Alliot-Marieren alderdiak ez ditu kontabilitateari buruzko arauak errespetatu

Jaso emaitzen iturriak «egiaztatu ezinak» direla dio finantza politikoak kontrolatzen dituen batzordeak

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2014ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Michele Alliot-Marie (UMP) Donibane Lohizuneko (Lapurdi) hautetsi eta Frantziako ministro ohi izandakoaren alderdiak ez ditu kontabilitateari buruzko arauak errespetatzen. Emaitzen iturriak eta kontuko goiko mugaren errespetua «egiaztatu ezinak» direla dio finantza politikoez eta kanpainarako kontuen kontrolaz arduratzen den batzarrak. Le Chene deitu alderdiaren kontuetan diren itzalgune horien berri eman zuten herenegun Frantziako Aldizkari Ofizialean.

Batzarrak jakinarazi duenez, «behin baino gehiagotan» xehetasunak galdetu dizkiete alderdikoei, baina inoiz ez dute erantzunik jaso. «Ezin izan dugu segurtatu alderdiaren kontabilitateak modu zuzenean zehazten zituela bere mandatariaren kontuak». Atlantico komunikabidean irakur daitekeenez, alderdiko ordezkariek diote «kontabilitateari loturiko huts txiki bat» dela. Errekurtsoa jarri dute, falta diren informazioak pasarazteko asmoarekin.

2006 urtean sortu zuen Alliot-Mariek alderdia, «gaullismoari loturiko balioak defenditzeko helburuarekin». Alderdi eskuindarra da, UMPri lotua. Ez da lehen aldia diru desbideratze afera batzuei lotua dela hautetsia. Azkena, ekainaz geroz dabiltza Parisko hiru epaile inkesta bat eramaten. Orotara, 200.000 euroren desbideratzea leporatzen diote. Haren aita Bernard Marieren esku den Chantaco luxuzko hotela eta Donibane Lohizuneko turismo bulegoari loturiko elkarte batzuen arteko diru trukeak ikertzen ari dira.

Europako bozketetan buru

Europako bozketetarako UMPko zerrendaburu izendatu zuten Alliot-Marie asteartean. Akitania, Limousin, Languedoc-Roussillon, Midi-Pyrenees eta Poitou-Charentes eskualdeentzako hautagaitza izanen da. Gaur egun bertako Europako diputatua den Alain Lamassourre Ile-de-France eskualdean aurkeztuko da. Nahiz eta erabakia jakin aitzin tentsioduna izan bien arteko harremana, azkenean biak pozik agertu dira harturiko erabakiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.