Espetxea gainditu duen olatua

Presoen eskubideen alde mobilizazio berezia egin dute Durangon, Bilbon urtarrilaren 11n egingo denaren beroketa gisa

Giro alai eta koloretsuan irudikatu zuten presoen eskubideen aldeko olatua, Durangon, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Durango
2013ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 11n Bilbon presoen eskubideen alde egingo den mobilizazioaren aurrekoa, prestaketa, entsegua egin zuen atzo Tantaz Tanta plataformak Durangoko kaleetan: presoen eskubideen aldeko olatua. Urtarrileko mobilizazioan itsasoa irudikatuta egin nahi du aldarria herri plataformak. Milaka izanik, pertsona bakoitza «tanta bihurtuta» itsasoa sortu nahi duela esana du. Erabat argitu gabe dago pankartarik izango ez duen formatu berritzailea nolakoa izango den, baina atzo Durangon egindako protesta alaiak pista argi batzuk utzi zituen.

Landako gunetik kalejiran abiatu ziren parte hartzaileak alde zaharrera. Zumaiako, Urkabustaizko eta Gasteizko joaldunek ireki zuten bidea, adarrekin abisua eman eta ikurrina guztien aurrean astinduz. Euskal presoak Euskal Herrira eramateko aldarrikatzen duen ikur erraldoia zeramaten joaldunen atzean dantzariek. Ondarroako erraldoi eta buruhandiak zetozen gero, eta herritar andana ondoren. Horiekin joan ziren hainbat musikari; tartean, Zamudioko trikitilariak.

Giro alai eta koloretsuan egin zuten alde zaharrera arteko bidea. Andra Mari elizaren aurrera iristean, urdina zen nagusi. Goienkalen eta Zeharkalen, ur tanta baten irudia zuten afixak eskuetan zituztela zeuden zain ehunka lagun. Landakotik zetorren jendetzak aurrera egin, eta bi kaleak osorik bete zituzten; baita Udaletxeko Plaza ere.

Herritarrek ibilbide osoa bete, eta azalpenei ekin zieten antolatzaileek. «Sirenak joko du lehenik, irrintzilariak ariko dira ondoren eta zestalariak emango dio hasiera. Goienkaleko beheko aldean hasiko da orduan olatua». Adi entzuten zuten herritarrek egin beharrekoa, baina, hasieran behintzat, askorik ulertu gabe. Olatua norberarengana iristean, uhinaren ibilbidea jarraitu behar zuen bakoitzak; bakoitzak eskuetan zuen tanta aurrekoaren ondoren altxatu behar zuen, gero berriz jaisteko.

Entsegua etorri zen ondoren. Ondo aritu ziren Goienkale eta Zeharkalekoak. Plazakoak, ordea, galduta. Eta ez kasualitatez. Horixe zen tarterik zailena. Zeharkaletik Udaletxeko plazarako sarrera itxita zegoen. Espetxeko horma batek aldez alde itxita. Garaiera handia zuen kartoi erraldoian egindako irudiak; kartzelako murru handia irudikatzen zuen. Eta olatuak harresia hausterainoko indarra izan behar zuen. Tantek pare bat aldiz aurrera eta atzera egin ondoren, lortu zuten harresia haustea, sokari lotuta eraikin bateko paretatik zintzilik zeuden tanta gazteen laguntzarekin. Olatu horren jarraipena egin behar zuten udaletxe aurrean zeudenak, zetorrena ikusi gabe. Antolatutako entseguez gain beste saio txiki bat egin ondoren ikasi zuten martxa, eta, plaza erdian jarritako dantzariaren laguntzarekin lortu zuten olatuari jarraipena eman, eta plazan hiru itzuli egitea ere bai. Irudi polita lortu zuten, azkenik, antolatzaileek, eta gustura zeuden. Baita barrez parte hartu zuten herritarrek ere.

Antolaketa zaileko protesta modu berria, hilabete barru etorriko den mobilizazio erraldoirako proba izan zen. Saio arrakastatsua. 15 kamerarekin grabatu zuten, eta bihartik aurrera ikusi ahal izango da grabaketa tantaztanta.info webgunean. Norbera presoen eskubideen aldeko«tanta bihurtzeko» ere, atari horretara jotzeko deia egin du herri plataformak.

Lannemezan

Euskal presoen eskubideak errespeta daitezela eskatzeko, beste ekintza ikusgarri bat egingo da datorren larunbatean: Frantziako Lannemezan espetxera, martxa bat antolatu du Herrira elkarteak, eta espetxe aurrean flashmob bat egiteko asmoa duela iragarri du.

Frantziako Gobernua eta espetxe agintariak interpelatu nahi ditu Herrira mugimenduak martxa horrekin. Euskal presoen alorrean «erantzukizun osoa» duela esan nahi dio gobernuari, eta gogoratu haien eskubideak etengabe urratzen ari dela. Egun horretarako kanta bat prestatu dute espresuki, eta horren erritmoarekin, flashmob bat osatuta egingo du aldarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.