Danele Sarriugartek irabazi du Igartza saria, 'Mamuak' nobela proiektuarekin

Istorioak kontatzen du nola bikotekideak utzi duen emakume batek, obsesiboki, bere izaera berraztertzen duen

Danele Sarriugarte, atzo, Beasaingo Igartza jauregian, sariak emateko ekitaldian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Danele Sarriugartek (Elgoibar, 1989) irabazi du Igartza literatur saria, idazle gazteak hauspotzekoasmoz urtero Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatzen dutena. Uxue Alberdik, Igor Estankonak eta Xabier Etxeberriak osatutako epaimahaiak hamabi lanen artean egin behar izan du aukeraketa, eta, azkenean, aho batez hartu du Sarriugarteren Mamuak eleberri proiektua saritzeko erabakia. Hala, 6.000 euroko diru laguntza jasoko du elgoibartarrak, erdia orain, eta gainerakoa behin lana osaturik duenean.

Bi urteko bikote harreman baten amaierarekin hasten da istorioa. Gizonak emakumea uzten du, eta hark, ezinegonez, bakarrizketa eternala hasten du. Harremanari begiratu bat ematen dio, jakin nahirik zein arrazoi dela medio heldu den puntu horretara, eta, segidan, ingurukoekin dituen hartu-emanak ere aztertzen ditu, bere buruari itauntzen diolarik non dagoen hutsa, zerk eragozten dion harreman funtzionalak edukitzea. «Bere izaera baldintzatzen duten mamuei bueltaka ari da, eta hortik atera dut izenburua», azaldu du Sarriugartek. Haren ustez, gisa horretako egoeretan jende askok du «autotorturatzeko joera», eta obsesiboki idazten duten zenbait autore gustuko dituenez, bera ere halaxe egiten saiatu da.

Miren Agur Meaberean Bitsa eskuetan poema liburutik atera ditu hala idazpurua nola hasierako aipua (Hona hemen nire ile gorria / mamu tematien kukuleku), «istorioko ideia ezin hobeto biltzen zutelako». Badira, ordea, testuan zehar kultur erreferentzia gehiago ere, pertsonaia nagusia «jantzia» denez gero. «Barne psikologiak nola lan egiten duen erakusteko erabili ditut aipuak, protagonista obsesiboa eraikitzeko beste tresna baten gisara. Pentsatzen du: 'hau gertatu zait, beste hari bezala'. Bete nahi ditugun asmo asko imajinarioak dira, zinematik, liburuetatik, musikatik datoz. Ez ditugu sinesten, baina, une berean, esaten dugu, 'nik zergatik ez daukat hori?'».

Narratiba intentsoa

Gaiari egokitutako estiloa erabili du Sarriugartek, eta, hortaz, elkarrizketek toki gutxi izango dute monologo luzearen aldean. Dioenez, irakurleari soilik narratzailearen ikuspuntua helaraztea interesatzen zaio, eta inguruan dabilzkion pertsonaien ahotsa sartzeak ikuspuntu bakar eta partzial hori zapuztuko luke. Bestalde, intentsitate handiko idazkeraren aldeko hautua egin du, hori delako gustuko dituen autore batzuen ezaugarrietako bat. «Uste dut bizitzan horrelakoa izatea nekagarria eta osasunarentzat kaltegarria dela, baina helburu estetikoetarako ezin hobea iruditzen zait, eta torlojuak apur bat estutuz lor daiteke», azaldu du.

Mamuak, ondo bidean, 2014 hasierarako argitaratuko da. Goiatz Labandibar iazko irabazlearen lana, ostera, datorren martxoan da kaleratzekoa. Interrail deitu dio, eta Europako hirietan girotutako istorioak biltzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.