«Thailandiako indarkeriak etenik ez badu», esku hartuko du armadak

Bangkoken, hiru lagun hil eta 20 zauritu dira, protestarien kanpamentu baten kontrako erasoan

Erredakzioa
2014ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Esku sartze militarra gero eta hurbilago egon liteke Thailandian. Prayuth Chan-ocha armadaburuak aukera hori aipatu zuen atzo, goizaldean Bangkoken izandako erasoaren ostean. Oposizioko manifestarien kontra tiro egin zuen identifikatu gabeko talde batek demokraziaren monumentuaren aurrean altxatutako kanpamentuan. Guztira, hiru pertsona hil eta 20 bat zauritu zituzten.

M-16 fusilak eta lehergailuak erabili zituzten erasotzaileek. 21 urteko manifestari bat bularraldean tirokatu zuten eta zaintzaileetako bati zauri larriak eragin zizkioten gorputz osoan. Han hil ziren biak. Ordu gutxira, hirugarren protestaria zendu zen, ospitalean.

Erasoa gaitzesteaz gainera, armadaren esku hartzeaz ohartarazi zuen Prayuthek, Bangkok Post berripaperaren arabera: «Herrialdea kaosaren amildegitik labaintzen bada, soldaduek indarra erabiliko dute legea eta bakea bermatze aldera». Hala eta guztiz ere, armadaburuak azpimarratu du ez dutela gobernuaren kontrako estatu kolperik eman nahi —egungo lehen ministroaren neba, Thaksin Shinawatra, agintetik kendu zuten militarrek 2006an—.

Krisi politikoa

Gobernuaren kontrako protestak hasi zirenetik 28 pertsona hil eta 800 zauritu dira herrialde osoan. Izan ere, iazko azarotik ehunka mila lagun bildu dituzten manifestazioak egin ditu oposizioak, gobernuaren ministerioak eta egoitza ofizialak hartu ditu.

Ordutik, krisi politiko sakonean murgilduta dago Thailandia, batez ere, Yingluck Shinawatra lehen ministroa kargugabetu zutenetik. Hauteskunde berriak antolatzea ezinezkoa izan da orain arte: oposizioak, Demokraziaren Aldeko Mugimendu Zibilean elkartuta, Thailandiako sistema politikoa «ustelduta» dagoela salatu du, eta, bozetara deitu baino lehen, hori konpondu behar dela aldarrikatu du. «Sistema errotik aldatu behar da, hauteskundeen aurretik», esan du Suthep Thaugsuban oposizioko buruak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.