertsio ofiziala ezeztatu zuen, eta atxiloketak «Poliziaren azpijokoa» izan direla azpimarratu zuen, Iruñeko Udaletxe plazan emandako prentsaurreko jendetsuan.

Maiaren «umekeria»

Garazi Autorrek eta Artzai Santestebanek irakurri zuten plataformaren agiria. Han zegoen Endika Garai ere, tratu txarrak salatu dituen gaztea. Prentsaurrekoa eman bitartean, Espainiako Poliziaren furgoneta bat hurreratu zen, baina ez zen istilurik izan.

Agerraldian, UPNren jarrera gaitzetsi zuten. «Maia jaunaren umekeriaren ondorioz egindako erasoak dira atxiloketak», azaldu zuten. Era berean, «arbitrarioak» eta «aldez aurretik iragarriak» izan zirela azpimarratu zuten. Udaletxe plazako istiluak «bere miseria estaltzeko» erabiltzea aurpegiratu zioten UPNri. Alderdiak Iruñea gobernatzeko «gaitasun falta» daukala esan, eta Nafarroako Gobernuko ustelkeri kasuak gogoratu zituzten.

Euskaraz irakurritako oharrean, Autorrek txupinazoko gertaeren balorazioa egin zuen: «Kolore ezberdinetako polizien bitartez, UPNren politika eredua kolokan jartzen duen edozein adierazpide galaraztea zen helburua». Era berean, Udaletxe plazara sartu ziren poliziei jarrera «harroputz» eta «probokatzailea» izatea leporatu zien. Txupinazoan, Poliziak istiluak eragin nahi izan zituela nabarmendu zuen. Bestalde, Iruñea Askatasunez plataformak adierazpen askatasuna urratzearen arriskuaz ohartarazi zuen.

Gainera, eraso sexisten gaia ere ekarri zuten gogora plataformako kideek. Haien iritziz, UPNri emakumeen eskubideen aurkako jarrerak eta erasoak ez zaizkio ardura. Iruñea Askatasunez plataformako kideek erasoak arbuiatu zituzten.

Iruñea Askatasunez plataformak uztailaren 5ean egin zuen manifestaldiko leloari eutsi zion atzo ere: Aski da! Iruñea askatasunez bizi nahi dugu. Hori izan zen mezu nagusia.

Hala, oinarrizko eskubideak defendatuko dituen hiri eredu baten alde mintzatu ziren. «Oinarrizko eskubideen bortxaketa egunerokoan ohiko izango duen Iruñea ez dugu onartzen», eta gaineratu zuten «bestelako» Iruñea baten alde jarraituko dutela lanean, «beti bezain gogotsu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.