Sandinistek argi irabazi dituzte Nikaraguako udal hauteskundeak

Lehenbiziko emaitza ofizialen arabera, bozkalekuen %56 zenbatuta botoen %83 lortu ditu FSLNk

Erredakzioa
2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Hauteskunde Batzorde Gorenak emandako lehen datuen arabera, FSLN Askapen Nazionalerako Fronte Sandinistak argi irabazi ditu Nikaraguako udal bozak. Hauteskunde mahaien %56 zenbatuta, botoen %83 lortu dute sandinistek. 153 udaletatik 127tan nagusitu da lehen zenbaketan. Bigarren alderdia, PLI Alderdi Liberal Independentea urruti dago, botoen %16 ingururekin —26 udalerritan da lehenbiziko indarra—. Parte hartzea %57koa izan dela jakinarazi du Hauteskunde Batzorde Gorenak, baina hori behin-behineko datua da. Azken legegintzaldian 109 udalerritan agindu du FSLNk, eta orain posizio hori sendotzea lortu du.

23.000 poliziak eta militarrek zaindu dituzte bozkalekuak, eta, oro har, egun lasaia izan dela erran dute indar armatuetako arduradunek, eta AEE Ameriketako Estatuen Erakundeko behatzaileek. Lehenbiziko emaitzak kaleratu ondoren, ordea, zenbait udalerritan istiluak izan dira, PLI eta PLC Alderdi Liberal Konstituzionalista hirugarren indarraren jarraitzaileek ustezko irregulartasunak salatu dituztelako. Bi alderdi horiek jasotako kolpea handia izan da, PLIk udalerrien erdiak eskuratzeko erronka paratu baitzion bere buruari, eta PLCk ez du bakar batean irabazi.

Garaipen argia Managuan

FSLNren nagusitasunaren gakoetako bat Managua hiriburuan egon da berriz ere. Daysi Torres hautagaiak aisa garaitu du Alfredo Gutierrez oposiziokoa, eta bigarren legegintzaldia eginen du jarraian. Lehenbiziko datu ofizialen arabera, ia 260.000 boto eskuratu ditu Torresek, eta 30.000 inguru Gutierrezek. 5,5 milioi biztanle inguru ditu Nikaraguak, eta horietako bi milioi baino gehiago bizi dira Managuan. Sandinistek 2001etik agintzen dute hango udalean.

Garaipen argi horrekin, FSLN are gehiago sendotuko da. Sandinistak 2006tik daude boterean Nikaraguan. Iazko azaroan Daniel Ortega presidenteak bigarrenez irabazi zituen bozak, botoen % 62rekin; PLIko hautagaiak %31 lortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.