Danele Sarriugartek irabazi du Igartza saria, 'Mamuak' nobela proiektuarekin

Istorioak kontatzen du nola bikotekideak utzi duen emakume batek, obsesiboki, bere izaera berraztertzen duen
Danele Sarriugarte, atzo, Beasaingo Igartza jauregian, sariak emateko ekitaldian.
Danele Sarriugarte, atzo, Beasaingo Igartza jauregian, sariak emateko ekitaldian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Kepa Matxain -

2012ko irailak 14
Danele Sarriugartek (Elgoibar, 1989) irabazi du Igartza literatur saria, idazle gazteak hauspotzeko asmoz urtero Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatzen dutena. Uxue Alberdik, Igor Estankonak eta Xabier Etxeberriak osatutako epaimahaiak hamabi lanen artean egin behar izan du aukeraketa, eta, azkenean, aho batez hartu du Sarriugarteren Mamuak eleberri proiektua saritzeko erabakia. Hala, 6.000 euroko diru laguntza jasoko du elgoibartarrak, erdia orain, eta gainerakoa behin lana osaturik duenean.

Bi urteko bikote harreman baten amaierarekin hasten da istorioa. Gizonak emakumea uzten du, eta hark, ezinegonez, bakarrizketa eternala hasten du. Harremanari begiratu bat ematen dio, jakin nahirik zein arrazoi dela medio heldu den puntu horretara, eta, segidan, ingurukoekin dituen hartu-emanak ere aztertzen ditu, bere buruari itauntzen diolarik non dagoen hutsa, zerk eragozten dion harreman funtzionalak edukitzea. «Bere izaera baldintzatzen duten mamuei bueltaka ari da, eta hortik atera dut izenburua», azaldu du Sarriugartek. Haren ustez, gisa horretako egoeretan jende askok du «autotorturatzeko joera», eta obsesiboki idazten duten zenbait autore gustuko dituenez, bera ere halaxe egiten saiatu da.

Miren Agur Meaberean Bitsa eskuetan poema liburutik atera ditu hala idazpurua nola hasierako aipua (Hona hemen nire ile gorria / mamu tematien kukuleku), «istorioko ideia ezin hobeto biltzen zutelako». Badira, ordea, testuan zehar kultur erreferentzia gehiago ere, pertsonaia nagusia «jantzia» denez gero. «Barne psikologiak nola lan egiten duen erakusteko erabili ditut aipuak, protagonista obsesiboa eraikitzeko beste tresna baten gisara. Pentsatzen du: 'hau gertatu zait, beste hari bezala'. Bete nahi ditugun asmo asko imajinarioak dira, zinematik, liburuetatik, musikatik datoz. Ez ditugu sinesten, baina, une berean, esaten dugu, 'nik zergatik ez daukat hori?'».

Narratiba intentsoa

Gaiari egokitutako estiloa erabili du Sarriugartek, eta, hortaz, elkarrizketek toki gutxi izango dute monologo luzearen aldean. Dioenez, irakurleari soilik narratzailearen ikuspuntua helaraztea interesatzen zaio, eta inguruan dabilzkion pertsonaien ahotsa sartzeak ikuspuntu bakar eta partzial hori zapuztuko luke. Bestalde, intentsitate handiko idazkeraren aldeko hautua egin du, hori delako gustuko dituen autore batzuen ezaugarrietako bat. «Uste dut bizitzan horrelakoa izatea nekagarria eta osasunarentzat kaltegarria dela, baina helburu estetikoetarako ezin hobea iruditzen zait, eta torlojuak apur bat estutuz lor daiteke», azaldu du.

Mamuak, ondo bidean, 2014 hasierarako argitaratuko da. Goiatz Labandibar iazko irabazlearen lana, ostera, datorren martxoan da kaleratzekoa. Interrail deitu dio, eta Europako hirietan girotutako istorioak biltzen ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna