Kutxek bankuen kontrola galdu ezean, legea gogortzeko eskatu du Draghik

Banku-fundazioen legea ontzat hartu du, baina ez du argi balioko duen kutxei bankuen jabetza osoa kentzeko

Iker Aranburu.
2013ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak banku fundazioaren legearekin BBK, Kutxa eta Vital Kutxari emandako arinduak gutxi irauteko arriskua du. Lege horrekin, Madrilek aukera eman zien hiru kutxei Kutxabanken jabetza osoari eusteko, baldintza gogorrekin bada ere. Baina aukera hori ez du gogoko Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak, eta eskatu dio Espainiari legea alda dezala epe ertainera ez badu lortzen banku-fundazioek beren bankuen kontrola galtzea.

Hainbat hilabetez Bruselarekin negoziatzen aritu ondoren, ekainean onartu zuen legegaia Espainiako Gobernuak, eta urtea amaitu aurretik indarrean jartzea espero du. Finantza erreskatearen truke, gaur egungo sistema lurperatzeko exijitu zion Europako Batzordeak Madrili. Erreskatea arautzen duen agiriaren arabera, aurrezki kutxek bankurik ezin kontrolatzea eskatu zuen Bruselak. Lana gaizki egin eta diru publikoarekin salbatu diren erakundeak zigortzen zituen arau horrek, baina baita negozioa ongi kudeatu dutenak ere. BBK, Kutxa, Vital, Kataluniako Caixa eta Andaluziako Unicaja.

Azkenean, erdibidetik jo zuen Luis de Guindos ministroak: aukera eman zien hiru kutxei Kutxabanki eusteko —edo Caixari Caixabank kontrolatzeko—, baldin eta aurrezki kutxa izateari utzi eta banku-fundazio bilakatzen baziren. Baina horrekin batera, finantza erakundeen erabateko kontrola zailtzeko baldintzez josi zuen lege proiektua. Bi hitzetan, zenbat eta jabetza handiagoari eutsi, orduan eta baldintza gogorragoak bete beharko ditu banku-fundazio batek: erreserba funts bat sortu beharko dute balizko galerak estaltzeko, arriskuak kontrolatzeko estrategia bat aurkeztu beharko dute, inbertsioak dibertsifikatu, Espainiako Bankuaren gainbegiratze zorrotza jasan, fundazioko eta bankuko goi karguak erabat banandu...

Draghiren erantzuna

Espainiako Gobernuak Europako Banku Zentralaren iritzia eskatu zuen lege proiektuari buruz, eta aste honetan iritsi da erantzuna. Oro har, ontzat jo du Mario Draghik, eta finantza erreskatearen baldintzekin bat dagoela esan du. Baina argi utzi du ere lege bat egoteak ez duela berez hura betetzen dela egiaztatzen. Hau da, agian ez duela lortuko haren helburua, bankuen kontrola kutxei kentzea. «Denbora beharko da ikusteko lege proiektuaren pizgarriak zein neurrirano diren gai epe luzean banku fundazioek kreditu erakundeetan duten kontrolezko parte hartzeak desinbertitzeko».

Horregatik, beharrezkoa bada, legea aldatzeko prest egon dadila eskatu dio Draghik Espainiari: «Behin indarrean dagoela, erreformaren eraginkortasuna zorrozki kontrolatu beharko dituzte [Espainiako] agintariek, eta, beharrezkoa balitz, prest egon beharko dute prozesua berrikusteko». Modu ulergarriagoan esanda, erreformak ez badu lortzen banku fundazioek beren parte hartzeak txikitzea, are baldintza gogorragoak jarri beharko zaizkie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.