Maitiak ez du onetsi Nafarroa Beherea herri elkargo bakarrean biltzea

Lurralde elkargo, AHT, ustelkeria eta lurralde antolaketari buruz aritu da 'Ahoan bilorik gabe' emankizunean

Aitor Renteria.
Baiona
2013ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Frantxua Maitiak ez du onetsi Nafarroa Beherea herri elkargo bakarrean biltzea. Euskal hedabideek —Herria, Euskal Irratiak, Kanaldude, Kazeta.info eta Ipar Euskal Herriko Hitza— elkarrekin egindako Ahoan bilorik gabe emankizunean hainbat adierazpen egin ditu. Izpuran (Nafarroa Beherea) sortu zen Maitia, duela 60 urte, eta han bizi da. Hainbat ardura politiko ditu; bertzeak bertze, EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidentea da, Akitaniako Kontseiluko presidenteordea eta Kontseilu Nagusiko kontseilaria. Elkarrizketan gai ugaritan sakondu du Maitiak, hizkuntza politikari buruzko iritzia emanez, lurralde elkargoaren beharra arrazoituz edota AHTaren aldeko jarrera berretsiz.

Nafarroa Herri Elkargoa

Bitan banaturik du nahiago

Deszentralizazioaren hirugarren ekinbidearen karietara, kantonamenduen birmoldatzeari ekin behar dio Frantziak. Testuinguru horretan, Nafarroa Beherea herri elkargo bakarrean biltzeko aukera egon da aztergai. Maitiak ez du horrelakorik nahi. Prefetak lehen unetik zuzen asmatu zuela dio Maitiak.Nafarroa Beherean bi eremu nagusi daudela dio: bata Garazi-Baigorri inguruan eta bertzea Donapaleu inguruan. Lehentasun politikoa bi egitura horiek indartzea dela uste du.

«Argi erraten diet garaztarrei eta baigorriarrei: ez ezazuela herri hau sal amikuztarrei! Galde egin dezagun elkarrekin, atxikitzea Garazi-Baigorriko Herri Elkargoa, eta batu diezazkiogun horri Irisarri eta Suhuskune». Herri elkargo bakarra sortzearen interesa eskuina garaile ateratzea litzateke, Maitiaren ustez.

Lurralde elkargoa

Mobilizaziora deitu du

1981etik, sozialistek euskal departamendua sortzeko zina egin zutenetik, xede hori sostengatu duela gogorarazi du Maitiak. Departamenduaren aldarria baztertu da geroztik, dituen eskumenek ez dituztelako herritarren nahi eta beharrak betetzen. Horren ordez, departamenduaren eta Akitaniaren eskumen batzuk lituzkeen lurralde elkargo baten alde egin du Maitiak. Alta, Frantziako Gobernuak ez du Ipar Euskal Herriaren aipamenik eginen Deszentralizazio Legean. Hori dela eta, herritarren mobilizazioa eta diputatu zein senatarien engaiamendua funtsezkotzat jo ditu.

Karia horretara, herritarrak oro deitu ditu gaur Baionan egingo duten forumera eta ekainaren 1ean lurralde elkargoaren alde egingo duten manifestaziora. «Jendea saldoan bildu behar da, erakusteko sutsuki gehiengo batek defenditzen dugula lurralde elkargoaren aldarria; hautetsiak, gizarte eragileak eta, oro har, herritarrak».

AHTa

Herritar gehienak alde dira

Frantziako azpiegituren arloan gogor eragin du krisialdi ekonomikoak, eta gero eta gehiago dira AHT abiadura handiko trenaren bide berrien beharra zalantzan jartzen duten erakundeak. Mugikortasuna 21 izeneko batzordeak ekainean jakinaraziko ditu hobesten dituen xedeak, eta, informazio guztien arabera, Bordele-Hendaia atala ez da agertuko zerrenda horretan, Tolosako zatiaren mesedetan. Erabakiak ez direla hartuak jakinarazi du Maitiak, eta oroitarazi du Akitaniako Kontseiluak erabat sostengatzen duela Lapurdiko AHT bide berrien xedea. Herritargehienak ere xede horren alde daudela dio Maitiak, eta gogorarazi azken hauteskundeetan AHTaren aldeko alderdiek —horien artean, zerrenda sozialistak— jaso zuten emaitza. Horretan oinarrituz, erreferenduma egitea baztertu du.

Europa osoko xedea dela nabarmendu du. «Euskadik inbertsio handiak egin ditu, eta 2017an Frantzia eta Espainia arteko mugan ukanen dugu. Ez dio Iparraldeak borta hesten ahal hego Euskaditik etorriko zaigun trenari», azaldu du Maitiak.

Ipar Euskal Herrian, Donibane Garazi eta Baiona arteko trenbidea berritzearen alde dagoela jakinarazi du. Lanen lehen atala, Baiona eta Kanbo artekoa, bukaturik dago. Heldu den urtean bukatuko dute azken atala. Elektrizitatea baliatzearen aldekoa dela erran du, nahiz eta erabaki hori zalantzan dagoen oraindik.

Hizkuntza politika

Aurrekontuari eutsiz

Frantziak 120.000 euro gutxiago jarriko ditu aurten EEPren aurrekontua osatzeko. EEPren estatutuek argi diote Akitaniak, Kontseilu Nagusiak eta estatuak ekarpen bera egin behar dutela. Estatutu horiek partaide baten ekarpena goratzeko edo bertzeena apaltzeko erabil daitezkeela gogoratu du Maitiak. Estatuaren ekarpena emendatzearen alde dago, baina hitzarmen bat beharko litzatekeela gaineratu du.

Apaltzea zailtasun ekonomikoarengatik izan dela dio, eta azaldu du ez duela eraginik ukanen aurrekontuen osaketan. Eusko Jaurlaritzak ere abantzu 57.000 euro apaldu du ekarpena. Hala ere, aurtengo aurrekontuak 20.000 euro emendatuko direla jakinarazi du Maitiak, iazko erreserbei esker. Erreserba hori burutu ez diren egitasmoaren ondorioa da. Datozen urteari begira, zailtasun ekonomikoak handiagoak izanen direla dio Maitiak. «Aurtengoarekin has gaitezen».

PS

Ustelkeria politikoa jomugan

«Gertakari batzuk izan dira, eta, partikularki, Cahuzacen gezurrak. Sozialisten artean, bertze taldeetan bezala gertatzen dira ustelkeria kasuak». Sozialisten presioei esker, hainbat kasu argitu direla dio, eta eskuindarrek gauza bera egin behar dutela. «Badira Justiziaren aitzinean ez direnak eta iruzur handiak egin dituztenak. Justiziak egin beza bere bidea».

Karguen metaketa

Ondasunak aitortzearen alde

Ardura politikoak ez metatzearen alde da Maitia, nahiz eta bertze kargu anitz dituen horren ondorioz; bertzeak bertze, mendi aldeko eskualdeen elkargoko presidentea. Bere ondasunen zerrenda publikoa egiteko prest agertu da Maitia. «Fite egina izanen zen, ez baitut gauza handirik». Hala ere, ez du uste aitormen publikoak argitasun handirik ekarriko diola politikari. Iruzurra egin nahi duenak horretarako bidea atzemanen duela adierazi du Maitiak, abian diren auzibideei erreferentzia eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.