Azawadeko Tonbuktu hirira ailegatu dira Frantziako eta Maliko armadak

Kidal da militarren hurrengo helburua; MLNA taldeak adierazi du islamistak handik bota dituela

Mikel Rodriguez -

2013ko urtarrilak 29
Duela astebete, Maliko militarrek otsailerako agindu zuten Azawadeko hiri nagusiak berriz ere kontrolpean hartzeko erasoaldia, baina hila bukatzerako Frantziako tropekin batera helburuaren zati bat betetzea lortu dute. Asteburuan Gao hartu ondotik, atzo Tonbuktu hiri historikoan sartu ziren. Tonbuktu kontrolatuz gero, ipar-ekialdeko Kidal da hartzeko falta duten hiri nagusia. Kidaletik etorri da, hain zuzen, ezusteko berria, MLNA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionalak hiri hori berreskuratu duela adierazi baitu, gerrillari islamistak handik bidalita.

Tonbuktu hartzeko operazioa goizaldean hasi zuten. Frantziako 200 bat paraxutistek aireportua eta hirira daramaten bide nagusiak hartu zituzten, «tiro bakar bat bota gabe», Thierry Burkhard koronelaren arabera. Frantziako hedabideek nabarmendu dutenez, paraxutistek 1978tik lehenbiziko aldiz jauzi egin dute gerra gune batera. Parisek esku hartzea hasi zuenetik, Frantziako ordezkariek behin baino gehiagotan azpimarratu nahi izan dute xedea soilik Maliko armadari laguntzea dela, eta hiriak hartu dituztenean protagonismoa hari eman nahi izan diote. Tonbuktuko aireportua eta bide nagusiak hartzeko operazioan parte hartu duten soldadu kopuruak, ordea, bertzelakorik erakusten du: Frantziakoak 1.000 inguru izan dira, eta Malikoak 200 inguru —Burkhard koronelak berak eman du datua—. Gainera, Frantziako hegazkinek asteburutik egin dituzte bonbardaketak Tonbuktu inguruan.

«Erabat askatu» gabe

France24 kateko berriemailea Frantziako tropekin sartu zenTonbuktun. Haren arabera, «ia biztanle guztiak» atera ziren militarrei ongi etorria ematera. Inongo borrokarik gabe sartu zirela jakinarazi zuen berriemaileak. Jean-Yves le-Drian Frantziako Defentsa ministroak iluntzean zehaztu zuen, ordea, Tonbuktu ez zutela «erabat askatuta», baina operazio militarra «bide onean» zihoala. Militarren ustez, gerrillari islamistak herritarren artean gordeta egon zitezkeen.

Halle Ousmane hiriko alkatearen arabera, islamistek Ahmed Baba Institutuari su eman diote, eta balio historiko handiko milaka eskuizkribu erre dituzte. Ousmane, ordea, Bamakon dago, eta Tonbuktutik jasotako deiak aipatu ditu iturritzat. Shamil Jeppie Tonbuktuko Eskuizkribuen Proiektuko zuzendariak ezin izan du gertaera berretsi.

François Hollande Frantziako presidentea pozik agertu da Gao eta Tonbuktu hartu ondoren. «Borroka hau irabazten ari gara». Eta hurrengo helburua argi utzi du. «Maliren iparraldea terroristen kontrolpean dago oraindik. Afrikarren lana izanen da Malik lurralde batasuna berreskuratzea». Beraz, nahiz eta erabaki zehatzik ez jakinarazi, iparralderanzko erasoaldiaren ekimena afrikarren esku uzteko asmoa agertu du. Txadeko eta Nigeriako tropak atzo sartu ziren Gaon.

Iparraldean dagoen helburu nagusia, hain zuzen, Kidal da, Aljeriako mugatik gertu. MLNAko Atzerri Harremanetarako eledunak Saharamedia Mauritaniako agentziari adierazi dionez, Kidal eta Tensoutyin hiriak kendu dizkiete islamistei, eta hegoalderago jo dute, Menaka hartzeko asmoz (Nigerko mugatik hurbil).

MLNA, islamistak eta Paris

Joan den astean Ansar Dinetik bereizitako talde batek Kidal eta Menaka kontrolpean zituela aldarrikatu zuen, eta elkarrizketarako deia egin zion Parisi. Herenegun, berriz, Frantziako hegazkinek Kidal bonbardatu zuten. Esku hartzea hasi zenean, MLNAk elkarlanerako deia egin zion Frantziari, Maliko armada Azawaden ez sartzearen truke, baina Parisek ez zion erantzun.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna