AEBak espioitza datuen filtratzailea auzibidean paratzea aztertzen ari dira

Etxe Zuriak Segurtasun Nazionalerako Agentziaren jardueren legezkotasuna defendatu du

Mikel Rodriguez -

2013ko ekainak 12
Ezkutuko agirien eta jardueren filtrazioak arazo iturri bihurtu dira Barack Obama AEBetako presidentearentzat. Lehenik, Wikileaks eta Bradley Manning soldaduaren kasua, eta, ondoren, Associated Press agentziari ezarritako zaintza argitaratuta, zelata elektronikorako Prism programaren auzia kudeatu beharrean da orain. AEBetako hedabideen arabera, NSA Segurtasun Nazionalerako Agentziaren espioitza jardueren filtrazioa egin duen langilea auzibidean paratzea aztertzen ari da Justizia Departamendua. Edward Snowden 29 urteko gizonezkoak Hong Kongetik (Txina) jakinarazi zuen filtrazioa berak egin zuela; herenegundik ezkutatuta dago.

Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak ez zuen argibide anitzik eman nahi izan atzo egindako agerraldian. Snowdenen inguruan ikerketa bat abian dagoela adierazi zuen, eta azalpenak Justizia Departamentuak emanen dituela. Obamak aitzineko egunetan errandakoa defendatu du Carneyk: hau da, gobernuak legedia errespetatu duela, eta segurtasunaren eta pribatutasunaren mugen inguruko eztabaida bat egin beharko litzatekeela. «Ezin da erabateko segurtasuna, eta erabateko pribatutasuna eduki», erran zuen Obamak joan den astean.

Snowdenek The Washington Post eta The Guardian egunkariei filtratutakoaren arabera, NSAk Prism izeneko programa bat erabili du AEBetako telefono konpainia handien eta Interneteko bederatzi atari handien —Google, Facebook eta Youtube, tartean— erabiltzaileen datuak eta jarduerak eskuratzeko. NSAren ustetan «terrorismoarekin» edo espioitzarekin zerikusia izan lezaketen erabiltzaile atzerritarrak lirateke zelatatutakoak. NSAk Atzerriko Inteligentziaren Zaintzarako Auzitegi sekretuaren agindu batekin lortuko luke enpresa horiei zelatarako legezko eskakizun bat egitea. Enpresa horiek ukatu egin dute halako eskaerarik jaso izana.

Googlek, gainera, AEBetako Gobernuak segurtasun nazionalaren izenean eskatutako datu kopurua argitaratzeko baimena eskatu die Eric Holder Fiskal Nagusiari eta Robert Muller FBI Ikerketa Federalerako Bulegoko zuzendariari. Interneteko konpainiaren arabera, datuak argitaratuz gero ikusiko da gobernuak eskatutako kopurua Snowdenek filtratutakoa baino «anitzez baxuagoa» dela; Googleren arabera, horrek erakutsiko luke ez dela zelata masiborik egon.

Obamaren administrazioak Patriot Act legean oinarritzen du NSAren jarduera. 2001eko urrian onartu zuen Kongresuak, terrorismoaren definizio zabalagoa ezarri eta segurtasun agentzien jarduerari legezko mugak malgutzeko. Alderdi Demokratak ez ezik, Alderdi Errepublikanoak ere defendatu du NSA. John Boehner Ordezkarien Ganberako presidentearen arabera, Snowden «traidore bat» da, eta «estatubatuarrak arriskuan» paratu ditu NSAren jarduera agerian utziz. Bi alderdietako zortzi senatarik, baina, lege proposamen bat aurkeztu dute, gobernua behartu dezan argitzera Patriot Act-a nola interpretatzen duen eta auzitegi sekretuak nola jarduten duen.

Europan ere eztabaida sortu du auziak, milioika europar NSAren zelatapean egon daitezkeelako, eta Erresuma Batua, Herbehereak eta Belgika ere Prism programarekin lotu dituztelako. Filtratutakoaren arabera, Alemania da NSAk gehien zelatatu duen Europako herrialdea. Obama hurrengo astean elkartzekoa da Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin Berlinen.

Errusia eta Txina

Auziak sortu duen zalaparta ez zaio oharkabean pasatu Errusiari, Dmitri Peskov gobernuko bozeramaileak adierazi baitu Snowdenek asilo eskaera eginez gero, aztertzeko prest leudekeela. «Gertaeren bilakaeraren arabera jokatuko dugu».

Snowdeni Txinan galdu zaio arrastoa, eta hori kezka iturria ere bada AEBetako Gobernuarentzat. Alde batetik, Txinako zerbitzu sekretuekin harremanik izan ote duen du kezketako bat; bertzetik, Hong Kongek estradizio akordio bat badu AEBekin, baina Pekinek hori trabatzeko ahalmena eduki lezake. Xi Jinping Txinako presidentea Obamarekin elkartu zen asteburuan, baina Carneyren arabera ez ziren gaiaz mintzatu.

Booz Allen Hamilton aholkularitza enpresako langilea zen Snowden, elektronika arloan —atzo eten zioten kontratua—. NSAk kontratatutako enpresetako bat da Booz Allen Hamilton, eta horren bidez lortu zuen informazio sekretua. Enpresa pribatuek informazio sekretua eskuratzeko duten eskumenak eztabaida sortu du AEBetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna