Cronenberg, Godard, Hazanavicius eta Egoyan, Urrezko Palmaren lehian

Cannesko Zinemaldia bihar hasiko da, 'Grace of Monaco'-rekin, eta hilaren 25era arte egingo da

Marcello Mastroianni da aurtengo kartelaren irudia. SEBASTIEN NOGIER / EFE.
Agentziak
Cannes
2014ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Jean-Luc Godard, David Cronenberg, Dardenne anaiak, Michel Hazanavicius, Ken Loach, Atom Egoyan, Naomi Kawase, Olivier Assayas, Mike Leigh.... Cannesko Zinemaldiak izen ezagun eta laudatuen aldeko apustu garbiarekin ekingo dio bihar bere 67. ekitaldiari. Hilaren 25era bitartean egingo da jaialdia, eta hemezortzi film lehiatuko dira sari preziatuena, Urrezko Palma, eskuratzeko. Aurten egun bat lehenago jakinaraziko dute zinemaldiaren palmaresa —larunbatez—, bat ez etortzeko Europako hauteskundeekin.

Hasi, estreinatu aurretik ere polemika piztu duen film batekin hasiko da jaialdia, Olivier Dahanek zuzendutako Grace of Monaco-rekin. Grace Kellyren inguruko biopic-a —Nicole Kidman protagonista duela— ez zaio gustatu aktore eta Monakoko printzesaren familiari, eta, horri esker, begirada guztiak filmean daude jarrita, nahiz eta lehiaketatik kanpo emango duten. Dahanek badaki zer den fim biografiko bat egitea, Edith Piafena ere egin baitzuen 2007an (La vie en rose).

Lehia, berriz, Olivier Assayasek abiatuko du, Clouds of Sils Maria-rekin, antzerkiaren eta bizitzaren gaineko gogoeta egiten duen filmarekin. Cannesen izango diren zuzendarien artean, batzuek ondo ezagutzen dute munduko zinema jaialdi garrantzitsueneko alfonbra gorria. David Cronenberg lau aldiz lehiatu da han, eta behin baino ez dute saritu: Crash-i Epaimahaiaren Sari Nagusia eman zioten, 1996an. Aurten, Map to the Stars-ekin lehiatuko da. Julianne Moore, Carrie Fisher, Robert Pattinson eta John Cusack dira filmeko aktore nagusiak.

Dardenne anaiek, berriz, bitan irabazi dute Urrezko Palma; Rosetta-rekin aurrena, 1999ean, eta L'Enfant-ekin ondoren, 2005ean. Aurten Deux jour, une nuit daramate zinemaldira, lan munduan girotutako drama.

Atom Egoyanek Captives aurkeztuko du, eta Ken Loachek, Jimmy's Hall, zinema politikorako itzulera ekarriko duen filma. Mike Leighek, berriz, Mr. Turner estreinatuko du Cannesen,J.M.W. Turner XIX. mendeko margolariaren biografia. Film hauek osatuko dute sail ofiziala: Saint Laurent (Bertrand Bonello), Winter Sleep (Nuri Bilge Ceylan), Mommy (Xavier Dolan), Adieu au langage (Jean-Luc Godard), The Search (Miche Hazanavicius), The Homesman (Tommy Lee Jones), Still the Water (Naomi Kawse), Foxcatcher (Bennett Miller), Le meraviglie (Alice Rohrwacher), Timbuktu (Abderrahmane Sissako), Relatos salvajes (Damian Szifron) eta Leviathan (Andrey Zvyagintsev).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.